Atharratzetik Bilbora egingo dute aurten 24. Korrika eta bi alditan pasako da Tolosaldetik. Martxoaren 23an, astelehenean, 33 kilometro zeharkatu ditu eskualdean; Lizartzan sartu eta Tolosa, Ibarra, Anoeta, Irura, Villabona, Zizurkil eta Aduna pasako ditu. Bigarren txandan, martxoaren 28an, larunbatarekin izango dugu Tolosaldean; Ikaztegietatik sartu eta Alegia, Albiztur eta Bidania-Goiatzen zehar egingo du bidea.
Ordutegi zehatzak ere eman ditu AEKk:
- Martxoaren 23a, astelehena
- Lizartza 21:33
- Txarama 22:31
- Amarotz 22:35
- Tolosa 22:41
- Ibarra 22:53
- Tolosa 23:01
- Anoeta 23:20
- Irura 23:22
- Irura 23:28
- Amasa-Villabona 23:41
- Zizurkil 23:53
- Aduna 23:59
- Martxoaren 28a, larunbata
- Ikaztegieta 12:58
- Alegia 13:19
- Altzo 13:41
- Tolosa 13:47
- Albiztur 14:16
- Bidania-Goiatz 14:31
Martxoaren 19tik 29ra 2.175 kilometro eta 3.346 lekuko hartze inguru izango ditu 24. Korrikak. Ibilbidearen xehetasun guztiak webgunean eta aplikazioan egongo dira. Aurreko ediziotik hona, aplikazioa berrikuntzekin dator. Batetik, 24. Korrikaren kantarekin egin bezala, Korrika Laguntzaileek izan dira lehendabizikoak ibilbidearen berri izaten. Haiek hainbat informazio eta albiste jasotzen dituzte primizian, baita aplikazioa deskargatuta dutenek ere. Korrikak iraun bitartean, matxoaren 19tik 29ra, eguneko bideokronika bereziak eskainiko dizkiete aplikazioaren erabiltzaileei.
Ibilbideari lotuta, Korrika zuzenean jarraitzeko aukera emango du: batetik, furgonetaren geolokalizazioaren bidez, korrikalariek jakingo dute Korrika garaiz, aurrerapenez edo atzerapenez datorren; bestetik, furgonetako zuzeneko irudiak eskainiko dituzte 24 orduz.
Ohiko atalak ere baditu, jakina: Korrika Laguntzaile txartela txertatuta dakar, eta aplikazioaren baitan eramateko aukera eskaintzen du, mugikorrean bertan. Horrez gain, astero Korrika Laguntzaileen zozketak erakutsiko dira bertan.
