Inauteriak 2026

Herritarrek egiten dituzte berezi

Leyre Carrasco 2026ko urtarrilaren 28a

Lizartzako inauteriak lehertzear daude, eta bi asteburutan izango dute zertaz gozatu. Festak antolatzearen atzetik dagoen lanaren inguruan aritu dira antolaketan dabiltzan herritarrak.

Inauteriak iragartzen dituen aldizkaria prest dute lizartzarrek. Labetik atera berri dute urtero herritarren artean osatzen duten 55 orri inguruko aldizkaria. Bertan, inauteriak iragartzearekin batera, azken urtean antolatu dituzten jarduerak edo garai bateko kontuak ekartzen dituzte gogora. Herritarrak urte osoan horren esperoan egoten direla esan du Maialen Zazpe inauterietako antolatzaileak: «Inauterietarako motorrak berotzen joateko iragarlea da aldizkaria, eta herritarrek asko baloratzen dute lan hori».

Tolosako inauteriak aski ezagunak dira eskualdetik kanpo ere, baina baditugu hain ezagunak ez diren herri txikietako inauteriak ere. Horietako gehienak gizartearen joan-etorriekin batera ohitura zaharrei eta tradizioari eutsi diete, eta horietako bat da Lizartza. Otsolar dantza taldeak du horren ardura, duela 33 urte herriko altxor hori berreskuratzeko hasi baitzen lanean. «Gerra garaian, beste hainbat herritan bezala, inauteriak ospatzeari utzi genion Lizartzan, eta 1994. urtean hasi ginen berriz ere inauteriak berreskuratzen», esan du Malentxo Arrospide antolatzaileak.

Aurten, hortaz, 33 urte beteko ditu Lizartzako inauteri jaiak, eta ohiturari jarraiki, bi asteburutan banatuta ospatuko dute. Larunbat honetan, gibela dastatuz emango diete hasiera inauteriei. Egun horretako protagonistak izaten dira txekorra, jaietarako izendatzen dituzten udal ordezkari bereziak eta Otsolar dantza taldeko dantzariak. Bezperan, Lizartzako inauterietako kantuak abestuko dituzte eskolako atarian.

«Lehen asteburuan egiten dugun dantza emanaldiaren esanahia inauteriak berreskuratu genituenean iritsi zen, 1994an. Esaten da herriko dantzariek astebete lehenagotik biltzen zirela beren otorduak egiteko; alegia, txekor bat hiltzen zuten herriko plazan. Garaiak aldatu egin dira, eta duela gutxi arte txekorraren hiltzea irudikatzen zuen antzerkia egiten genuen arren, orain, gibel jatea eta Otsolar dantza taldearen emanaldia egiten dugu soilik», gaineratu du Arrospidek.

Udal korporazioak ere badu zeresana lehen egun horretan. «Garai batean inauteriak egiteko udaletxeari eskatzen zitzaion baimena, eta tramite hori irudikatzeko, hasieran, alkateorde bat bakarrik izendatzen zen, baina inauteri jaiak berreskuratu genituenean, zazpi lagunekin osatu genuen udal ordezkarien taldea», azaldu du Arrospidek. 

Baimen hori lortuta, Otsolar dantza taldeko dantzariek ematen diote hasiera festari. Guztira, 40 lagun inguru batzen dira oholtzan, haur, gazte zein heldu. «Inauteri dantzak belaunaldien artean transmititzen dira, eta mozorrotzearekin batera, inauterietako emanaldia eta puska biltze eguna oso bereziak dituzte», azpimarratu du Itziar Saez de Ojer herritarrak.

Inauteri dantza batzuk txekor hiltze egunean dantzatzen badira ere, otsailaren 7 eta 8an dantzatuko dituzte gainerakoak. Horiek puska biltzearekin bat egiten dute, larunbatean baserrietan eta igandean kalean. Inauteri dantzak hamar dira, baina baserriz baserri aritzen direnean ez dituzte guztiak egiten; makil dantza eta pala dantza kalean puska biltzen ibiltzen diren egunean bakarrik egiten dituzte. Bada berezia den beste dantza bat ere, soka dantza. Igandean egiten dute eta aurreskua bezala, soka dantza berezia dute Lizartzan.

Dantzen hastapenak

Inauterietako dantzen hastapenak gogora ekarri ditu Arrospidek, baita Otsolar dantza taldearen sorrera ere: «1993. urtean, herriko talde batek Gipuzkoako aurreskua ikasi zuen irailean ospatzen diren herriko festetan dantzatzeko, eta ondoren inauteri dantzak egin ziren. Saio haren ondoren egindako afarian, gazteei inauteri dantzak erakusteko ardura hartu zuen Iñaki Zubeldia herritarrak».

Inauteriak berreskuratze lanetan sortu zen Otsolar dantza taldea, 1994an. Nahiz eta dantza talde honen ardatza Lizartza bertako dantzak izan, Gipuzkoako aurreskua ikasi zuen talde hark Euskal Herri mailako dantza ezberdinak ikasten jarraitu zuen, eta gaur egun, emanaldi ugari egiten dituzte urte guztian zehar, bai herrian eta bai herritik kanpo ere. 

Boluntarioen beharra

Otsolar dantza taldea da inauterietako antolatzaile nagusia, baina badira horren antolaketan dabiltzan beste hainbat herritar ere. «Bileratan eta antolaketan parte hartzen dugunok herritar gutxi batzuk garen arren, inauteriak aurrera ateratzeko ezinbestekoa da boluntarioen laguntza, izan aldizkarian ekarpenak egiten, musikaz herria alaitzen, inauteri dantzak irakasten, hamaiketakoa prestatzen... Esan daiteke inauterietako egitaraua antzekoa izaten dela urtero eta boluntario finkoak badaudela, baina boluntario berriak lortzea ere ezinbestekoa da eta batzuetan tira egin behar da», adierazi du Zazpek. 

Laguntza guztia ongi etorria dela gaineratu du Saez de Ojerrek: «Gaur egun ohitura ezberdinak ditugu inauteriei begira eta inplikatzeko moduak ere ezberdinak dira. Jendeak ez dio hainbesteko denborarik eskaintzen inauteriak prestatzeari, alegia, karrozaren muntaketari edo mozorroak lantzeari».

«Aurten inauterien inguruko bilera irekia egin da. Otsolar dantza taldeko dantzari eta senideei egin zaie deia bereziki, eta urtero hutsik egin ez duten boluntarioak bertan izan dira. Alegia, geroz eta jende gehiagok parte hartu ekarpenak eginez, jaiak aberatsagoak izango dira, eta aurten, bereziki, indarra horretan jarri dugu, eginbeharrak banatuz», aipatu du Zazpek.

Mozorro festan elkarturik

Herritar asko dira egitarauarekin bat egiten dutenak. Horietako bat da bigarren asteburuko larunbatean egiten duten mozorro festa. Eguerdian, mozorro eta txarangen irteera egiten dute, Joxe Mariko aparkalekutik abiatuta, eta ondoren, Arrateko zubian elkartzen dira. Egun horretan herri bazkaria ere egiten dute pilotalekuan, bakoitzak jatekoa ematen du eta herritar asko biltzen dira bertan, «geroz eta jende gehiago joaten da», esan du Saez de Ojerrek. Arratsaldean kalejira egiten dute plazarantz, eta bertan sagardotegi ezberdinetako sagardoak eta herriko talogileek taloak erretzen dituzte indarberritu eta jaian jarraitu ahal izateko.

Inauteri dantzak ez ezik, mozorro festa ere inauterien berreskuratze lanekin batera iritsi zen, 1994an. «Garai hartan arotz ugari zeuden eta sekulako karrozak egiten zituzten inauterietarako, baina ofizio horiek galtzen joan dira», esan du Arrospidek. «Lehen urteetako inpaktua eta giroa moteldu den arren, herria batzeko ospakizun berezia izaten da», gaineratu du. Gaur egun, irudimena eta umorea ez dira falta izaten mozorro festaren bueltan.

Erlazionatuak

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!