ERREPORTAJEA

Hitzekin, korrika zurekin

Jon Miranda Labaien 2022ko api. 6a, 07:59

Korrikari harrera egiteko eskualdean sortu diren batzordeetan batu diren eragile eta herritarrek egin duten lana azpimarratu dute Tolosaldeko AEKtik; etzi bi txandatan pasako da lasterketa eskualdetik.

Antolaketa lanak eginda daude. Eskualdea prest dago Korrikarako. Etzi kalera ateratzeko deia egin dute Tolosaldeko AEK-ko arduradunek: «Ez dadila inor etxean geratu». Apirilaren 8an 09:30 aldera Andoaindik sartuko da Korrika Adunara eta Zizurkil, Villabona, Anoeta, Irura eta Tolosa zeharkatu ondoren, Albizturtik gora, Bidania-Goiatzen aterako da eskualdetik. Egun horretan bertan itzuliko da eskualdera euskararen aldeko lasterketa eta 21:20an Ikaztegietan sartu ondoren, Alegia, Altzo, Tolosa eta Ibarra zeharkatu eta gero, Berastegitik irtengo da gauerdia baino lehenago.

Guztira 53 kilometro dira 22. Korrikak eskualdean egingo dituenak eta ibilbidean egongo dira aldaketa batzuk. Villabonatik Irurarako bidea Sacem-go bidetik egingo du lasterketak, N-1 errepidera atera gabe. Eta, aurten, 6. Korrikaz geroztik inoiz bisitatu ez duen herri bat bisitatuko du: Altzo. «Puntu berezia izango da, 1989tik ez baita herrira igo. Altzotarrak ilusio handiz daude eta lan handia egin dute antolaketan», esan du Ane Aranburu Tolosaldeko Korrikako arduradunak.

Berezia izango da, baita ere, Ibarrako biribilgunetik herri sarrera bitarteko kilometroa, Juan Mari Urruzola AEKidea omenduko baitute lankideek. Tolosaldeko AEK-ko zuzendari Jone Tolosak nabarmendu duenez, Korrika batzordeko kide izateaz gain, urtetan lan handia egin du Urruzolak AEKn: «Uste dugu omentzeko moduko ekarpena egin diola Korrikari».

LEKUKOA, ERAGILEZ ERAGILE

Urtetik urtera geroz eta eragile gehiagok hartzen du parte Korrikan. Aurten ere, erraz saldu dira eskualdeko kilometroak eta Korrika jendetsua espero dute antolatzaileek. «Euren herritik pasa edo ez, Tolosaldeko ia herri guztiek hartu dute parte. Zenbait herritatik ez da lasterketa igaroko, baina herri horiei lekua egin zaie ibilbideko beste puntu batzuetan», azpimarratu du Aranburuk.

Villabonako eta Tolosako erdiguneak espero dituzte jendetsuenak. Aranburuk adierazi duenez, gune horietan kilometroa zatitu egin behar izan dute eragile guztiek lekukoa eraman ahal izan dezaten. Tolosaldean 153 esku aldatze egingo dituzte ostiralean. «Aniztasun izugarria dago eramaileen artean. Kirol talde, enpresa, ikastetxe, guraso talde, emakume elkarte edota gazte asanbladak daude tartean».

AEK-ko zuzendariaren ustetan kilometro salmentak izaten du arrakastarik handiena ekimen ibiltari honetan. «Korrika bizitzeko modurik zuzenena da eta interes handia agertzen dute eragileek euren kilometroa erosi eta ekarpena egiteko», dio Tolosak. Dena den, Aranburuk gogoratu du Korrikarekin bat egiteko beste modu asko ere badaudela: «Korrika laguntzaile egiteko aukera dute herritarrek; Korrika Lagun ekimenarekin enpresei eta saltokiei euren ekarpena egiteko aukera ematen zaie; eta dendan dugun materiala erosita ere laguntza eman daiteke». Donostian dago zabalik Korrikaren denda nagusia, baina ekimenak antolatzen diren bakoitzero denda ibiltaria jartzen dute AEK-ko kideek. Euskaltegian ere izan dute materiala salgai, baina dena agortu zaiela aipatu dute Tolosak eta Aranburuk.

ILUSIO PIZGARRI

AEK-ko arduradunak ziur daude Tolosaldeak harrera «bikaina» egingo diola Korrikari, neurri handi batean eskualde euskalduna delako gurea. Hala ere Tolosaldeak oraindik Korrikaren beharra duela uste du Tolosak: «Hemen ere euskararen aldeko kontzientzia piztuta eduki behar dugu, hizkuntzaren erabileran despistatu ez gaitezen. Uste dut Korrikak sortzen duela halako energia bat, gogo bat, euskarari bultzada emateko baliatu behar dena. Ekimena pizgarria da oso. Balio behar digu gogorarazteko arnasgune izanagatik ere, hemen ez gaudela erabat salbu».

Kontzientzia piztearekin batera, Korrikaren helburu nagusia, euskaltegietako lana indartzeko dirua biltzea da. Tolosaldeak ere badu horren beharra, euskara ikasteko taldeak herrietan egon daitezen beharrezkoa baitu sostengua. Herrian bertan, euskara ahalik eta gertuen izan dezaten, oinarri-oinarrizko ezagutza lortzeko ikastaroak antolatzen saiatzen da AEK eskualdeko herrietan. Gaur egun 7 talde ditu euskaltegiak Tolosaldean: hiru Zizurkilen eta bana Anoetan, Iruran, Lizartzan eta Orendainen. 45 ikasle inguru dira guztira.

«Eskualdeak badu arazo bat: euskara ez dakiten horiek oso sakabanatuta daude eta horregatik zaila egiten zaigu herri txikietan taldea osatzeko adina jende biltzea. Tolosaldearen berezko ezaugarria da hori, herri txikiak dira hemengo gehienak, eta HABEk talde horiek finantzatu ditzan, gutxienez, 6 laguneko taldeak osatu behar dira. Zaila egiten zaigu taldeak martxan jartzea, eta batez ere, denboran iraunkorrak izatea. Talde hauskorrak izaten dira. AEKn pentsatzen ari gara egoera honi nola buelta eman», aipatu du AEK-ko zuzendariak.

Duela aste gutxi Orendainen topatu dute irtenbide bat. Bertako udalak kezka zuen euskaraz ez dakien jende asko joan delako herrira bizitzera. Familia gutxi batzuk izan arren, inpaktu handia dute hizkuntza ohituretan. Orendaingo Udalak erabaki du euskara ikasteko talde bat sortzea, AEKrekin harremanetan jarrita. Ikasturteko azkeneko hiruhilekoan lortu dute lau laguneko taldea osatzea eta martxan jarri dituzte eskolak. Bikote bat, adinekoen zaintzan aritzen den pertsona bat eta jatorri katalana duen beste herritar bat animatu dira. Udalak hartu du osorik bere gain talde horren kostua eta aitortza gisa, udalari dagokion kilometroan lekukoa eramateko ohorea izango dute euskara ikasleek. «Eskertzekoa da, bereziki matrikulazio kanpainak irauten duen bitartean, Orendaingoan bezala, eskualdeko gainerako udal askotan egiten duten ahalegina euren herrietan euskara ikasteko taldeak egon daitezen».

Olatu handi bat, euskaldunok taldean bizi dugun ekimen erraldoi bat da Korrika, eta AEK-ko irakasleek antolakuntzaren zati handi bat beregain hartzen duten arren, esker hona adierazi nahi diete, modu batera edo bestera, ekimenarekin bat egiten duten eragile eta norbanakoei. «Eskatu eta eskatu ibiltzen gara, eta iruditzen zaigu emandakoaren zati txiki bat behintzat itzuli egin behar diogula herriari». AEK-k Korrika Kulturalaren barruan antolatutako ekitaldien bitartez egiten du hori, neurri batean.

Tolosak eta Aranburuk martxoa «zoramena» izan dela aitortu duten arren, bereziki eskertu dute herriz herri osatu diren batzordeek egin duten lana. «Kalera ateratzea baino ez zaigu geratzen. Egindako lanaren emaitza ikusaraziko dugu etzi Korrikan».

LEKUKOAREN 153 ESKU ALDATZE

53 kilometro egingo ditu Korrikak eskualdean eta 153 eragilek ibiliko dute lekukoa eskuz-esku.

Euskararen aldeko kontzientzia piztu eta Tolosaldean AEK-ko euskaltegiek egiten duten lana indartzeko dirua bilduko da Korrikan. Gaur egun, euskara ikasteko hiru talde daude osatuta Zizurkilen eta bana, Anoetan, Iruran, Lizartzan eta Orendainen.

Erlazionatuak

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!