Plazara ateratzeko ordua iritsi da

Jon Miranda Labaien 2019ko aza. 15a, 12:59

Zubimusu ikastolak gaur egingo du Kilometroak 2020 jaiaren aurkezpena Villabonako Olaederra kiroldegian, 19:00etatik aurrera; ohi bezala, jaiak eramango dituen logo eta leloa eta prestatutako arropa aurkeztuko dute.

Gipuzkoako ikastola guztien jaia da Kilometroak. Aurten, Amasa-Villabona eta Zizurkilgo Zubimusu ikastolak antolatuko du urriko jaialdia baina okasioa euskara eta euskal kulturaren aldarria egin eta jendarte osoari proiektu sozial bat eskaintzeko baliatuko du. Ikastolen proiektua zabaldu, plazara atera eta gizartearekin konpartitzeko asmo horretan, lehen urratsa emango dute gaur. 19:00etan Olaederra kiroldegian egingo dute Kilometroak aurkezteko jaia eta ikasleek landu dituzten logo eta leloa emango dituzte ezagutzera. LHko ikasleek aurkeztutako marrazkiekin osatu dute irudia eta leloa DBH4ko ikasleek erabaki dute. Bertan aritzen da Uxue Redondo ikaslea: «Pozik gaude parte hartzeko aukera eman digutelako. Askotan iruditzen zaigu ikasleoi gutxi galdetzen zaigula, baina oraingoan gure iritzia kontuan hartu dute».

Mikel Egibar, Kilometroen koordinatzaileak argi du jaiaren kalitatea hobetu nahi bada jendearen parte hartzea areagotu behar dela eta norabide horretan, logo eta leloa aukeratzeko egin den prozesua, «izugarri ederra» izan dela aipatu du. Azken ia bost urteetan Ikastolen Elkartean Kilometroak jaia eta ikastolen fenomenoa bera gaur egungo gizartera doitzeko landu duten eredu berriaren helburuetako bat da parte hartzea areagotzea. Beste helburua, aldarrikapen zentzua berreskuratzea da: «Ez da nahikoa proiektu pedagogiko bat dagoela esatearekin, gizarteari proiektu sozial bat eskaini behar zaio. Herriak hezkuntzaren bitartez sortzen duena herriari itzultzen dio; hori da ikastolaren funtzio publikoa».

Bat dator baieztapen horrekin Gaizka Ezeiza Kilometroak 2020ko koordinatzailea. «Bere garaian auzolanean, elkarlanetik sortu ziren ikastolak eta hori gure identitatearen parte da. Gaur egun balore horiek galzorian daude, eta ahal den neurrian berriz aktibatu nahi genuke gizartea», dio Ezeizak. Euskararen plaza indartu nahi dute eta horretarako ezinbestekotzat dute ikastoletako esperientzia jendartearekin konpartitzea, plazara irekitzea.

Askotariko komunikazioa

Aipatutako baloreak landu ditu Zubimusu ikastolak Kilometroak 2020 jaialdia antolatzea egokitzen zitzaiola jakin zuen une beretik. Urtarrilean abiatu zen hastapen batzordea deitzen diotena eta Unai Zubeldia irakasleak hasieratik hartu zuen parte bertan: «Ikastolaren eredu irekia azpimarratzea, aniztasunari lekua egitea edota euskal kulturari garrantzia ematea uneoro izan dugu gogoan. Ikastoletan aldaketa prozesuan gaude, gure begiradaren erdigunean ikaslea kokatzen dugu eta uste dugu, plazaratu behar dugula lanketa hori guztia».

Pello Mari Otaño Zizurkilgo bertsolariak balore horietako asko barnebiltzen dituela uste du Zubeldiak. Pertsonaia erreferente horrekin, bere ibilbidea goraipatzeaz gain, transmititu nahi dituzten baloreak indartuko dituzte. «Otaño etorkina izan zen, euskara eta euskal kultura barreiatu zuen munduan zehar eta bere ibilbide osoan egoeretara egokitzen jakin zuen, hasieran ideologia liberala izatetik, abertzale izatera pasa zen eta internazionalista gisa bukatu zuela ere esan daiteke». Gaur arratsaldeko festan presentzia izango du Pello Mari Ota- ñok.

Auzolana. Alazne Gurrutxaga amasarrak 2018an egindako Milimetroak festak norabide horretan jarri zuen mugarria azpimarratu nahi izan du, «erronka» horri aurre egin eta egun bateko jaia antolatzen guraso, irakasle, ikasle eta herritarek parte hartu zutela nabarmendu du. Gaur egun salmenta batzordean dabil eta Kilometroakek izango duen denda atontzen auzolanean egindako ahaleginaz aritu da: «Oso polita izan da prozesua, ahal duenak ahal duena egin du. Lokala margotu, altzariak muntatu eta argiketari lanak egiten jardun du jendeak». Guraso gisa ikas-komunitatean hain txertatuta egotea «pozgarritzat» hartu du Gurrutxagak eta beren seme-alaben onurarako izango dela jakinik, Kilometroak jaiaren antolaketan indar guztiak jartzeko prest agertu da.

Hain zuzen, ikas-komunitate barruko komunikazioa areagotzen ahalegina egin nahi dutela azpimarratu du Zubeldiak, gaur egun komunikazio batzordean dabilen irakasleak: «Indartu egin behar dugu komunitate barruko komunikazioa, baina baita Gipuzkoako gainerako ikastolekin duguna ere». Eredu berriak aldaketa hori ekarri du Egibarren esanetan, «elkar ezagutza, beti harremanen bitartez sortzen baita eta horretarako une egokiak sortu behar baitira». Une horiek ahalbidetuko ditu Zubimusu ikastolak eta jaialdi txikiak antolatuko ditu udaberriarekin batera, Oreretan eta Tolosan, herri horietako ikastolekin lankidetzan. Ezeizak esan duenez, «hemen osatuta dauden batzordeek jaialdi horiek antolatzen lagunduko dute, baina ikastola bakoitzak bere kutsua emango dio festari». Ikasturte osoan egindako lanketaren emaitza izango dira jaialdi txikiak eta logika bati jarraituko diote, gero urriko lehen igandean Amasa-Villabonan eta Zizurkilen Kilometroak festan lehertzeko. Lehen etxafuegoa, gaur botako dute Olaederra kiroldegian.

Kilometroak 2020 aurkezteko jaialdia, gaur

Osatuta daude dagoeneko Kilometroak 2020 antolatzeko batzordeak. Guraso, ikasle, irakasle eta herritarrak kontuan hartuta, 200 lagun inguru ari dira dagoeneko lanean. Horietako asko gaur arratsaldeko ekitaldia prestatzen ariko dira. Logoa eta leloa aurkeztuko dituzte eta sorpresa ugari izango dira, herriko eragileen laguntzaz.

Gaur aurkeztuko dute, baita ere, Kilometroak 2020ko arropa eta astelehenetik aurrera zabalik izango da denda, Altzin kaleko 3. zenbakian. Hemendik aurrera astebururo irteerak egingo dituzte. Bihar Tolosako Babarrunaren azokan eta Amasako festetan izango dira materiala saltzen eta igandean Arrasaten, Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako finalaurrekoan. Azaroaren 21ean ekitaldi txiki batekin inauguratuko dute denda.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!