Herrian bere tokia egin nahian

Jon Miranda Labaien 2022ko abe. 1a, 07:58

Bailarraingo gazteak aurtengo urrian egin zuten Gazte Eguna aurkezten

Tolosaldean, Alkizarekin batera, herririk gazteenetako bat da Baliarrain; 20 urtetik beherako gazteak asko direnez etorkizunean herrian kuadrillak sortu eta ekintza asko antolatzeko aukera ikusten dute.

Hogei urtetik beherako 46 herritar daude Baliarrainen. Biztanleri osoaren %30a. 60 urtetik gorako baliarraindarren bikoitza dira ia gazteak. 14 eta 24 urte arteko hemezortzi gazte dira eta haietako bik hitz egin dute Tolosaldeko Atariarentzat. Garazi Urkiola Zubeldiak (Baliarrain, 2002) uste du orain arte Baliarrain ez dela inguruko herrien artean oso ezaguna izan eta horregatik, herria bizirik dagoela zabaltzea da gaur egungo gazteen helburua.

«Herria guregana irekitzea beharrezkoa da gu ere herriaren parte sentitu gaitezen» GARAZI URKIOLA

Bat dator Ugaitz Garmendia Aurkia (Baliarrain, 2000): «Gurea herri txikia izan arren asko du eskaintzeko. Bizirik dagoen herri bat da eta herritarren artean giro ona sumatzen da». Baliarrainen antolatu diren ekimenetan gazteek parte hartu izan dutela nabarmendu du Urkiolak eta gainerako herritarrekin elkarlanean aritu direla. «Herria guregana irekitzea beharrezkoa da gu ere herriaren parte sentitu gaitezen, horretarako garrantzitsua da gazteoi gure uneak uztea eta iritziak emateko aukera ematea». Urrian lehenengo aldiz antolatu zuten Gazte Eguna aipatu du Garmendiak: «Harrera oso ona izan du herrian. Horrelako gehiago aurrera emateko prest eta gogotsu gaude».

«Gurea herri txikia izan arren asko du eskaintzeko. Bizirik dagoen herri bat da Baliarrain» UGAITZ GARMENDIA

Herriko gazteak herrian bertan geratu daitezen etorkizunera begirako plan bat egitea beharrezkoa ikusten du Garmendiak. «Gure bizi proiektua Baliarrainen egin nahiko bagenu, ez genuke aukera askorik izango, ez baitago etxerik salgai edota etxe berririk egiteko aukerarik». Herriak etorkizuna baduela uste dute bi gazteek, adin txikiko gaztetxo asko dagoelako Baliarrainek. «Agian, herrian kuadrillak osatu daitezke», esan du Urkiolak. Uste hori berretsi du Garmendiak: «20 urtetik gorakook ez dugu adin bereko beste kiderik herrian eta kanpoan pasa ohi dugu gure aisialdia. Gu baino gazteagoak gehiago direnez hasi dira herriko lokal txiki batean biltzen». Dena den, 20 urtetik gorako gazteek nahiz eta herritik kanpora eduki kuadrilla, herriko ekitaldietan aktiboki parte hartzeko konpromisoa dutela berretsi du Urkiolak. 

 

Erlazionatuak

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!