Aitortu dute antolatzaileek. Hainbeste urtetan Kilometroak ekimena antolatzeko zain egon ondoren, ez dute suerterik onena izan. Baina jarrera positiboarekin begiratzen diote etorkizunari. Gaizka Ezeiza Kilometroak 2020ko koordinatzaileak bereziki eskertu du jendearen parte hartzea: «Egoeraren zailtasuna ikusita jakin dugu egoera kudeatzen. Ez da erraza horrelako ekimen bat antolatzea eta koordinatzea, ikusita zenbat jende mugitzen duen, baina oso gustura gaude eta horrek indarrak ematen dizkigu aurrera jarraitzeko».
Alarma egoeran, gainerako jardun guztiek bezala, Kilometroak jaiaren antolakuntzak etena izan zuen konfinamenduaren lehen asteetan, baina aurretik lanean ari ziren batzordeak pixkanaka berriz aktibatzen hasi dira. «Aurreneko ezjakintasun eta urduritasunak gaindituta, batzorde bakoitzak berriro ere heldu dio martxari. Lan praktikoa baino gehiago, azken asteetan lan teorikoa egin dugu, egoerak ahalbidetzen duen neurrian gauzak prestatzen joan gara», aipatu du Ezeizak.
Alarma egoera ezarri aurreko egunetan egin zuen Zubimusu ikastolak Kilometroak 2020 festaren aurkezpena Ikastolen Etxean. Han iragarri zuen herriko plazara ikastolak atera eta tokian tokiko eragileekin elkarrekintzan ekimenak antolatzeko asmoa zuela aurten. Eskualde ezberdinetako ikastolekin elkarlanean Milimetroak izeneko hiru festa aurkeztu zituzten. Zoritxarrez, bakar bat ere ez da aurrera aterako. «Nagusiki ikasleen parte hartzearekin egin asmo genituen jai horiek, pentsatzen dugulako ikastolak harrobi kulturala direla eta errealitate hori gauzatzeko gazteak ahaldundu behar direla. Baina jende multzo handiak biltzea ezinezkoa dela ikusita ez ditugu antolatuko». Tolosaldeko ikastolek elkarrekin kultura arteko inklusioa sustatzeko ekimenak prestatuta zituzten martxoa bukaerarako baina ezin izan zituzten egin. Berdina gertatu da Oarsoaldeko eta Debagoienako Milimetroak festekin.
Jai horiek atzeratzeko aukerarik ez du ikusten Ezeizak, aurki ikasturtea amaitu eta udako hilabeteetan sartuko baitira ikasleak: «Egoera honetan sartu ginetik asteak aurrera doaz eta ikasle, irakasle eta gurasoak ahalegin handia egiten ari dira telematikoki klaseekin jarraitzeko. Helburua, orain, ikasturtea amaitzea da eta aurrera begira jartzea».
Kilometroak egitasmoak aurrera jarraituko duela jakinarazi nahi diote jendarteari Zubimusu ikastolatik. «Hurrengo asteetan izango da gure berri, gizartea aktibo egotea nahi dugu, jakin dezatela modu batera ez bada bestera aurrera egingo dugula». Komunitatea indartu eta aberasteko burua astindu eta bide berriak asmatzen ari direla adierazi du Kilometroak 2020ko koordinatzaileak.
Gipuzkoako ikastolen jaialdia da Kilometroak
Egoerak behartuta antolatu ezin direnak bertan behera utzita, baina euren eskura dauden ekimenekin aurrera jarraitzeko ziurtasuna adierazi dute ikastolako ordezkariek. Besteak beste, Mintzola eta Teodoro Hernandorena elkarteekin elkarlanean, Pello Mari Otaño ikerketa bekaren deialdiarekin jarraituko dute, baina proposamenak aurkezteko epea zabalduz, ekainaren 19ra arte. Aiztondoko ahozkotasuna eta ahozko kultur sorkuntza ikertzeko helburua duten proiektuak aintzat hartuko dira.
Kilometroen antolakuntzak Euskal Herria ezagutu nahi gurekin? egitasmoaren barruan hiru txango zituen iragarrita Euskal Herriko toki ezberdinak ezagutzeko eta jatorri ezberdineko pertsonen arteko harremanak sustatzeko. Ekimen horiek bertan behera geratu dira, baita Kilometroak 2020rako prestatu den materiala saltzera joateko antolatzen diren irteerak ere. Arropa salmentarekin aurrera jarraitzen dutela adierazi du, hala ere, koordinatzaileak: «Oraingoz online erosi ahal izango dira www.kilometroak.eus webgunean; bide batez gure sare sozialetan ere katalogoaren berri ematen jarraituko dugu. Denda fisikoa, itxita dago. Boluntarioak aritzen dira bertan eta guri gustatuko litzaiguke laguntzera datorren horrek, gutxienez, segurtasun neurri batzuen barruan egin ahal izatea. Beraz, egoerak ahalbidetzen duenean zabalduko dugu berriro denda».
Azken lau urteetan hausnarketa prozesu batean murgilduta egon dira Gipuzkoako ikastolak. Gogoeta egin dute, urriko lehenengo igandean antolatzen den jaiaren tamainaz eta han ikusten diren jarrerez eta kontsumo ohiturez. Sentsibilizazio eta kontzientziazioan eragin nahi dute aurtengo festan, aurreikusten zaila den arren zein formatutan ospatuko den Amasa-Villabona eta Zizurkilgo jaia. «Ezartzen joaten diren osasun baldintzetara egokituko dugu urriaren 4ko ekimena», esan du Ezeizak eta zalantza gutxi agertu du Gipuzkoako ikastola guztien laguntza izango dutela horretarako. «Kilometroak ez da aurten Zubimusurena bakarrik izango, herrialdeko ikastola guztien jaialdia baizik eta ziur nago guztion artean lortuko dugula zailtasun hauei aurre egin eta ekimen polit bat antolatzea urriaren hasieran».