Aitor Olazabal Atarikideak eramango du Korrikako lekukoa

Ataria 2026ko martxoaren 19a

Korrika antolatzen den guztietan, kilometroa erosten du ATARIAk. Aurten ere, harpidedunen artean egin dugun zozketaren bidez erabaki dugu nork eramango duen lekukoa.

Parte hartu duten harpidedun guztien artean Tolosako Aitor Olazabal izan da zorteduna, eta bere bikotea, arreba eta arrebaren bikotea alboan dituela eramango du ATARIAren lekukoa astelehenen gauean. «Nire ilusioa konpartitu nahi nuen, eta oso polita izango da metro horiek inguruko norbaitekin egitea». Amarotz auzoan 22:30ak inguruan eramango du lekukoa.

Pozik azaldu da Olazabal: «Euskararen aldeko mugimendu polita da Korrika, beti esaten diet ikasleei eta ingurukoei euskara altxor bat dela, zaindu behar dela, eta gure nortasuna dela. Horrenbeste jende ikustea ideia berdinaren inguruan korrikan eta borrokan, oso polita da». Ez da lekukoa eramatea egokitzen zaion lehen aldia, duela urte batzuk Tolosako Laskorain ikastolako Kazkabarra aisialdi taldearena ere eraman baitzuen: «Sekulako emozioa sentitu nuen».

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!