Eta zer ez da (ez)berdin

«Herrialde bat eta haren bizimodua bertakoen begietatik ulertu behar dira»

Erabiltzailearen aurpegia Unai Ugartemendia

Bidaiatzea lanbidea izan da Agurtzane Belaunzaran eta Josu Iztuetarentzat urte askoan. Argi dute helmugara iristea baino bidean bizitakoa dela garrantzitsuena.

Mundua ikusteko eta bizitzeko modu bat baino gehiago da bidaiatzea Josu Iztuetarentzat (Tolosa, 1957) eta Agurtzane Belaunzaranentzat (Berrobi, 1979). Gidari gisa urte askotako eskarmentua pilatu dute biek, bakoitzak bere bidetik: Iztuetak, Nairobitarra autobus ezagunarekin ekin zion ibilbideari lehen urteetan, eta furgonetan egin ditu bidaia gehienak geroztik; Belaunzaran, berriz, Banoa agentziako taldeen arduradun gisa ibili da munduan barrena. Turismoaren eta bidaiari izatearen arteko mugaz, herrialde bakoitzeko sormen eta kulturaz, eta bidean pilatutako harreman zein tentsioez aritu dira biak, eskarmentuak ematen duen patxadaz.

Zein izan da egin duzuen azken bidaia?

Iztueta: Bizikletaz egin dut azkena. Kostaldetik hasi, Bidasoako bide berdea hartu, Izpegitik iparraldera, Gotainen bertso saioa entzun, San Martingo Harritik barrena Belagoara gerturatu, eta handik etxera. Astebete igaro nuen bizikletan. Bakarrik irten nintzen etxetik, baina bidean hainbat lagun topatuz joan nintzen. Hori izan da azken bidaia, eta gertu egin dudana. Ez dago urrutira joan beharrik bidaiatzeko.

Belaunzaran: Nik maiatzean egin nuen azkena, eta zerbait urrunago joan nintzen: Marokora. Familiarekin joan nintzen. Hilabete baino gehiago igaro genuen bertan furgonetarekin. Aspaldi ez nintzela etxe ingurutik ateratzen.

Bidaiaren batean topo egin duzue inoiz?

Belaunzaran: Zelanda Berrian egin genuen topo behin! Bertako aireportura joan nintzen, «Ongi etorri, Josu» jartzen zuen kartela eskuetan nuela.

Iztueta: Gogoratzen dut, bai! Orain dela hamar urte inguru izango zen. Ia bi egun behar izaten dira bertara iristeko, eta hara neka-neka eginda iristen da bat.

Belaunzaran: Marokon ere elkartu ginen beste behin.

Zer da bidaiaria izatea?

Iztueta: Ni, joaten naizen lekuetan, turista bat naiz. Portaera kontua da askotan. Turista bat errespetuzko bisitaria izan daiteke besteen etxean; eta, ustez bidaiari den motxileroa, berriz, kalamidade bat joaten den lekuetan, arrastoa uzten duelako, baina arrasto txarra. Egia da Agurtzanek eta biok lan bera egin dugula, baina modu ezberdinetan. Hasi ginenean, autobus zahar hura dena zen guretzat: etxea, jatetxea, ostatua… Espazio partekatua zen, gauza onekin eta miseria guztiekin.

Zuentzat zer da bidaia bat: helmugara iristea ala bidean gertatzen den guztia?

Belaunzaran: Helmugara iristea baino gehiago, bertan bizitakoa da hasteko; eta, ondoren, bidaia horrek uzten duen arrastoa, alegia, norberarengan uzten duena. Niri horrek hausnartzeko bideak eman dizkit, beste gauza batzuetan fokua jartzeko modua, edo beste irakurgai batzuk egiteko aukera… Bidaiek beste literatura bat ezagutzeko aukera ere eman didate. Toki ezberdinetan zein idazle dagoen eta zer idazten den jakitea gustatu izan zait haietara joan aurretik. Bideak eta ondorengoak asko markatu naute. Eta, noski, leku ezberdinetatik ekartzen duzun jendeak. Jende askok utzi dit arrastoa. Esaterako, orain dela hamahiru urte Marokon ezagututako familia bati buruz esaten dut niretzat anaiak bezala direla.

Iztueta: Jende bat bidaia batera joan aurretik bertako informaziorik jakin nahi ez duena izaten da, dena bertan deskubritu nahi duelako. Gure lanagatik, aldiz, asko irakurri behar izan dugu ondo informatuta egoteko. Askotan, herrialde horretan ibilitako baten bat ere bisitatu izan dugu hara joan aurretik. Orain dena askoz errazagoa da. Orain lekukoa lekukoan jakin dezakezu, momentuan bertan. Aurreko prestaketa askoz ere zailagoa zen lehen. Nire kasuan, lekuekin oso lotuta jarraitzen dut denbora dezentean, eta jendearekin ere berdin. Marokoko eta Nepaleko jende batzuen telefonoak gordeta izan nituen denbora batean, baina bertako lurrikaren ostean ez dut haien erantzunik jaso. Tristura sortzen didaten uneak dira horiek.

Gogoan duzue gidari gisa egindako lehen bidaia?

Iztueta: Hogeita bi urterekin egin nuen lehen bidaia, ardura nire gain hartuta. Furgoneta zahar batekin joan ginen, zazpi lagun, Europara; neguan, berogailurik gabe, lo-zakua ere halamoduzkoa… Gauetan esnea ere izoztu egiten zen! Eskiko proba batzuetara joateko bidaia zen. Egun osoko ardura izaten zen: gidatzean, aparkatzean edo portu elurtuak jaistean. Oraindik ere amesgaiztoak izaten ditut autobusarekin pasatako hainbat lekurekin. Zorionez, ez dugu ezer larririk izan.

Belaunzaran: Nik hogeita hamalau nituen, aldiz, lehen bidaian. Indiara joan nintzen, eta oso urduri joan nintzela aitortzen dut. Oso herrialde kaotikoa da, jendez lepo leku guztietan… Ez nuen batere gozatu! Egia da herrialdea gustatu zitzaidala, baina ez daukat oroitzapen berezirik. Inoiz ez nuen imajinatzen Indiara iritsiko nintzenik, baina joateko aukera izan nuen. Oso lo gutxi egin nuen bidaia osoan! Nire bidaiak ez dira Josuren antzekoak izan. Inoiz imajinatuko ez nituen logelak eta hotelak zapaldu izan ditut. Halere, oso-oso gaizki pasatako bidaia gehiago gogoratzen ditut lehenengo hura baino. Oso lanbide polita da, baina alde txarrak ere baditu.

Nola kudeatzen dira bezeroekin sortzen diren tentsioak eta emozioak?

Iztueta: Ahal den bezala! Guk psikologia ez genuen unibertsitatean ikasi, baina praktikak eginda dauzkagu. Kontuz ibili behar izaten da. Harremanetan beti izaten dira tirabirak: gidariak bezeroekin, bezeroen artean… Gure kasuan, beti izaten zen besteak baino azkarragoa zen jenderik, eta guk ere izan ditugu horrelakoak. Baldintza gogorretan ibili izan gara gu; esaterako, ur epela edanez, dutxatu gabe, lurrean lo eginez, nahi adina jan gabe… Horrelakoetan bakoitzaren onena eta txarrena ateratzen da. Oso bidaia luzeak egin izan ditugu, hilabetekoak batzuetan, baita bi hilabetekoak ere. Astebetean bakoitzak nolakoa den disimulatzea erraza da, baina bi hilabetean zailagoa da. Horrelakoetan, oso erreta dagoen gidari batek asko sufrituko du, eta asko antzemango zaio. Ederra izaten da gidari batek jendea fidelizatzen duenean.

Belaunzaran: Denetariko jendea dago. Nik hasieran dena oso pertsonal hartzen nuen. Baten bat nahiko petrala atera izan denean, askotan pentsatzen nuen: nik honekin ez dut asmatuko! Baina bakoitza modu batekoa gara, eta, aldarte onean bagaude, burua askorik ez estutzen ikasten duzu. Denborarekin eta eskarmentuarekin dena ikasten da. Nik hasieratik aipatzen nien bezeroei Banoak zuen bidairik ederrenera joatera zihoazela. Errepikatzen nien, ez bazuten gozatzen, ez zela gidariaren errua. Gauza txikienarekin ere gozatzeko esaten nien.

Iztueta: Bidaiaren hasieran gauzak garbi uztea komeni izaten da; esaterako, ordutegiak, puntual izatea… Gure kasuan, jende berak denbora eta espazioa partekatzen zituen luzaroan.

Gaixorik egotea ere egokitu zaizue?

Belaunzaran: Bai. Askotan, buruko min handiarekin egon eta ohean egotea bakarrik nahi izanda ere, han egotea tokatzen da; alegia, zortzi orduko bidaia batean, bide okerretan… Horrelakoetan ezin da esan: gaizki nago eta ez noa. Han egotea tokatzen da. Etxean egonda esan daiteke ez zoazela, baina urruneko bidaia batean hori ezinezkoa da. Askotan hitz egiteko gogoa ere joan egiten da.

Baduzue modu negatiboan ahaztu ezin duzuen bidaiarik?

Iztueta: Ez da ona izaten hasieratik jendea sailkatzea, esaterako, daraman maletagatik, daraman janzkeragatik… Ondo erortzen den pertsona batek hanka-sartze asko egin behar ditu gaizki erortzeko; aldiz, behin gaizki erortzen denak meritu asko egin behar ditu berriro ere harremanak estutzeko. Eta, noski, arrisku hori ere badago. Guk ere baditugu aurreiritziak, eta askori agian ez diegu aukera askorik ematen.

Belaunzaran: Batzuk izan ditut petralak, baina nahiago dut horrelakoak ez gogoratu. Oso jende jatorra ere izan dut bidaietan. Askotan, esaterako, afaltzeko denbora librea ematen genien, eta nik maiz esaten nien nora nindoan afaltzera. Askotan jendea nirekin etorri ohi zen, eta solasaldi ederrak egin izan ditut jende interesgarri askorekin. Oro har, oso jende ona izan dut bidaietan.

Zer da bidaietan ikasi duzuena eta gidaliburuetan azaltzen ez dena?

Iztueta: Besteen lekuan jartzea errespetutik. Gaur egun enpatia izatea deitzen zaio. Bertan dagoenaren lekutik gauzak ulertzea garrantzitsua izaten da. Garrantzitsua da jakitea zein lekutan eta zein garaitan jaio ginen, edo nondik goazen mundura eta nora gatozen mundutik. Horrek niri asko lagundu dit; esaterako, edonon artzainak ikusten ditudanean. Horrelakoetan asko gerturatzen naiz Berastegira. Agian, beste batentzat hori bizimodu exotiko edo paraje idiliko bat izan daiteke.

Belaunzaran: Josurekin oso ados nago. Oso garrantzitsua da herrialdea eta bizimodua ulertzea bertakoen begietatik, eta ez nireetatik. Horretan asko lagundu dit hain eurozentrikoa ez izaten; alegia, zurien ikuspegia duen pertsona bat ez izaten. Bestalde, esker onekoa izatea oso garrantzitsua iruditzen zait: esker onekoa izatea Mozambiken bazkaria prestatu digun emakume horrekin, eta berdin Marokoko beste emakume batekin, sukaldetik atera ere egin ez denean bazkaria amaitu arte. Askotan sartu izan naiz sukalde horietara eta esan: «Eskerrik asko! Zoragarria zegoen bazkaria!». Emakumea naizen aldetik, errazagoa izan dut horrelakoetan emakumeengana hurbiltzea. Oso garrantzitsua da bidaian zehar gertuko izan diren guztiekin esker onekoak izatea.

Egondako zein lekutara itzuliko zinatekete begiak itxita?

Belaunzaran: Mozambikera joango nintzateke. Ez da erraza bidaiatzeko, baina bertakoengana hurbiltzeko edo iristeko aukera asko eskaintzen ditu. Nire buruari agindu diot berrogeita hamar urte betetzen ditudanean berriro itzuliko naizela.

Iztueta: Nik Laponia aipatuko dut. Hogeita hamar aldiz egon naiz bertan: udan eta neguan, bizikletarekin, furgonetarekin, eskiekin, piraguarekin… Aurreko batean bertako batek idatzi zidan, eta esan zidan jada sei argi-ordu besterik ez dituztela. Egunetik egunera, hamabost minutu laburtzen da eguna; astebete barru eguzkia ezkutatuko da, eta ez da berriro agertuko urtarrilaren 20ra bitarte. Orain eguna hotza eta laburra da Laponian.

Erlazionatuak

Iztueta eta Belaunzaran aurrez aurre

Tolosaldeko Ataria aza 12, 11:50 Berrobi   Tolosa

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!