2013ko uzta oparoa Adunan

Jon Miranda Labaien 2022ko aza. 30a, 07:58

Tolosaldeko jaiotza tasari begiratuta arreta pizten du Adunako 2013ko datuak: 14 ume jaio ziren urte hartan; kopuru horrek herriko eskolan eta herriko dinamikan ekarri dituen aldaketak asko izan dira.

Ume asko jaio dira azken 20 urteetan Adunan. Deigarria da, ordea, 2013ko datua. Urte hartan 14 ume jaio ziren herrian. Haur horietako baten ama da Oihana Aiertza (Andoain, 1977) eta gaur egun Basopeta guraso elkartean dabil: «Guk bikiak izan genituen eta beste bikote batek ere bai. Kolpetik lau ume gehiago izan ziren urte hartan». Dena den, Adunan garaitsu horretan egin ziren etxebizitza tasatuetako bikote gazteek ekarritako haurrak dira 2013ko kintakoak. «14 umeetatik 10 etxebizitza horietan bizi dira, elkarren ondoan. Gurasoetako bat adunarra dute erdiek, baina beste umeen gurasoak beste herrietatik Adunara bizitzera etorritakoak dira», dio Aiertzak. 

Aduna bertakoa da jaiotzez Miren Aburuza (Aduna, 1978) eta berak ere semea du 2013an jaiotakoa. Bere garaian Adunan egindako etxebizitza politika sozialak esplikatzen du, bere ustez, jaiotza tasan urte hartan eman zen gorakada. «Umeak eskolatu ahala, herrian bizitza egiten hasi dira gurasoak, bertan jaiotakoak nahiz kanpotik etorritakoak izan. Umearen aitzakian, parkean ez bada, eskolaz kanpoko ekintzetan harremanak sortu dira». Duela gutxi kultur astearen barruan egin duten talo jatea aipatu du Aburuzak adibidetzat. Basopeta guraso elkarteak antolatu eta 22 lagun inguru aritu ziren musu-truk lanean.

«Umeak eskolatu ahala, herrian bizitza egiten hasi dira gurasoak, kanpokoak nahiz bertakoak izan» MIREN ABURUZA

Garai bateko kukurik ez du jotzen Adunan jaiotza tasari begiratuta. «Geroz eta ume gutxiago jaiotzen da. Aurreko ikasturtean eskolatik 12 ume joan ziren eta hiruzpalau hasi. Hurrengo ikasturtean ere alde egingo dute beste hamarrek. Guk zortea izan dugu adin bereko hainbeste ume izanik, zerbitzu batzuk ahalbidetu dizkigulako. Jangelan, adibidez, hiru begirale ari dira orain. Eskola Kirola bezalako programak ere jarri ahal izan dira martxan, baina ume kopurua gutxitzen doan heinean zerbitzu horiek ezingo dira mantendu», aipatu du Aburuzak.

«Kontziliazioan aurrerapausoak eman diren arren, laguntza handiagoa beharko genuke familiok» OIHANA AIERTZA

Joera horrekin kezkatuta agertu da baita Aiertza ere. «Etorkizunean beharko dira etxebizitza berriak, jende gaztearentzako irisgarriak direnak, eta haiek ekarri beharko dituzte umeak. Dena den, kosta egiten da ume bat haztea eta heztea. Nahiz eta kontziliazio politiketan aurrerapausoak eman diren urte hauetan, laguntza handiagoa beharko genuke familiok».

Taldearen babesaz

Aburuzak eta Aiertzak, abantailak baino ez dizkiote ikusten kinta berean hainbeste ume egoteari. «Lotura handia dute elkarrekin eta garbi xamar daukat kuadrilla osatuko dutela etorkizunean», dio Aiertzak. Urteetan eman den aldaketa ekarri du gogora Aburuzak: «Ni 1978an jaiotakoa naiz eta urte hartan hiru ume bakarrik jaio ginen Adunan. Orain kultur aretoa dagoen gela horretan ikasi genuen eta han biltzen ginen ume guztiak, adin guztietakoak nahastuta. Gaur egun, kanpotik bizitzera etorritakoak kontuan hartuta, 10 bat izango gara 78ko kintakoak». Urte berean jaiotakoak asko izateak dakarren babesaz orain ohartzen da Aburuza. 

Kinta bateko kide izatearen sentimendua badute gaztetxoek eta horrek ahalbidetu du, haien gurasoen arteko harremana eta Aduna herri bizia izatea ere. 2013an jaiotako umeek hemendik pare bat urtera amaituko dituzte ikasketak Adunan. «Eta orduan? Gurasoak txantxetan aipatzen dugu umeak parrandara joaten hasten direnean txandak egingo ditugula kotxez haien bila joateko», dio Aiertzak umorez. 

2013an Adunan jaiotako umeak, eskolan

 

Adunako eskolan adin aniztasuna ezaugarri

Eskola txikia da Adunakoa eta gaur egun 63 ume dabiltza bertan. Horietatik 14 dira 2013koak. Horrek eskolan egokitzapenak egitera behartu ditu irakasleak, Amaia Zarautz Lehen Hezkuntzako tutore eta eskolako idazkariak azaldu duenez: «2013koak bere horretan beste adinekoekin multzokatuz gero, 20 ikasletik gorako talde bat izango genuke eta eskola txikia da hau, fisikoki ere ez dugu lekurik. Beraz, estrategia ezberdinak erabili ditugu taldekatzeak egiteko. Zatitu egin dugu 2013an jaiotakoen multzoa eta talde homogeneoak sortzen saiatu gara».

Hala ere, adin aniztasuna eskola txikiaren ezaugarria izanik, ikasle guztiak elkarrekin egoteko okasio asko izaten dituztela nabarmendu du Oihana Ezeiza ikasketa buruak eta Haur Hezkuntzako tutoreak. «2013koak oso ikasle jatorrak dira eta gainerako adinekoekin moldatzeko ez dute arazorik izaten. Tailerrak, jolas kooperatiboak, irteerak elkarrekin egiten ditugu.  Horrelakoetan talde sentimendua sortzen dela iruditzen zaigu».

2010 eta 2011 urteetan ere ume asko jaio zen Adunan, baina, 2012an adibidez, 3 baino ez ziren izan. «Jaiotza tasan gora behera handiak izaten dira gurea bezalako herrietan, eta egoera horietara moldatzen jakin behar izaten dugu», esan du Zarautzek.

Adunan jaiotzen diren haurren %99a herrian eskolatzen da eta 12 urtera arteko ibilbidea egiten dute herriko ikastetxean. Ondoren, gehientsuenak Villabonako Erniobea institutura joaten dira. «Saiatzen gara umeengan herriarekiko sentimendu hori ernetzen, haiek izango baitira etorkizuneko Adunako herritar helduak», nabarmendu du Zarautzek. Elkar hartze hori ere nabari du Ezeizak gurasoengan: «Behatokian Basopeta guraso elkarteko lau kidek hartzen dute parte eta ekintza ugari antolatzen dituzte herrian. Gurasoena oso talde dinamikoa da».

Herria bizirik mantentzeko eskolak bizirik mantendu beharra dagoela argi dute Adunako eskolako irakasleek. «Umerik ez badago, ordea, irakasleak soberan gaude eta eskola bera ere bai», ohartarazi du Zarautzek.  Etorkizunerako kezka orokortua den arren, une honetan osasuntsu dago Adunako eskola.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!