Kilometroak jaia antolatzeko eredu berri bat prestatu dute Gipuzkoako ikastolek, lau urteko gogoeta prozesu baten ondoren. Parte hartzean oinarritutako festa nahi dutela azaldu zuten larunbatean Villabonako Mintzolako egoitzan egindako prentsaurrekoan. Hain justu, 2020an Zubimusu ikastolak antolatuko ditu Kilometroak.
Eredu berria izanagatik, «Kilometroak ez da amaituko, indarberrituko baizik», esan zuen Nekane Artola Kilometroak Kultur Elkarteko lehendakariak. Datorren urtetik aurrera, «Gipuzkoako ikastola guztien parte hartzea bermatuz, urte osoan zehar ekimenak hedatuko dira», esan zuen Artolak. Euskal Herriko eragile ezberdinekin batera, jaialdi txikiak antolatuko dituzte ikastolek urte guztian zehar.
Hala ere, urriko lehen igandean egin ohi duten jaialdia mantendu egingo dute, baina «dimentsio txikiagoan». Parte hartzaileagoa izan dadin, zirkuitua egin beharrean gune tematikoetan antolatuko dute festa eguna. Horrekin batera, orain arteko kontzertuen eskaintza mugatu egingo dute.
Kilometroak jaiaren ezaugarrien gainean hausnartu zuten agerraldian:«Jendartea euskalduntzeko, hezkuntza eremutik garatu behar diren bideen defentsa eta aldarrikapena» sustatuko ditu festak; herriari onura soziala sorrarazteko asmoz, euskara eta euskal kulturaren defentsan oinarrituko da; Gipuzkoa gaindiko beste herrialdeekin batera, Euskal Herriko naziotasuna islatzen saiatuko dira eta auzolanaren filosofia eta kontzientzia garatu eta indartzen ahaleginduko dira. «Ludikotasuna bultzatuz, jaia gozagarri, osasungarri eta errespetagarri izateko beharrezkoak diren neurriak hartuko ditugu», Artolaren esanetan.