2.800 lekuko-aldaketa, 4.900 eramaile eta 11 egun zein 10 gau igaro ondoren, 23. Korrikak amaitu du bere ibilbidea, Irundik Baionara. «Inoizko Korrikarik erraldoi eta anbiziotsuena lortu dugu, herria harro egoteko modukoa», adierazi du AEK-k. Ametz Gurrutxaga (Legorreta, 1998) Korrikaren Tolosaldeko arduraduna ere oso pozik dago.
Zer balorazio egiten duzu Korrikak eskualdean egindako bideaz?
Oso harro egon gaitezke. Eskualdean ez ezik, Euskal Herri osoan erantzun bikaina izan du, eta herritarrak ia uneoro egon dira lasterketa jarraitzen.
Eta eskualdeko batzordeek egindako lanaren inguruan?
Aurrez antolatu bezala gauzatu zen dena, ez zen sorpresarik izan. Batzordeetako kideek eta herrietako arduradunek, aurretik nahiz egunean bertan, lan izugarria egin zuten, baita Andoaingo AEK-ko lankideek ere. Batzorde eta arduradun horiek gabe Korrikak ez luke aurrera egiteko gaitasunik izango. Ez da soilik lasterka egitea edo ekarpenak egitea; Korrikak kudeaketa lan handia eskatzen du, eta batzuek musu-truk egiten dute. Horiei miresmen eta aitortza izugarria zor zaie.
Zer nabarmenduko zenuke aurtengo Korrikatik?
Oso hunkigarria izan da. Ni oso hunkituta egon naiz, eta ingurukoak ere hala nabaritzen ditut, oso harro eta oso pozik.
Garazi Arrulak atzo esan zuen mundu oso bat kabitzen dela euskaran. Eskualdean, ia ez zen izan tokirik mundu oso batentzat ere...
Izugarrizko erantzuna izan zuen Tolosaldean. Goierritik jende andana etorri zen, eta Andoain aldera ere jendetza joan zen. Bazter guztietan nabari zen urduritasuna eta gogoa. Eztanda ikaragarria izan zen.
Harro zaudete herritarrek emandako erantzunarekin?
Bai. Oso harro. Herritarren artean gure ikasleak ere izan ziren, eta guretzako zoragarria izan da beraiek ere lekukoa eramatea. Aitortu behar dut gu ere kabitu ezinik egon garela.
Eta zuek harro zaudete egindako lanarekin?
Oraingoz, bai. Oso gustura gaude lankide guztiak.
Korrika igaro aurretik, elkar zaintzeko eskatu zenien herritarrei. Hala gertatu da?
Bai. Oso garrantzitsua da, edozein unetan, elkar zaintzea, eta zer esanik ez, Korrikan. Ez dut kontrako mezurik jaso, eta beraz, herritarrak uneoro ondo zainduta egon zirela esango nuke. Batzordeetako kideak eta arduradunak oso zaintzaile nabaritu ditut.
Arrulak atzo konpetentzia gutxiago eta konpromiso gehiago eskatu zuen, eta euskarak egunerokoa har dezala. Korrikarik gabe ere, herri egiten jarraitu beharra dago?
Noski. Korrika fenomeno oso berezia da. Euskal Herri osoan nabaritzen da sortzen duen emozio eztanda. Hala ere, kontuan izan behar da, hamaika egun horiez gain, urtean zehar badirela egun gehiago, eta euskararen egoera bermatzeko eta hobetzeko, eta euskaraz bizi ahal izateko, egunero jarri behar dugula alea.
Korri egiten ez ezik, Korrika egiten jarraitu behar da.
Hori da. [Barreak]
Zozook udaberrian ere kantatu behar dugu piztiak esnatzeko?
Metafora oso polita izan zen Garazik mezuan idatzitakoa. Gainera, urtaro aldaketarekin batera etorri da Korrika aurten. Udaberria Korrikan bertan ernaldu da. Hori bai, udaberrian ez ezik, udan, udazkenean eta neguan ere, gure ahotsak euskaraz ekoizten jarraitu behar dugu.
Eta hemendik aurrera, zer?
Euskara egunero erabiltzea egokitzen zaigu, lehen hitza euskaraz egitea, telebista euskaraz ikustea, musika euskaraz entzutea, euskaraz lasai aritzeko guneak sortzea... Hizkuntzak askatasun handia du, eta ahal den modu guztietara erabili behar da.