Unipapel

Langileen borrokak merezi izan duela esan dute Unipapeleko langileek

Ataria 2014ko ots. 7a, 11:26

Pozik agertu dira gaur Unipapeleko langileak. Zuzendaritzarekin akordio batetara iritsi ziren atzo, eta gaur bertan greba mugagabea utzi, eta lanean hasi dira goizeko txandakoak. Agerraldia ere egin dute sindikatuen laguntzarekin. Eta bertan atzo hitzartutakoaren berri eman dute. Babesa azaldu dieten guztiei ere eskerrak eman nahi izan dizkiete, bereziki, Adunako Udalari, borrokan jarraitzen duten Antaliseko langileei eta beste hainbat enpresatako langileei.

Ia hiru aste egon dira greban Unipapeleko langileak, baina azkenean lortu dute akordioa. Tartean Ertzaintzarekin liskarrak izan dituzte, txanda ugari egin behar izan dituzte enpresa atarian, zuzendaritzarekin bilera amaigabeak egin dituzte... Baina gaur goizean enpresaren atarian ikusten ziren aurpegiak bestelakoak ziren; aurpegi alaiak zituzten bai langileek eta baita sindikatuetako ordezkariek ere.

Prentsaurrean atzoko akordioaren xehetasunak eman dituzte, batetik. Akordioaren arabera, zuzendaritzak urte eta erdian ez ditu soldatak jaitsiko, ez du ekoizpena beste lantegi batetara eramango, eta ez ditu kaleratzeak egingo.

Datorren astean, negoziaketa berriak hasiko dira dituzte, hortaz, langile eta zuzendaritzaren artean, irtenbide adostuak eta ez traumatikoak bilatzeko; batez ere, aurretiko erretiroen aukera landuz, eta Adunako lantegiaren bideragarritasuna bermatzeko helburuz. "Adostasuna lortuko bagenu, lanpostuak eta lan baldintzak epe luzeagorako bermatuko dira", esan dute sindikatuek. Atzoko batzarrean 56 langile bildu ziren, eta horietatik 51k eman zuten akordioaren aldeko bozka.

"Beraz, aste gutxitan, aldaketa nabarmena izan da: alde bakarreko aukeretatik adostutako aukerak negoziatzera pasatu gara, neurri traumatikoetatik ez mingarrietara, lantokiaren eraispenetik ekoizpena heman mantentzeko konpromisoetara, eta azken finean, lantokiaren bideragarritasuna lantzeko langileen hitza errespetatzea lortu dugu", gaineratu dute.

Pasatakoa ikusita, langile zein sindikatuek langileen borrokak merezi izan duela esan dute, "langile borroka baita, egun pairatzen ari garen eraso guzti hauen aurrean beste irtenbide bat posible egingo duen tresna bakarra. Egoerak horixe erakutsi digu, askotan beldurrak, zalantzak... baditugu ere, borrokaren bidez gure helburuak bete daitezkeela berriro argi ikusi dugu".

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!