2014a hastearekin batera, urtarrilaren 2an, Unipapel-Adveok negozioa enpresa suitzar bati saldu ziola jakinarazi zien langileei. Springwater izeneko enpresak, ordea, ez du Adunako lantegia oso-osorik erosi; ekoizpena erosi du, eta lantegia bera Unipapel-Adveoren esku geratu da. Horrela, bederatzi urterako hitzarmena sinatu zuten suitzarrek eta Adveoko zuzendariek, batzuek ekoitzitakoa besteek banatzeko konpromisoa hartuz.
Horren aurrean langileek ez zuten lekualdatzearena espero: «Unipapel salgai egon den epean erosle asko izan dituztela azaldu digute, baina salmenta motari garrantzi handia eman diotela, enpresaren eta langileen etorkizuna babestea ezinbestekoa ikusten baitzuten», diote langileek.
Suitzarrei egindako salmentari, ordea, konfiantzarik gabe begiratu izan diote, aurretik ere zenbait kaleratze eta erregulazio espediente bizi izan dituztelako: «Joan den uztailean gure lan baldintzen moldaketekin etorri zen enpresa zuzendaritza eta kontsulta epea amaituta, berau onartzea erabaki genuen; horrek gure nomina eta kotizazioetan galera nabarmena ekarri du».
Horrela, bada, urtarrilaren 10ean Unipapel-Adveoko zuzendaritzak Springwater suitzarrekin izandako bilera baten ondoren, ekoizpena Logroñora lekualdatzeko asmoaren berri «egun batetik bestera» izan zuten Adunako lantegiko beharginek: «Ekoizpenaren %20 inguru hemen geratuko dela diote, baina hori dokumentazioari dagokiona bakarrik da. Horregatik, epe laburrean desagertu egingo litzateke hemen geratutakoa, argi dago. Horregatik diogu mehatxupean bizi garela azken hamar egunotan», azaldu du Peio De la Cruz ordezkariak lantegi kanpoaldean.
Greba mugagabearen hasierarekin zuzendaritzaren erantzunik jaso ote duten galdetzean, De la Cruzek ezezko biribilarekin erantzun du: «Gaur goizean hitz egin dugu zuzendaritzarekin, eta ez digu kasurik egin, haizea hartzera bidali gaitu».
Bide horretan, langileak enpresaren konpromiso irmoen bila aritu direla azaldu dute prentsa ohar baten bitartez, «esandakoa gezurtatu eta neurri traumatikorik ez hartzea bermatzeko». Ezinezko suertatu zaie ezer lortzea, ordea, Unipapel-Adveoko zuzendaritzak erabakiak «beharrezkotzat» baititu, erabakiak erosle suitzarren esku utziz.
Horrenbestez, urgentziazko bilera bat eskatu eta urtarrilaren 29rako hitzordua zehaztu dute zuzendaritzarekin. Bitartean hiru erreleboko txandak antolatu dituzte lantegi kanpoaldean, greban dirauen bitartean.
Insaluseko langileen lorpena
Lizartzako Insalus lantegikoak ere greba mugagabearekin atzo hastekoak ziren, soldatak %10 jaitsiko zizkietelako.
Zuzendaritzak, ordea, bertan behera utzi du erabakia, pasa den ostiralean greba egiteko asmoa azaldu ondoren.
Eskola garraioko grebalariak Samaniegon
Eskola publikoetako garraio zerbitzuetako langileek astebete inguru daramate greban. Tolosako Samaniego ikastetxeko garraio langileek, ordea, ez dute greba abiarazi. Horregatik, Gipuzkoako grebalariak Samaniego atarira etorri dira protesta eta presioa egitera, tolosarrak ere grebarekin bat egin dezaten.