Eskualdean, Tolosaz aparte, badira inauteriak ospatzen dituzten herriak. Horren adibide dira Lizartza eta Berastegi. Lizartzan bi asteburutan ospatu ohi dituzte inauteriak, eta lehen emanaldiak asteburu honetan izango dituzte. Ostiralean, kantuan ariko dira, eta larunbatean, gibela dastatzearekin batera, dantzak izango dituzte nagusi. Hurrengo asteburuan, batetik, puska biltzen ariko dira herriko dantzari eta txantxoak, eta bestetik, mozorroek, karrozek eta txarangek hartuko dituzte kaleak.
Bazkarira joan nahi dutenek otsailaren 4a baino lehen erosi beharko dituzte txartelak, helduek 22 euroan eta haurrak 14 euroan –14 urte arte–. Aurten, lehenengoz, garbantzu bazkariaz gain, bazkari autogestionatua ere antolatu dute eta hori aukeratzen dutenek edaria, platera eta tresnak izango dituzte eskura. Azken horretarako ere aurretik erosi beharko dira txartelak, 638 889 163 (Nagore) zenbakira deituta. Helduek 6 euroan eta haurrak 3 euroan izango dituzte salgai.
Berastegin, hurrengo asteburuan hasiko dituzte inauteriak. Ostegunean txistor jatea egingo dute Gaztainondo elkartean, eta ostiralean herriko txikienak izango dira protagonista. Eskolako desfilea eta txokolate jatea izango dute egun horretan, baina larunbatean, herritar guztiengana zabalduko dute programazioa eta mozorro festan murgilduko dira elkarrekin. Egun horretan, esaterako, herri bazkaria eta mozorro desfilea izango dituzte, besteak beste.
Herri bazkarira joateko interesa dutenek otsailaren 1a baino lehen eman beharko dute izena udaletxean, Ategin edo Urepele elkartean, 6 euroren truke. 2010az geroztik jaiotakoek dohain izango dute. Taldeko mahaia erreserbatzeko aukera egongo da udaletxean. Jatekoa norberak eraman beharko du, baina ogia, edaria, kafea eta kopa antolakuntzakoek jarriko dituzte. Mozorro onenaren saria bazkarian bertan botazio bidez erabakiko da. Irabazleak ohorezko arbia eta 2027ko inauterietako pregoilaria izateko aukera izango du.
Horrez gainera, argazki onena ere sarituko da, eta hori 688 681 952 zenbakira bidali beharko da. Irabazlea Aidanen aldizkarian argitaratuko da.
LIZARTZA
- URTARRILAK 30, OSTIRALA
- 15:40. Eskolako atari aurrean Lizartza kantuan. Tartean inauteri abestiak abestuz.
- URTARRILAK 31, LARUNBATA
- 12:00. Inauteriei hasiera emango zaie gibela dastatuz.
- Ondoren. Otsolar dantza taldearen emanaldia.
- OTSAILAK 6, OSTIRALA
- 14:15. Eskolak antolatutako mozorro festa
- Ondoren. Kalejira.
- OTSAILAK 7, LARUNBATA
- 07:00. Plazan elkartu dantzari, txantxo eta txistulariak eta kalejiran Uetako zubitik denak batera, Diana abestuz hasiko dute inauteria.
- 07:30. Puske biltzea, dantzari eta txantxoak elkarrekin ospeletik.
- 10:00. Etxe-zahar baserrian geldialdia.
- 12:00. Mozorroen eta txarangaren irteera Joxe Mariko aparkalekutik.
- 13:30. Arrateko zubian denak elkartu ondoren, bazkari autogestionatua, frontoian.
- 18:00. Frontoitik kalejiran aterako dira plazarantz. Bertan, sagardotegi ezberdinetako sagardoak eta Lizartzako talogileek egindako taloak jateko aukera.
- OTSAILAK 8, IGANDEA
- 10:00. Meza nagusia.
- Ondoren. Hamaiketakoa plazan.
- 12:00. Dantzariak kalean ibiliko dira puskak biltzen. Gurdi, mozorro eta gainerakoekin batera.
- Ondoren. Lizartzako Inauteri Dantzak plazan.
- 14:00. Inauteri bazkaria herriko pilotalekuan, txarangak alaiturik.
- 16:30. Aranburugoitiarrak. Herri kirol komedia.
- 19:30. Plazan ijitoa errez inauterien amaiera.
BERASTEGI
- OTSAILAK 5, OSTEGUNA
- 18:00. Txistor jatea Gaztainondo elkartean, bertakoentzat.
- OTSAILAK 6, OSTIRALA
- 14:45-16:00. Eskolako desfilea.
- Ondoren. Txokolatea guraso elkartearen eskutik, eskola atarian.
- 18:00. Haurren dantza emanaldia, plazan.
- 19:00. Pintxopote mozorrotua.
- OTSAILAK 7, LARUNBATA
- 12:30. Txupinazoa iazko garaileen eskutik, arbiaren igoerarekin batera.
- Jarraian. Mozorroen desfilea, koreografia, antzerkia... Plazan.
- 14:00. Bazkari herrikoia frontoian.
- 17:30. Laskotxaranga.
- Iluntzean. Luntxa eta DJa Urepele elkartean.