ELKARRIZKETA

«Euskal diasporaren festa moduko bat izango da»

Aitor Arroyo Askarai 2026ko martxoaren 22a

Marcial eta Ainhoa Agostini Zubillaga. A.A.A.

Korrika Tolosako Olarrain auzotik pasatzean Argentinako euskal diasporak hartuko du lekukoa; Argentinako hainbat euskal etxek lagunduta antolatu dute ekimena Marcial eta Ainhoa Agostini Zubillaga anai-arrebek.

Korrikaren lekukoa Argentinako euskal diasporak hartuko du Alegiatik Albizturrera bidean. Egurrezko ikonoa esku artean eramatetik harago, aspaldi hartu zuten euskararen erreleboa Marcial eta Ainhoa Agostini Zubillaga (Necochea, Argentina, 1987 eta 1994) anai-arrebek. 1.000 metro horietan diaspora ikusarazteaz gain, itsasoaren beste aldetik ekarritako Argentinako bandera bat ere eramango dute, hango euskal etxeetako sinaduraz eta mezuz beteta. Hitzordua anaiarekin eginda ere, gerora arreba ere azaldu da, eta bien artean kontatu dute, besteak beste, korrika.argentina Instagram kontuan ari direla ekimenaren berri ematen.

Zein lotura duzu Euskal Herriarekin?

 

Marcial Agostini: Necocheakoa naiz, Argentinakoa. Buenos Aires probintziaren hegoaldean dago, Buenos Airesetik 600 kilometrora gutxi gorabehera, kostaldean. Nire amaren familia hemengoa zen, Hernanikoa. Aiton-amonak Argentinara joan ziren, hona itzuli ziren ama hemen jaio zedin; gero bueltatu ziren Argentinara eta... hortik aurrera familia guztia Argentinan hazi da.

Ni etorri nintzen hona duela bost urte. Berez, hilabete baterako zen, euskara ikasteko; eta hemen jarraitzen dut [barrez]. Gustura nengoela-eta, geratzea erabaki nuen.

Euskararekiko lotura, hortaz, familiatik datorkizu?

Marcial: Bizitza osoan ibili naiz euskal etxe batean; txikitan, batez ere, dantza taldean-eta... Duela 22 urte, 2004an, truke batean hartu nuen parte. Oso arrakastatsua zen: ia 100 gazte etorri ziren gure euskal etxera hamabost urtetan. Eta ni bi alditan etorri nintzen hona.

Amak ere ikasi zuen etxean, baina guk ja ez. Zertxobait-zertxobait ikasi genuen, baina oinarrizkoena bakarrik. Euskal etxean ere pixka bat gehiago... Horrela aritu gara beti. Truke proiektu hartan sei edo zazpi etortzen ziren, eta haien artean euskaraz egiten zuten, noski; baina, gurekin, erdaraz. Egoera hartan erabaki nuen benetan ahalegina egin behar nuela.

Eta nola ikasi duzu zuk euskara?

Marcial: Necocheatik La Platara joan nintzen ikastera, eta unibertsitatean bazegoen Etxepare Institutuaren irakurletza bat. Bertan hasi nintzen euskara ikasten, eta gero sartu nintzen Etxepareren Euskara Munduan programan.

Hainbat herritar Necochean, Korrikan parte hartzen. M. A.

Horrez gain, urtero egiten da Argentinan euskal astea. Mugitzen gara, gauzak antolatzen ditugu... Eta, normalean, antzeko jendea izaten gara. Izatez, La Platan Korrika guk antolatzen genuen. Necochean, adibidez, lehena 2005ean egin zen, eta hortik aurrera guztiak ospatu dira.

Argentinako La Plata hirian ere antolatzen dute Korrika, eta parte hartzen dute han jaiotako zein bertara joandako euskaldunek. MARCIAL AGOSTINI

Aurten hemen zerbait egin nahi genuen; hasieran, gure artean eta beste zenbait lagunekin. Baina pixkanaka jende gehiagorengana zabaldu da. Azkenean, gure euskal etxeak ere gonbidatu ditugu, eta sekulako harrera izan du: kilometroa hartzen lagundu digute. Uste dut hori egiten den lehen aldia dela —Argentinatik gutxienez—.

Alegian nork hartuko duzue Korrikako lekukoa?

Marcial: Argentinatik etorritako lagunak eta hemengoak ere elkartuko gara. Asko Argentinara joan eta euskal etxeetan egondakoak dira; eta beste batzuk hemen ezagutu ditugu. Batzuk Bizkaian bizi dira, beste batzuk Nafarroan... Elkartzeko aukera emango digu.

Normalean sinbolikoki-eta egiten dira elkartasun keinuak; eta handik ere ekarpena egitea polita eta berezia iruditzen zait. Euskal etxeen arteko kontua izan da, eta parte hartuko dute Necochea, Chascomus, Laprida, La Plata, Rosario, Bahia Blanca, Buenos Aires eta agian Tandil hirietakoek. Momentuz gure artean eta hango euskal etxeen laguntzarekin ordaindu dugu kilometroa.

Zer esan nahi du zuentzat Korrikan parte hartzeak?

Marcial: Korrika oso berezia da. Ez da gure lehen aldia izango. Ainhoak eraman zuen lekukoa 2015ean ere.

Ainhoa Agostini: Hori da, Idiazabalen. Barnetegia egitera etorri ginen eta gero geratu egin nintzen, Korrika zela-eta. Aprobetxatu eta aukera izan genuen parte hartzeko. Lagun bat Idiazabalgoa da, eta hark eskaini zidan... Ufa. Sekulakoa izan zen, zoragarria.

Marcial: Orokorrean Korrika bera da berezia; oso berezia. Azken bietan hartu dut parte hasieran eta bukaeran, eta... Iskina batean zaude, bat-batean agertzen da, barruan egiten dituzu minutu batzuk, eta joan egiten da. Oso arraroa da, eta, aldi berean, berezia; zentzu onean esaten dut. Hemengoak agian ohituta egongo zarete, eta bi urtean behineko kontu bat besterik ez da izango zuentzat. Baina oso-oso berezia da; munduan ez dago halakorik. Askotan ez du ematen, jendea ez delako momentu berean leku bakarrean elkartzen, baina oso masiboa da.

Argentinan ere egiten da zerbait, baina ez dira berdinak hemengo asmoak zein gaitasunak eta hangoak. Hangoa gehiago da euskara eskoletatik kalera ateratzeko, aitzakiaren bat bilatzea elkartzeko... Sinbolikoagoa edo da, nolabait. Dena dela, polita izaten da. Normalean joaten den jendea ez da erabat euskalduna izaten, baina euskararen alde lan egin nahi izaten du; eta eskertzekoa da.

Nola sortu zen Korrikan Argentinako euskal diasporako kideak elkartzeko ideia?

Ainhoa: Askotan izaten dugu asmoa eta ilusioa planak egiteko, elkartzeko... Honek aukera ematen zigun horretarako, eta gainera euskararen inguruan. Aukerak aztertzen hasi ginen eta posible zela ikusi genuen. Pixkanaka martxan jarri eta lagunak gonbidatu genituen, eta azkenean euskal diasporaren festa moduko bat izango da.

Marcial: Oso aitzakia polita da elkartzeko eta hemen gaudela jakitera emateko. Ez dakit zenbat izango garen egunean bertan: hogeita piko, berrogei... Baina gutxiago bagara ere, berdin du; kontua elkartzea eta parte hartzea da. Gainera, guztiok edo asko —behintzat— izan gara AEKren ikasleak. Ekarpena egitea ere garrantzitsua iruditzen zaigu.

Bestalde, oso ondo dago Argentinan egiten dena, eta Korrikak han ere presentzia handitzeko balioko du hemengoak. Euskal etxe askok esan dezakete guk egingo duguna haien kilometroa dela, eta horrekin ere lan egin dezakete: zuzenean ikusi, ospatu...

Ainhoa: Hor badago beste kontu berezi bat ere. Bandera bat egin zuten, eta lau euskal etxetan aritu dira sinatzen eta mezu batzuk idazten. Milaka kilometro egin ditu, iritsi da eta kilometroan zehar eramango dugu. Horrek ere balioko du han egiten dena hemen zabaltzeko. Bi norabidetan egiten du, azkenean, ekarpena.

Marcial: Necocheatik Rosariora joan zen; gero, Buenos Airesera, La Platara... Eta azken unean moldatu gara hona ere irits dadin.

Lekukoa hartzen duzuen unea nolakoa aurreikusten duzue?

Marcial: Argentinarrok ez ditugu hainbeste planeatzen gauzak [barrez]. Asmoa da oso irekia izatea, eta azken unean gehitzen den jendea ongietorria izango da.

Argentinako diasporan zein egoeratan sumatzen duzue euskara?

 

Marcial: Presentzia handitzen ari dela esango nuke; betiere, euskal etxeen inguruan-eta esan nahi dut. Gure euskal etxeak 82 urte ditu; sortu zen garaian migrazioa handia zen, eta euskaldun asko ziren. 2.000. urterako euskaldun gehienak adinekoak edo helduak ziren, eta momentu horretan hasi ziren eskolak ematen, irakasleak hezi eta euskara klaseak bertan emateko.

Argentinako euskara irakasleak, esango nuke, argentinarrak direla guztiak. Badaude kanpoko pare bat Etxepareko irakurletzetan, baina bestela han ikasi dute guztiek, eta hutsetik hasi dira ikasten.

Ainhoa: Gure euskal etxean duela hogeita piko urte bi gaztek hartzen zuten parte programa honetan. Gaur egun hamar eta hogei lagun artean izango dira. Euskaldun berri batzuk, maila altuko batzuk, hainbeste ez dakitenak... Denetik dago. Eta euskal etxe askotan ere gertatzen da.

Marcial: Urtero egiten da euskal astean mintzodromo bat. Duela hamar urte egin zen Necochean, eta ehun pertsona bildu ginen euskaraz hitz egiteko. Guretzat ere sorpresa handia izan zen. Presentzia handitzen ari dela esango nuke. Euskara taldeak ere handitzen ari dira, harrera hobea da, kartel gehiago daude euskaraz... Alde horretatik nabaritzen da, behintzat, euskal etxeetan.

Hemen harritu al zaituzte zerbaitek?

Marcial: Nire lehen aldian gogotsu etorri nintzen: gehiago jakin nahi dut, ikasi... Orain, ordea, ez dut jarrera bera nabaritzen Argentinatik etorri diren zenbait lagunengan. Ez dute ikasteko behar hori sentitzen. Eta hori ikaragarria iruditzen zait; zentzu txarrean. Hemen euskalduna ez izanda, behar duzu euskara lan egiteko, ikasteko... Eta asko ez dira jabetzen euskarari esker zenbat gauza ikasiko dituzten. Pena bat dela iruditzen zait. Bizi zaitezke euskararik gabe, baina galtzen ari zara gauza pila bat.

Ainhoa: Argentinan ondokoak ulertzeko nahi eta behar horretatik hasi ginen ikasten pare bat. Segidan beste batzuk ere hasi ziren ikasten: «Guk ere ulertu nahi dugu». Eta zirkulua handitzen joan zen. Guztiak ez dira, agian, hitz egiteko gai; baina ulertzeko, gutxi gorabehera, bai. Nire ustez horregatik hazi da hainbeste Necochearen kasuan: jendeak behar hori sentitu duelako.

Oraindik euskara ikasten ari zarete?

Ainhoa: Bai, ni oraindik bai.

Marcial: Nik ere jarraitzen dut, baina gutxiago. Nire hemengo giroa ez da oso euskalduna, eta pixka bat horren bila itzuli nintzen eskoletara.

Zer dela eta?

Marcial: Bitxia da, tarteka kosta egiten zait euskaraz bizitzea, nahiz eta gai naizela sentitu. Lanean, adibidez, oso gutxi erabiltzen dut; eta lankideak Tolosakoak, Donostiakoak eta ingurukoak dira. Ohiturak aldatzea zaila da, eta haietako askok erdarara jotzen dute nirekin.

Ainhoa: Egia da euskaldunentzat ere ahalegina eskatzen duela. Agian lehenengoan ez dugu ulertzen, eta errepikatu egin behar digute. Baina askotan zuzenean erdarara pasatzen dira. Lasai, poliki eta batuan hitz eginez gero, dena ulertzen dugu. Badakigu jendearentzat esfortzua dela, baina kontuan hartu behar dute.

Marcial Agostini Zubillaga: «Euskaraz gutxiago dakitenek egiten jarrai dezaten, beste aldean euskarari eutsiko dion euskaldun bat behar dute»

Marcial: Euskaldunok esfortzua egin behar dugu besteek ere euskaraz hitz egiteko, dudarik gabe. Euskaraz gutxiago dakitenek euskaraz egiten jarrai dezaten, elkarrizketaren beste aldean euskarari eutsiko dion euskaldun bat behar dute. Askok eusten diote, baina beste askok erdarara egiten dute jauzi.

Zein mezu bidaliko nahiko zeniekete diasporako kideei?

Korrikaren une bat Necochean, Argentinan. M. AGOSTINI

Marcial: Ikas dezatela euskara. Neronek Argentinan euskaragatik ezagutu nituen gauza pila bat. Adibidez, ikasi nuen Argentinan bertan —gazteleraz gain— hizkuntza pila bat daudela; nik ez nekien. Eta euskara ikasten jakin nuen. Inguru pertsonalari buruz ere asko ikasi nuen: ezagutu nuen amona euskaraz. Elkarrizketa egitera joan nintzen irakaslea zen lagun batekin. Egun osoa pasa genuen euskaraz bere bizitzari buruz hitz egiten. Zenbait pasadizo ezagutzen nituen, erdaraz. Baina euskaraz entzutea, dena, sekulakoa izan zen.

Euskarari esker jende asko ezagutu dut, hemen eta baita Argentinan ere. Komunitatera gerturatzeko aukera ematen dizu euskarak. Erabilgarritasun orokorragatik, agian, ez du ematen garrantzitsua denik; baina Euskal Herrian, bada.

 

Ainhoa Agostini Zubillaga: «Beti gomendatzen diet lagunei euskara ikasteko. Mundu berri bat zabaltzen zaizu»

Ainhoa: Nik beti gomendatzen diet Argentinako lagunei euskara ikasteko. Mundu berri bat zabaltzen zaizu. Agian ez duzu sentituko behar handi bat ikasteko, molda zaitezkeelako euskararik gabe. Baina ikasiz gero aukera ematen du jendea ezagutzeko, kultura ezagutzeko...

Marcial: Gu etorkinak bagara ere, pixka bat ezberdina da kasua; hona etortzerako ezagutzen genuelako bertako jendea. Bestela, zailagoa da integratzea. Dena dela, euskaraz, askoz errazagoa da integrazioa. Dudarik gabe. Oso garrantzitsua da alde horretatik.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!