Unipapel

Istiluak Unipapelen

Ataria 2014ko ots. 3a, 21:18

Atzokoa egun gogorra eta luzea izan zen Unipapel-Adveo enpresako langileentzat. Izan ere, egun guztian zehar gainean izan zuten biltokian zegoen produkzioa enpresatik ateratzeko mehatxua, eta azkenean mehatxua gauzatu zen. 17:00etan hiru kamioi atera ziren Bilbora eta Madrilera bidean, Adunako enpresatik, bertako produkzioarekin eta honela, langileek enpresako zuzendaritzarekin negoziatzeko zuten esperantza ere eraman zuten Ertzaintzaren laguntzarekin. Langileak kanpoan zeuden protestan, eta erresistentzia pasiboa egin zuten. Lantegiaren atarian eseri ziren, eta Ertzainek banan banan eraman zituzten, bortizki.

Hemen duzue atzo Unipapeletik bertatik egindako eguneko kronika:
 
Goizeko 10:00ak inguruan iritsi dira hiru kamioiak Unipapelera. Bertan hamar pertsona zeuden, urtarrilaren 20an greba hasi zutenetik hogeita lau orduko txandak burutzen ari baitira. Bertan zegoen, Irantzu Arratibel, LABeko ordezkaria, eta berak azaldu bezala «kamioia deskargatzeko agindua» zutela jakinarazi diete. Kamioekin batera Ertzaintza ere gerturatu da enpresara, eta bertan zeudenei «kamioiak sartzen eta ateratzen uzteko» agindua zutela jakinarazi diete.
 
Produkzioa enpresatik ateratzeko arriskua zegoela ikusirik, greba komiteak langile guztiei deialdialdia egin die bertaratu zitezen. Orduak aurrera joan ahala, enpresaren aurrean hamarnaka pertsona bildu dira. Unipapeleko komiteak egindako deialdiarekin bat egin dute Antalis, SAM eta Endaki enpresetako langileek ere eta elkartasunez elkarretaratzera gerturatu ziren. Arratibelek adierazi bezala, langileek argi zuten «produkzioa ez ateratzeko, bertan egongo gara».
 
Negoziaketak bertan behera
Kamioiak sartu eta ordu batzuetara, 12:00etan, Donostian, greba komitekoak bilera bat egitekoak ziren enpresako abokatuek hala eskatuta. ELA eta LAB sindikatuetako ordezkariek, Mikel Zabaletak eta Laida Zubillagak, esan bezala, bilera honen helburua «posizioak hurbiltzea» zen, baina, atzo gertatutako ikusi ostean «zalantzan» jartzen zuten enpresak benetan egoerari irtenbidea aurkitu nahi ote dion ere. Eta euren susmorik ilunenak egia bilakatzen ari zirela ohartu dira.
 
Egoera ikusirik, langileek enpresarekin abiatzekoa zuten negoziaketa «haustea» erabaki dute. Hiru kamioi enpresara produkzioa ateratzeko helburuarekin sartzea, «greba eskubidearen aurkako mugimendu» bezala baloratu dute, eta enpresari adierazi diete «baldintza hauetan ezin dugula negoziatu», euren oinarrizko greba eskubidea urratzen delako.
 
Ebazpena eskuetan
Negoziazioak bertan behera utzi ostean, langileen helburu bakarra produkzioa enpresatik ez ateratzea zen. Esan bezala, enpresatik materiala ateratzeak, euren greba eskubidea urratuko lukeelako. Euren esanetan, legez kanpokoa baita langileak greban daudela, beste norbait enpresan beraien lana betetzen aritzea. Honegatik guztiagatik, sindikatuetako ordezkariek, Donostian, Lan Delegazioan salaketa jarri dute, eta eguerdirako esku artean zuten langileek materiala kargatzea «ilegala» zela zioen ebazpena.
 
Ezer gutxirako balio izan die, ordea, ebazpenak langileei. Handik minutu gutxitara, 16:00ak inguruan, hiru kamioiak, kargaturik, enpresaren kanpoaldean Bilbora eta Madrilera abiatzeko prest baitzeuden.
Enpresaren kanpoaldean, berriz, presentzia poliziala nabaria zen, eta zenbait unetan, tentsio uneak ere sumatzen ziren. Ertzaintzak langileei bidea ez oztopatzeko aukera zutela gogorarazi arren, langileek argi dute ez zutela produkzioa enpresatik ateratzen utziko, eta enpresaren aurrean eseri dira guztiak, «lanpostuen eta eguneroko ogiaren alde».
 
Eserialdira gero eta jende gehiago gerturatzen ari zen bitartean, kamioiek motorra martxan jarri dute eta presentzia poliziala gero eta handiagoa zen. Bertan bildutako jendeak «irtenbidea Unipapelentzat» eta «langileok borrokan» ohiuak errepikatzen zituzten bitartean.
 
Goizean langileei kamioiak 17:00etan aterako zirela jakinarazi diete, eta horrela izan da. 17:00ak iritsi orduko Ertzaintza enpresaren sarrera zabaltzeko lanetan hasi da. Banan-bana, lurrean eserita zeuden pertsonak, arrastaka mugiarazi dituzte kamioiei bidea ireki ahal izateko. Une horretan, tentsio une handiak bizi izan dira eta kolperen bat edo beste ere izan da.
 
Azkenean, 17:15ean atera dituzte produkzioa zeramaten hiru kamioiak Unipapel-Adveotik. Eta une horretan langileen artean negar malkoak eta haserrea nagusitu dira.
 

Langileen salaketa
Produkzioa Unipapel-Adveo enpresatik atera ostean ere, ELA eta LAB sindikatuek gaurkoan langileen eskubideak urratuak izan zirela berrestu dute. Euren greba eskubidea eta Lan Delegazioak produkzioa kargatu eta eramatea legez kanpokoa zela zioen ebazpena alboratu direlarik. Guzti honez gain, Ertzaintzak bertan protestan zeuden pertsonekin izandako jarrera ere salatu nahi izan dute sindikatuetako ordezkariek.

Protestarekin amaitu aurretik, «eskerrak» eman dizkiete babesa ematera bertaratu diren herritar guztiei erakutsitako elkartasunagatik. Eta hemendik aurrera ere, greba hasi zutenetik egiten duten moduan, hiru errelebotako txandak egiten jarraituko dutela jakinarazi dute. Protestan jarraituko dutela argi dute.

Greban urtarrilaren 20tik

Unipapeleko langileak 2014. urtea berri txarrekin hasi zuten. Unipapel-Adveok negozioa enpresa suitzar bati saldu ziola jakinarazi zien langileei. Springwater izeneko enpresak, ordea, ez zuen Adunako lantegia oso-osorik erosi; ekoizpena baizik, eta lantegia bera Unipapel-Adveoren esku geratu zen. Horrela, bederatzi urterako hitzarmena sinatu zuten suitzarrek eta Adveoko zuzendariek, batzuek ekoitzitakoa besteek banatzeko konpromisoa hartuz.

Horrela, bada, urtarrilaren 10ean Unipapel-Adveoko zuzendaritzak Springwater suitzarrekin izandako bilera baten ondoren, ekoizpena Logroñora lekualdatzeko asmoaren berri izan zuten langileek. Horrek, epe laburrean enpresa desagertzea eragingo lukeelarik.

Honegatik guztiagatik, urtarrilaren 20an greba mugagabea hastea erabaki zuten Unipapel-Adveoko langileek. Eta zuzendaritzari hiru eskaera nagusi bideratu zizkieten: leku-aldatzeen mehatxua desagertzea, bi hilabetetan zehar negoziatzea eta akordio batera iritsiz gero, bederatzi urtean enpresak bestelako mehatxurik ez gauzatzea.

Ordutik hiru errelebotako txandak antolatuta enpresaren aurrean mantendu dira langileak. Eta helburua barrura inor ez sartzea zen arren, atzo enpresak bertako produkzioa ateratzea erabaki zuen. Honek langileekin zuten negoziazio bidea erabat haustea suposatu arren. Eta bereziki, langileei protestekin eta hogeita lau ordutako txandekin jarraitzea eragin die. Hemendik aurrera gertatuko denaren zain. 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!