Garraio publikoaren zerbitzuak indartuko dituzte inauterietan

Ataria 2026ko otsailaren 10a

Inauterietan autobus eta tren zerbitzuak indartuko dituzte.

Inauterietan garraio publikoaren zerbitzuak indartuko dituzte Tolosako Udalak, Tolosaldea Garatzenek, Renfek eta Lurraldebusek, bai Tolosara joateko eta baita itzulerarako ere. 

Lurraldebus

Lurraldebusen gaueko ohiko zerbitzuez gain, zerbitzu berezi osagarriak eskainiko dituzte otsailaren 13tik 16ra. Aurten, Orendain, Berastegi eta Abaltzisketara doazen zerbitzuek Amarotz auzoan ere egingo dute geldialdia, inguruko bizilagunei gaueko zerbitzuekin erraztasun gehiago emateko. Horiek horrela, Zaldunita egunean, otsailak 15, BU 07 eta BU 08 lineetan zerbitzu bereziak jarriko dituzte, eta  otsailaren 13an, 14an eta 16an gaueko zerbitzu bereziak ere izango dira. Kontuan hartu behar da ohiko lineatan aldaketak ere izango direla, ibilbide eta geltokietan batik bat. Zehazki Ostegun Gizenetik aurrera erdialdeko autobus geltokiak –musika-eskolakoa, San Frantzisko pasealekukoa eta Geltoki kalekoa– bertan behera geratuko dira, jaiak amaitu bitarte. Asteazkenean, Hausterre egunean, 10:00ak aldera itzuliko dira zerbitzuak ohiko ibilbidera, kale garbiketak bere lana amaitu bezain pronto. Ohikoa den bezala, Santa Klara kalean eta Kondeaneko aldaparen hasieran egingo dituzte geldialdiak egun horietan. Udaltzaingoak ohar informatiboak jarriko ditu markesina guztietan. 

Hiribusa

Hiribusaren zerbitzuan ere aldaketak egingo dituzte. Batetik, Ostegun Gizenetik Hausterre egunera egunero kanpoaldetik egingo du ibilbidea. Hau da, Larramendi kaletik, Santa Klarara joango da Jon Andoni Irazusta pasealekuan barrena. Santa Klaran geldialdia egin ondoren, Kondeaneko aldapatik joango da (aldaparen hasieran egingo du geldialdia). Beraz, honako ibilbidea egingo du: Santa Klara > Kondeaneko aldapa > Martin Jose Iraola > Paper kalea > Iurreko biribilgunea. Kiroldegitik aurrera ohiko ibilbidearekin jarraituko du Larramendira arte. Iurreamendi egoitzara ere igoko da dagokion orduetan. Ikastetxeetako geltokiak, berriz, Herrikide (eskolapioak) eta Samaniegokoak, bertan behera geratuko dira. 

Bestetik, aldaketa horrek ordutegian eragingo du. Inauterietan ohikoa den moduan, 07:30ean hasiko du zerbitzua egunero, larunbatean eta igandean izan ezik. Larunbatean 08:40ean izango da lehen zerbitzua; igandean, 10:30etik aurrera. Igandean, astelehenean eta asteartean, berriz, zerbitzua luzatu egingo du: 21:25ean aterako da eguneko azken autobusa, eta 21:57an amaitu.

Otsailaren 18an, asteazkena, garbiketa zerbitzuak lanak amaitu ondoren itzuliko da ohiko zerbitzua. Aurreikusten da 10:00ak aldera izatea. 

Trenak

Renfek ere trenen zerbitzua indartuko du igande, astelehen eta astearterako, bai egunez, baita gauez ere. Igande eta astelehenean, adibidez, ohiko ordutegiko trenez gain, eguneko zerbitzu bereziak izango dira: zortzi Irundik Brinkolarako norabidean, eta zazpi kontrakoan.

Astelehen eta astearte goizaldean ere gaueko zerbitzu bereziak izango dira. Irundik Brinkolara joateko, hiru zerbitzu izango dira bi egun horietan (00:50, 02:25 eta 04:00). Irunerako bidean berriz, sei zerbitzu izango dira (00:29, 01:20, 02:10, 03:00, 03:50 eta 04:40). Gaueko zerbitzu hauen kasuan, Tolosa erdiguneko geltokia (apeaderoa) zerbitzuz kanpo izango da segurtasun arrazoiak tarteko. Tolosako geltoki nagusia erabili beharko da.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!