Ataria TB Eta zer ez da (ez)berdin

Iztueta eta Belaunzaran aurrez aurre

Tolosaldeko Ataria

Agurtzane Belaunzaran berrobitarrak eta Josu Iztueta tolosarrak urte asko egin dituzte gida lanetan askotariko bidaiak eginez.

Zuretzat zer da parekoa?

Iztueta: Emakumea, ama eta gaztea. Ni ez naizen hiru gauza.

Belaunzaran: Laguna.

Nola definituko zenuke?

Iztueta: Berrobin jaioa eta bertan ikasten aritutakoa. Gidari ausarta izandakoa, eta egun ekintzaile ausarta. Gaur egun, oso gutxitan gertatzen da hori, haren profila kontuan hartuta.

Belaunzaran: Bere idealekin bat eginda bizimodua aurrera eraman duen hezur-haragizko pertsona bat; nik ezagutzen ditudan gutxienetakoa da, horrek dituen gauza onekin eta txarrekin. Zaintzailea ere bada lagunekin eta ondokoekin.

Zer ezaugarri positibo nabarmenduko zenuke parekoaz?

Iztueta: Alaia, umoretsua eta batzuetan adarjotzailea. Hiru gauza horiek ondo landu behar izan ditu gidari izateko lan honetan.

Belaunzaran: Nik ere hiru gauza horiek berak esango nituzke hari buruz! Harekin egonez gero, barrea ziurtatuta izaten da, baina serio egoten ere badaki. Inprobisatzen artista bat da!

Zerbait ez hain positiboa?

Iztueta: Tolosatik Berrobira joan zenetik, Tolosako giro edo kulturguneetan ez dugula asko ikusten. Eta horrek pena ematen dit.

Belaunzaran: Denbora gutxian leku askotan egon nahi izatea. Lasai egoteko esan behar izaten diot askotan.

Zer behar du gidari on batek?

Iztueta: Formakuntza eta informazio kontuetan baliabide asko izatea zauden edo zoazen lekukoak. Umorea ere garrantzitsua da, eta, nola ez, pazientzia handia izatea.

Belaunzaran: Hark aipatutakoak neureganatzen ditut. Pazientzia bai behintzat! Ziurtasunez hitz egitea ere garrantzitsua izaten da, nahiz eta gai batzuei buruz informazio gehiegirik izan ez. Tokian tokiko jendearengana hurbiltzeko gaitasuna izatea ere ezinbestekoa da gidari batentzat.

Orain artean egin ez duzun eta parekoarekin egingo zenukeen bidaia bat?

Iztueta: Mongoliara joango nintzateke. Lurrazaletik joatea gustatuko litzaidake, gainera. Bideaz gozatu nahiko nuke. Egiteko dudan bidaia bat da.

Belaunzaran: Edonora joango nintzateke harekin. Bidea litzateke politena; eta berak, gainera, xume bidaiatzeko gaitasuna dauka. Asko miresten dut horretan. Etxetik bizikletan ere abiatuko nintzateke berekin.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!