Apirilaren 8an igaroko da Korrika Tolosaldetik

Ataria 2022ko urt. 19a, 11:11

Korrikaren ibilbidearen berri eman dute: Mendebaldean hasiko da, eta Gasteiz izango da igaroko duen lehen hiriburua. 2.180 kilometro eginda eta 11 egun igarota, Donostiara iritsiko da lasterketa.

22. Korrikaren ibilbidearen berri eman du AEK-k. 2.180 kilometro egingo ditu zazpi herrialdeetan, Hitzekin lelopean. Amurriotik (Araba) abiatuko da, martxoaren 31n, ostegunez, eta Donostian amaituko da, apirilaren 10ean, igandean. Tolosaldean apirilaren 8an sartuko da Korrika. Bi sartu-irten egingo ditu. Goizean, 09:30ak aldera sartuko da Adunatik eta hainbat herritan izan eta gero, eguerdian irtengo da Azpeitia aldera jotzeko. Gauean sartuko da berriro, 21:20 aldera, Ikaztegietatik, eta Berastegitik irtengo da gauerdian.

Martxoaren 31n ekingo dio Korrikak, arratsaldez, 16:30ak aldera. Ekitaldi bat egingo dute lehendabizi, eta eskuz esku ibiliko den lekukoan sartuko dute amaieran irakurriko duten mezua. Amurrion hasi, eta ekialdera joko du. Aiaraldean eta Enkarterrin ibiliko da arratsaldean, eta atzera Araban sartuko da ondoren. Berriz ere Bizkaira egingo du handik, eta ekialderanzko bidea hartuko du. Hego Uribetik eta Durangaldetik igarota, Gipuzkoan sartuko da ostiral goizaldean. 09:30ean helduko da Eibarrera, eta Debagoieneko zenbait herri igaroko ditu ondoren.

Leintz-Gatzagatik, Legutiora joango da Korrika, eta, hala, Gasteizerako bidea hartuko du. Arabako hiriburuan amaitu zen duela hiru urteko lasterketa, eta hiriburu huraxe igaroko du aurtengoak lehenik. 17:00ak pasatxoan iritsiko da Gasteizera Korrika, eta gaua izango da handik ateratzerako. Arabako Lautadatik, Nafarroara sartuko da, Sakanatik barrena. Igande goizaldean, berriz, Iruñerrira helduko da. Hegoaldera joango da handik. Tafallaldetik Erriberara joango da, eta han egingo du gaua. Biharamuneko 11:45ak izango dira Tuterara iristeko, eta ilunduta egongo da Erriberatik atera eta Zangozaldean sartzen denerako.

Handik, Pirinio ingurura joango da. Goizean iritsiko da Itzaltzura, eta Orreaga aldera egingo du gero. Ezkaroze, Abaurregaina, Auritz eta beste igaroko ditu bide horretan. Arnegiko mugatik, Nafarroa Beherean sartuko da Korrika, astelehen arratsaldean. 17:00etan helduko da Donibane Garazira. Zuberoara hartuko du handik, baina tarte motza egingo du han, eta Nafarroa Beherera egingo du atzera, Erratzutik Baztanera igarotzeko. Goizaldean izango da hori. Ultzama eta Larraun igaroko ditu ondoren, eta, Sakanan ibili txiki bat egin ostean, Lizarraldera joango da. Gauean helduko da Lizarrara, 21:00ak aldera.

Asteazkena Araban hasiko du Korrikak, Mendialdean eta Trebiñon. Gorbeialdeko eta Arratiako herriak goiz-eguerdi partean gurutzatuko ditu, eta Bizkaiko hiribururako bidean jarriko da. Iluntzean eta gauean ibiliko da hiriko kaleetan. Bizkaia mendebaldean ibiliko da, ondoren, eta, Ezkerraldea igarota, kostaldera iritsiko da ostegun goizaldean. Uribe Kosta inguruan ibiliko da goizean, eta Busturialdera egingo du handik. 13:30erako Bermeon behar luke, ondo bidean. Barrualdera apur bat egin, eta Eatik Lea-Artibaira egingo du. Kostaldean jarraituko du, eta handik iritsiko da Gipuzkoara. Urola Kostan egingo du ostegunetik ostiralera arteko gaua, eta Buruntzaldean sartuko da ondoren.

Tolosaldean, apirilaren 8an

Ostiral goizean iritsiko da Tolosaldera Korrika, 09:30ak aldera. Adunara iritsiko da, eta handik Zizurkilera joko du. Villabonara joango da gero, eta Irura eta Anoeta zeharkatu eta gero, 10:40 aldera iritsiko da Tolosara. Tolosan zeharkaldia egin ostean, 11:30ak inguruan Albizturtik Bidania-Goiatzera joko du.

Azpeitia aldera joango da orduan, eta Goierriko hainbat herritan izan ostean, Tolosaldera itzuliko da gauean. 21:20 aldera aurreikusi dute Ikaztegietan sartzea. Alegiatik Altzora iritsiko da 22:00ak aldera, eta Txaramara joz Tolosan egingo du sartu-irtena berriro 22:25 inguruan. Handik Ibarrara joango da, 22:45 aldera, eta Berrobi eta Elduain igaro ostean, Berastegira helduko da 23:45 aldera. Berastegitik Nafarroan sartuko da Korrika Leitzatik.

Malerreka ibarrera egingo du ondoren, eta Bortzirietara gero. Ibardingo lepotik Lapurdira sartuko da Korrika, ondoren, eta han ibiliko da bizpahiru orduz, Zugarramurdik tarte txiki batez lasterketa Nafarroara itzuli arte. Baionarako bidean jarraituko du gero, eta 17:30ak aldera iritsiko da Lapurdiko hiriburura. Biarritzera, berriz, 20:00ak pasata helduko da. Kostaldetik jarraituko du ondoko orduetan ere Korrikak, eta hala iritsiko da Bidasoaldera, gauerdian. Larunbat gauez igaroko ditu Bidasoaldea, Oarsoaldea eta Hernanialdea, eta, azkenik, goizean ailegatuko da Donostiara. Eguerdian ekitaldi bat egingo dute, eta, ohi bezala, bertan irakurriko dute Amurrion lekukoan sartutako mezua.

22. Korrikaren ibilbidea:

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!