ELKARRIZKETA

«Pozik gaude, haizea alde dugula ari gara arraun egiten»

Ataria 2026ko martxoaren 11

Bi txandatan pasako da 24. Korrika Tolosaldetik: martxoaren 23an eta 28an. Lasterketaren inguruan antolatu direnak koordinatzen dabil egunotan Xabi Etxaniz, eskualdeko Korrika arduraduna.

Eskualdeko herrietan batetik bestera dabil Xabier Etxaniz (Donostia, 1980), kartelak itsasten, petoak banatzen, arropak saltzen eta batzordeetako bilerak koordinatzen. Asteotan jasotako erantzuna «primerakoa» izan dela esan du, eta azken txanpan, parte hartzera animatu du jendea.

Zer moduzko martxa darama Korrikaren antolakuntzak Tolosaldean?

Oso-oso ona. Pozik gaude jendearen erantzunarekin. Oso motibagarria da ikustea zenbateko konpromisoa hartzen duten batzordeetako kideek. Gozamena da. Haizea alde daukagula arraun egitea da horrelako jendearekin lan egitea.

Zenbat batzorde sortu dira eskualdean?

Tolosaldeko ia herri guztietan badago Korrikaren inguruko ardura hartu duen norbait eta guk haien kontaktuak dauzkagu. Denak deitzen ditugu eskualdeko Korrika batzordeetara, Atariako egoitzan egiten ditugunetara. Gaur egingo dugu horietako bat. Antolakuntza nazionaletik iristen zaigun informazioa eta materiala partekatzen ditugu bileran eta saiatzen gara komunikazioa eta koordinazioa bermatzen. Herri batean egiten duten ekimena izan baitaiteke baliagarria beste herri baterako ere.

Batzorde bakoitzak egitarauak antolatu ditu Korrika iristen den egunetarako?

Herri gehienek daukate plangintza eginda bai Korrika datorrenerako, bai aurreko egunetarako ere. Txokolatadak, herri kirolak, meriendak, bingo musikatua, dantza saioak, herri afariak... Egitarau aberatsak prestatu dituzte, bai martxoaren 23aren bueltarako, eta baita martxoaren 28rako ere.

Korrika Kulturaleko emanaldirik izango al da eskualdean?

Aurten, Kaka antzerki lana ematen ari dira Korrika Kulturalaren barruan, eta eskualdean, behin lasterketa pasata antzeztuko dute, Tolosako Leidorren maiatzaren 16an.

Materiala saltzen ari zarete. Oraindik ere baduzue nahikoa?

Bai, badago nahikoa. Postu finkoa Andoaingo euskaltegian daukagu. Eskatzen badigute mugitzeko prest gaude. Adibidez, ostiral honetan Alegian eta Baliarrainen egongo gara. Igandean, Altzoko herritarrek ekimen bat egingo dute, eta horren barruan, postua jarriko dugu. Andoainen martxoaren 18an eta Adunan martxoaren 22an hitzorduak dauzkagu arropa saltzeko.

Petoen salmentan jarri duzue azpimarra aurten. Zergatik?

Aurten, aldaketak proposatu dira petoneta deitzen diogun horren funtzionamenduan: ez du orain arteko martxa berdina eramango, eta toki batzuetan ez da Korrikaren aurretik pasako. Horregatik egiten dugu  aurrez petoa erosteko deia. Zorionez, martxa oso onean saltzen ari dira. Badauzkagu Andoainen mordo bat eta Galtzaundikoek ere laguntza handia ematen digute petoen salmentan; haien egoitzan, Tolosan, salgai daude nahi izatera, bakoitza sei euroan. Anoetan ere, etzi, 18:00etatik 19:00etara egongo dira plazan petoak saltzen.

Beste aldaketa bat lekuko hartzeena da. Denak salduta al daude Tolosaldean?

Ia denak. Lekuko hartzeak oso ondo joan dira. Lehenengo urtea da kilometroa saldu beharrean lekuko hartzeak saltzen ditugula, hortaz ibilbidea txintxetaka antolatu dugu. Batzordeek izugarrizko lana egin dute lekuko hartzeak saltzen, konpromiso handia agertu dute. Eragile batzuek ekarpen osoa egin dute, nahiz eta zatitxo txiki bat egin, eta beste askok ekarpena euren ahalmenaren arabera egin dute. Guztiena da eskertzekoa eta oso baliagarria AEKrentzat.

Oraindik baten bat eskuratu nahi duenak, nora jo behar du?

Olarrain eta Albiztur artean zatitxoren bat geratzen da oraindik ere, beraz animatzen denak gure helbidera idatzi besterik ez du: tolosaldea@korrika.eus. Baina gainerakoan, gainezka egin dugu beste puntu askotan. Villabonak, adibidez, bederatzi lekuko hartze dauzka eta 20 eragilek eman dute izena. Horrek asko laguntzen du gure proiektua aurrera eramaten. Korrika bi urtez behin egiten dugun finantzaketa ekimena da eta jendeak erakusten duen borondatea oso motibagarria zaigu.

Nabarmenduko zenuke lekuko hartze horietakoren bat?

Asko egongo dira. Naizen haur transexualen elkarteak Ikaztegieta eta Alegia artean hartuko du lekukoa, adibidez. Euskal diasporaren lagunek ere hartuko dute lekukoa Olarrainen; horrekin ere gogotsu gaude, pozgarria baita euskara gure mugetatik kanpora entzutea. Dena den, norberak lekuko hartze bakoitza egiten du berezi, azpimarragarriak denak izango dira. Parte hartzea oso altua izango da.

Zaila izan da lekuko hartzeak ibilbidean kokatzea?

Eskakizunak asko izan dira. Edozeinek egiten duen ekarpena eskertzea da aurrenekoa. Hori beste ezeren gainetik. Behin hori esanda, saiatzen gara eskatutako tokitik ahalik eta gertuen egon dadin lekuko hartzea. Ez da beti erraza izaten, baina saiatzen gara dena uztartzen. Kontuan hartu behar da Korrika pasatzen ez den herriek ere egin nahi izan dutela ekarpena, eta denak txertatu behar izaten ditugula ibilbidean. Guztien ulermena eta eskuzabaltasuna eskertzen dugu.

Erlazionatuak

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!