Guztia prest du ATARIAK bere hamargarren urteurrena behar bezala ospatzeko. Urriaren 6an izango da festa Tolosako Zerkausian, eta hamargarren urteurreneko ekitaldiarekin batera, musika, bertsoak, bakarrizketak, dantza eta antzerkia izango dira, eta guztia borobiltzeko, jan-edana. 18:00etan hasiko da festa, eta 21:30ak aldera arte iraungo du.
Eskualdeko artisten eta ekoizleen parte hartzearekin osatutako jaia izango da. Izan ere, bai emanaldietarako, bai eta jan-edanerako ere, Tolosaldera jo nahi izan du ATARIAK, eskualdean dagoen kultur eta ekoizle maila oparoa agerian utziz.
Festa borobila izateko osagai gehienak, beraz, prestatuta daude. Hori bai, festara gerturatuko diren herritarrak baino ez dira falta. Izan ere, elkarrekin ospatu nahi dugu ATARIA-ren hamargarren urteurrena, eta horregatik, eskualdeko herritar orori dei egiten diogu festara batzeko. Atarikideak, ATARIA irakurtzen dutenak, Ataria irratia entzuten dutenak, irakurtzen hasiko direnak, elkarte eta erakundeetako kideak, norbanakoak... guztiak zaudete gonbidatuta, beraz, ez izan zalantzarik, eta bertaratu!
FESTA
EMANALDIAK
- Olaia Toral. Villabonako bakarlaria.
- Harituzeko bertsolariak. Eskualdeko bertsolari elkarguneko kideen saioa.
- Ekitaldia. ATARIAK 10 urte.
- Antton Telleria. Tolosarraren bakarrizketa saioa.
- Alaitz Artola eta Amaiur Luluaga. Musikari amezketarra eta dantzari anoetarra.
- Intujai. Tolosako antzerki taldea.
- Habi. Villabonako musika taldea.
- Maixa Lizarribar eta Manex Torrealdai. Altzo eta Tolosako trikitilariak.
- DJ Naza. Alegiako DJa.