Gaur abiatuko da Korrika Atharratzetik, eta 2.180 kilometro egin eta Euskal Herria zeharkatu ostean, martxoaren 29an iritsiko da Bilbora. 460 herri igaroko ditu, eta 3.436 lekuko hartze izango dira denera, inoizko parte hartzaileena, beraz. Euskara Gara leloa aukeratu dute antolatzaileek, «euskararen egoeraren larriaz ohartarazi eta pizkundearen akuilu izan nahi baitu 24. Korrikak».
Lekuko hartze horietako bat Atariarena izango da. Tolosan egokitu zaio, eta aurreko edizioetan egin bezala, harpidedun batek eramango du. Aurten Aitor Olazabal Atarikideari egokitu zaio ATARIAren lekukoa eramateko ardura.
Euskararen aldeko ekimenak Tolosaldean egingo duen ibilbideari dagokionez, birritan egingo du sartu-irtena. Lehena martxoaren 23an, astelehenean, izango da. 21:33an Lizartzan sartzea aurreikusten da, eta Tolosa, Ibarra, Anoeta, Irura, Villabona, Zizurkil eta Aduna zeharkatuko ditu, 33 kilometro denera. Bigarrena martxoaren 28an, larunbata, izango da. 12:58an sartuko da Ikaztegietan, eta Alegia, Albiztur eta Bidania-Goiatzen zehar egingo du ibilbidea.
Ohiko moduan, Atariak jarraipen berezia egingo dio Korrikari. Batetik, herrietan egingo dituzten Korrika Txikietan izango da, eta horien argazki eta bideo bilduma ikusgai izango da webgunean. Gainera, Korrika eskualdean sartzen denetik ateratzen denera artekoa Ataria.eus-en egongo da ikusgai. Zuzenean jarraitu ahalko da, eta argazki eta bideo sorta ere izango da. Bestalde, Korrika igaro osteko egunkarietan leku berezia izango du ekimenak, argazki esanguratsuenekin.
Marrazki Sariketa
Beste edizioetan izandako harrera ona kontuan hartuta, Korrika Marrazki Sariketa antolatu du Atariak. Gaurtik martxoaren 29ra arteko epea dago parte hartzeko, eta 13 urte bitarteko Tolosaldeko gaztetxo guztiak daude gonbidatuta. Marrazkiak eskuz egina izan beharko du, eta Ataria.eus webgunean lehiaketarako egindako aplikazioaren bidez bidaliko dira.
Bi saridun izango dira, eta Tolosako Elkar dendan erabiltzeko 150 euroko erosketa bonu bana irabaziko dute. Horiek zozketa bidez aukeratuko dira, parte hartzaile guztien artean, eta martxoaren 31n jakinaraziko dira, egunkarian eta Ataria.eus-en.