LOURDES REDONDO: «Txikitan ez nuen aukerarik izan euskara ikasteko»
Donostiarra jaiotzez, Zizurkilen bizi da egun Lourdes Redondo, eta bertan ari da euskara ikasten.
Zergatik hasi zinen euskara ikasten?
Betidanik gustatu izan zait hizkuntza hau. Txikitan ez nuen aukerarik izan ikasteko. Nire lagunek ere erdaraz hitz egiten zuten, baina gurasoekin euskaraz aritzen ziren, eta nik sekulako jakin-mina izaten nuen. Besteak beste, horregatik hasi nintzen euskara ikasten.
Zenbat denbora daramazu?
Duela 23 urte hasi nintzen ikasten, baina sei hilabete ingurura haurdun geratu nintzen eta utzi egin behar izan nuen. Sei urte atzera eginda ekin nion berriro euskara ikasteari. Hutsetik hasi nintzen, urte asko pasa zirelako tartean eta guztia ahaztua nuelako.
Parte hartuko duzu Korrikan?
Zizurkildik ostiralean pasako da, baina lanagatik ezin izango dut parte hartu. Hala ere, ekimen polita iruditzen zait, primerakoa. Euskara hauspotzeko beharrezkoa da. Donostian bizi nintzenean ez nuen ezagutu ere egiten, baina orain badakit zer den, eta asko gustatzen zait ikustea.
YURI MURILLO: «Oposizioak prestatzen ari naiz eta euskara titulua nahi dut»
Iruran bizi da Yuri Murillo ibartarra, eta Zizurkilgo AEKn jasotzen ditu euskara ikasteko klaseak.
Zenbat denbora daramazu euskara ikasten?
Umetatik dakit euskaraz, baina aurtengo ikasturtean hasi naiz euskaltegian. Osakidetzako oposizioak prestatzen ari naiz, eta euskara titulua behar dut, puntuak emango dizkidalako. Horregatik jo dut euskaltegira.
Ze mailatan zaude?
B2 mailan nago, eta titulua lortzeko dagoeneko entzumeneko eta irakurmeneko azterketak egin ditut. Biak gainditu ditut eta orain idazmena eta ahozkoa prestatzen ari naiz.
Korrikan parte hartzeko asmoa baduzu?
Ostiralean Iruratik pasako da, eta seguruenik alabekin batera aterako naiz. Irurako zatia soilik egingo dugu. Beste urte batzuetan ere parte hartu izan dut, Iruran edota Tolosan, besteak beste, nire alabak ikastolan daudenetik.
Zer iruditzen zaizu Korrika bezalako egitasmo bat?
Oso polita iruditzen zait, gustatzen zait. Euskara bultzatu egin behar dela pentsatzen dut.
FLORINA CATALINA: «Lekukoa ikasleok eramango dugu eta ilusioz gaude»
Errumaniarra da izatez, eta Talavera de la Reinan (Toledo) bizi zen Florina Catalina. 2019an Altzora etorri zen eta gaur egun Orendainen bizi da.
Non ari zara euskara ikasten?
Orendainen bertan. Udalak aukera eman zidan euskara ikasteko eta pozik jaso nuen gonbidapena.
Zenbat denbora daramazu?
Orain gutxi hasi zen ikastaroa, hiru edo lau saio daramatzagu. Oinarrizko hitzak ikasten ari gara, gutxika goaz.
Zergatik erabaki zenuen euskara ikastea?
Euskal Herrian bizi naiz eta gustuko dut leku hau, beraz, euskaraz hitz egin ahal izatea gustatuko litzaidake. Eta bestalde, nire alabei laguntzeko ere jakin nahiko nuke. Eskolan dabiltza eta lanak egiteko laguntza eskatzen didate. Google bidez aritzen naiz itzulpenak egiten, baina batzuetan ez du ondo itzultzen, eta orduan pentsatzen dut ikasi egin nahi dudala.
Korrikan aterako zara?
Bai, esperientzia berri bat izango da. Orain arte ez nuen ezagutzen eta gogoz nago. Alegiatik pasatzen denean hartuko dugu parte. Gainera, lekukoa ikasleok eramango dugu eta ilusioz gaude.