ERREPORTAJEA

Herri bat bere jendeaz harro

Jon Miranda Labaien 2024ko mar. 23a, 07:58

Uliazpi erakundeak lehen aldiz parte hartuko du aurtengo Korrikan. J.M.

Uliazpi erakundeak lehen aldiz parte hartu du aurtengo Korrikan. Zizurkilen Fraisoroko egoiliarrek eta haien senitartekoek hartuko dute lekukoa. Anjel Iturraldek ordezkatuko ditu bere kideak, eta aniztasun funtzionala ikusgarri egingo dute euskararen aldeko lasterketan.

Anjel Iturraldek ez du hitz egiten, baina bere emozioak azaleratzen ditu. Poza adierazteko txalo egiten du; eskuak aurpegira eramanez adierazten du harridura; pozik dago eta korri egiten du alde batetik bestera; zirrara sentitzen du eta ez da bere baitan kabitzen. Harro dago. Harro, bihar, Zizurkilen, Uliazpiko Fraisoroko zentroaren kilometro zatian Korrikaren lekukoa eramango duelako.

Korrikaren 23. edizioak elkarrekin eman nahi ditu pausoak eta espazio berriak irabazi, hitzez zein ekintzez. Horregatik hartuko du parte lehen aldiz Uliazpik euskararen aldeko lasterketan, eta Zizurkilgoak bezala, Bergara, Donostia eta Hondarribiko zentroetakoak ere aterako dira kalera. Anjel Iturralde, 2.455. kilometroan aterako da harro plazara, harro herrira, harro Korrikara.



Uliazpi-Fraisoroko zuzendari Joxe Lizasoren esanetan gizartean dagoen aniztasuna lasterketan islatu nahi dute bihar. «Korrikako antolatzaileek gurekiko sentsibilitate handia erakutsi dute. Zizurkilgo kilometroak eragile askoren artean banatuko dira eta batzordekoak gurekin hitz egin zuten aurrena, zein ibilbide zati nahiago genuen jakiteko. Oso eskertuta gaude», esan du zuzendariak. Fraisoroko aldapa jaitsi eta Pasuseko bidegurutzean bertan hartuko du lekukoa Iturraldek, anaia Juan Bautista Iturralde Lagartirekin batera.

 

Joxe Lizaso Uliazpi Fraisoro: «Gure egoiliarrak eta haien familiak erakundearen zutoin inportanteak dira»



Uliazpi entitateak aurtengo Korrikan parte hartzeko erabakia hartu zuenean irizpide bera erabili zuen zentro guztietarako: egoiliar batek eramango zuen lekukoa familiako kide batekin batera. «Ez da kasualitatea egoiliarrek eta haien senitartekoek hartzea protagonismoa Korrikan, gure erakundearen zutoin inportanteak baitira», nabarmendu du Lizasok. 1967an adimen urritasuna eta laguntza premia orokorrak zituzten pertsonentzako zerbitzuak eskaintzeko antolatu ziren Gipuzkoan hainbat familia. Uliazpi etxea, aurrena, Kareaga izenekoa ondoren eta 1981ean sortu zuten Fraisorokoa Zizurkilen. Urte batzuk beranduago, 1989an, Gipuzkoako Foru Alundiak bere gain hartu zuen zentro horien kudeaketa zuzena, eta Uliazpi sortu zen, aldundiko erakunde autonomoa. «Gizarte ekimenak eta familiek Uliazpiko erabakiguneetan euren ordezkaritza izaten jarraitu dute eta eredu hori bakana da. Europako beste leku askotan ez dute ulertzen. Korrikaren leloak dioen bezala, uste dut gipuzkoarrok harro egon beharko genukeela laguntza eta zerbitzu malgu eta askotarikoak eskaintzen dituen erakundeaz», azpimarratu du Lizasok.



Bihar, eskualdeko kaleetan ere ikusaraziko dute hori. Garazi Aristorena eta Izarne Iglesias zaintzaile bezala dabiltza Fraisoron, eta aipatu dutenez, aurreko egunetan egoiliar, senitarteko eta langileen artean Korrikan parte hartzeko mezua zabaltzen ibili dira. «Zentrotik gertu hartuko dugunez lekukoa deialdia luzatu diegu ingurukoei. Nahi duten egoiliarrek jaitsi ahal izango dute, familiakoen eta langileen laguntzarekin. Anjelek anaiarekin batera eramango du lekukoa eta gu tropelean joango gara, gure gurpildun aulki eta bestelakoekin», azaldu du Iglesiasek. Aristorenak gaineratu du, abisua emana diotela dagoeneko Korrikako furgonetari, lasterketaren martxa moteldu dezaketelako: «Ez digute eragozpenik jarri eta jakinaren gainean daude. Modu horretara islatuko dugu aniztasun funtzionala». Pasus inguruko gune hori baliatuko dute euren eguneroko errealitatea ikusgarri egiteko eta nahi duenak espaloitik txalo egiteko aukera izango du. Bergarako zentrokoak ere Zizurkilera etorriko dira bihar, herenegun Korrika handik oso goiz pasa zenez ezin izan zutelako parte hartu. Hango egoiliarrek eta hemengoek elkarrekin kolore anitzeko tropela osatuko dute.



Biharko eguna «berezia» izatea nahi dute Uliazpiko zaintzaileek eta horretarako egun osoko festa prestatu dute. «Egoiliarrentzat egun polita izatea nahi dugu. Korrika pasa aurretik eta ondoren zentroan giroa jarriko dugu eta gurekin jaisterik ez daukatenek telebista bidez jarraituko dute Korrikaren pasaera. Gu ilusionatuta gaude eta egoiliar eta familiartekoak ere bai», esan du Iglesiasek. Lasterketaren inguruan biltzen diren emozioak «kutsakorrak» direla uste du Aristorenak eta data gerturatu ahala geroz eta poz handiagoarekin bizi dutela dio. «Horretan gakoa Anjel bera da. Oso mutiko sentikorra da. Gauzak asko bizi ditu eta gainera sentimendu horiek adierazi eta kanporatu egiten ditu. Ez genuen zalantzarik izan berak izan behar zuela lekuko eramale». Lizasok baieztatu du, Iturraldek baldintza «fisiko eta emozionalak» betetzen zituelako hautatu zutela; badaki ordezkari «ezin hobea» izango dela Korrikan Uliazpi zentroaren aurpegi publiko izateko.



Komunitatean txertatutako herritarrak

40 urte baino gehiago daramatza Fraisoro zentroak Zizurkilen eta bertako gizartean erabat txertatuta dagoela esan dute Uliazpiko arduradunek. «Duela bi urte Elbarrenako festetako txupinazoa botatzera gonbidatu gintuzten eta oso berezia izan zen. Guretzat ohore bat», esan du Aristorenak. Zizurkilen bezala, Villabonan eta Tolosan ere ibiltzen dira zerbitzuaren erabiltzaileak pasieran eta Iglesiasek dio herritarrek izenez ezagutzen dituztela egoiliarrak. «Oso maitatuak dira», baieztatu du. Lorpen handia da hori Lizasoren ustez: «Herriko biztanleak dira beste edozein bezalaxe; ez dira aldapan gora, diputazioarenak diren lurretan bizi diren ezezagun batzuk. Komunitatean txertatua daude». Harro dio zentroko zuzendariak.



Eta komunitatean txertatuta daudenez, euskaraz bizi dira Fraisoron. Komunikaziorako hizkuntza nagusia euskara da eta horregatik erabaki dute Korrikarrekin bat egitea. Lizasok nabarmendu du, nahi baino gehiagotan azaldu direla albistegietan langile publikoen hizkuntz eskakizunak direla medio. «Albistegiak zabaldu dira kontu horrekin, baina uste dugu guk beste errealitate bat bizi dugula hemen eta hori ikusarazi behar dugula bihar Korrikara aterata». Parekotasuna egin du Uliazpik eta euskalgintzako eragileek antolatzeko duten eran: «Herri ekimenak sostengatzen du neurri handi batean Korrika, eta gurean ere, familiak dira erakunde hau posible egiten dutenak».

Lehen aldia da Uliazpik Korrikan parte hartzen duena, baina itxura guztien arabera ez da azkena izango. «Kontzeptuala» da Lizasoren hitzetan eman duten pausoa eta hurrengo urteetan ere parte hartuko dute lasterketan.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!