Aspaldiko partez» sortu da Ibarran euskara ikasteko taldea. Herrian zein inguruan bizi diren hainbat ikasle joaten dira astean bitan euskara ikastera, eta ahalegina saritzeko, Korrikaren lekukoa eramatea eskaini die Ibarrako Udalak. Ikasgelako atea zabaldu bezain laster itzali dira elkarrizketak. Zortzi bat ikasle izaten dira, baina bost bildu dira hitzorduan; eta guztiak, urduri, bata besteari zein irakasleari begira. Zalantza nabari zaie begietan, baita ezinegona ere; irribarre egin dute pare batek deseroso, eta hitz pare batek erdaraz egin die ihes. Zailtasunak zailtasun, ordea, ikasgelan bildu dira beste behin ere, eta poliki bada ere, euren burua aurkeztu dute lehenik.
Bostetatik 30 urteren inguruan dabiltza hiru, eta helduagoak dira beste bi. Jatorriak ere askotarikoak: nikaraguarrak, Donostia ingurukoak, eta hondurastar zein portugaldar bana. Eta aniztasuna, baita lanbideetan ere: harakina, sukaldaria, dendaria, hizkuntza irakaslea eta zaintzailea. Euskal Herrian jaiotakoa da bat, eta gainerakoek denbora ezberdina daramate bertan; duela hamabi urte etorri zen Euskal Herrian denbora gehiena daramana, eta zazpi hilabete daramatza hemen iritsi berrienak. Guztiak ala guztiak, ordea, duela sei hilabete hasi ziren euskara ikasten.
Hamaika motibo
Euskara ikastea zergatik erabaki duten galdetuta, askotariko arrazoiak kontatu dituzte: batek, «gehiago ikasteko, eta hobeto ulertzeko» sumatzen du beharrezko; «lanerako abantaila» gisa ere ikusten dute pare batek; «gogoa sartu zaidalako» erantzun du beste batek; eta zergatikoa esaldi borobil bakarrean kontatu du azkenak: «Euskara ikasten dut hizkuntza minorizatuak gustatzen zaizkidalako, eta hemen bizitzeko funtsezkoa delako».
Etorri berrientzat lehen urratsak dira ingurua ulertzeko eta bertakotzen hasteko. Eta Donostia inguruan jaiotakoak —Ibarran bederatzi urte daramatza— aitortu du txikitan eskolan ikasi zuela, baina gaur egun «ahaztuta» duela. Galdera gehienak aurretik jaso dituzte eta, hortaz, prestatuta izan dituzte erantzunak.
Dena dela, bat-batean ere izan da galderarik, adibidez, eurentzat zein den euskara ikastearen arlorik zailena. Batek baino gehiagok azaldu du «zailena» hitz egitea dela haientzat, hau da, euren burua adieraztea; kontrara, ulertzea da beste pare batentzat egiteko zailena, eta aipatu dute bertakoek «oso azkar» egiten dutela hitz: «Hasieran, agian, ulertzen diezu, baina zaila da erritmoa jarraitzea eta, azkenean, galdu egiten zara».
Oro har euskaraz erantzuten badute ere, mugatuta daudela sentitu eta nahiko azkar egiten dute jauzi gaztelerara, euren burua adierazteko. Aitor Gurrutxaga AEKko irakasleak ohartarazten ditu joeraz, eta airean bota du galdera: «Zenbat ikasi duzue tarte honetan?». Barre txikiarekin erantzun dute guztiek «asko ikasi dugu», lotsatuta zenbaitek, eta umore onez beste pare batek.
Euskararen lekuko
Hizkuntza ikastearekin batera, azken asteetan Korrika ere landu dute ikasgelan, eta «berezia» izan dela kontatu du irakasleak: «Berezi xamarra izan da ikasle hauekin lantzea, batez ere, erdiak ez zekielako Korrika existitzen zenik ere; ez zekiten zer zen. Eta, beste erdiak, hemen jaiotakoak direnez, ezagutzen zuten. Guztien artean ezagutarazi dugu ekimena».
Hori horrela, irakasleak Korrikaren nondik norakoak azaldu dizkiela ere kontatu du, besteak beste, zein helburu duen, nork eta nola antolatzen duen. «Ideiak berak ere harritu ditu: bitxia iruditu zaie hizkuntzaren alde zenbait egunez jendea korrika aritzea etenik gabe».
Informazio orokorretik harago, berriz, proiektuak «sor dezakeen ilusioa» ikasleen artean garatu dela nabarmendu du: «Euren artean transmititu dute ilusioa; eta, batik bat, aurretik ekimena ezagutzen zutenek lortu dute». Zentzu horretan, beste edizio batzuetako irudiak-eta ikusi dituztela azaldu du, baina nabarmendu ikasleen arteko elkarrizketa izan dela «garrantzitsuena».
Kilometroan korri egiteari dagokionez, berriz, «erreparo pixka bat» sumatu du irakasleak ikasleengan: «Lotsatu bezala egiten ziren, eta ez zuten euren burua horren garrantzitsutzat jotzen. Ez ziren bertan ateratzeko moduan sentitzen; ez ziren horren protagonista sentitzen». Dena dela, kontatu du pixkanaka ulertarazi dietela egiten ari diren lana zein garrantzitsua den: «Esango nuke ulertu dutela zein garrantzitsua den eurak euskara ikasten aritzea».