Alegia utzi, eta Bentaunditik barrena sartu da Korrika Tolosan. Bentaundi igaro, eta Laskorain ikastola aldera abiatu da, handik Amarotz aldera egiteko, eta Kondeaneko aldapatik Ibarrarantz joan da Korrikaren furgoneta, atzean ehunka euskaltzale zituela. Ibarrako sarreran herritar ugari zituen zain, eta San Inazio auzora bitarteko tartea egin dute, berriro ere Tolosara sartzeko.
Ibarratik irten eta Zumalakarregi kalera bitartean Atariak eraman du lekukoa, eta eskualdeko komunikabidearen izenean Onintza Garaikoetxea Zabala harpidedunak izan du lekukoa emateko ohorea. Hunkiduraz eta emozioz beterik eraman dute bi ahizpek, hauen amak eta alabek. Zumalakarregi kaletik, Triangulora, Nafarroa etorbidetik Zubi Berrira, eta Santa Klaratik barrena Alde Zaharrean sartu da, Larramendi igaro eta Anoetara bidean jartzeko. Ehunka herritar joan dira batzen Tolosatik igaro den txokoetan, eta Tolosari agur esan dionean, harrotasun uholde bilakatu da Korrika.