Mila bederatziehun eta laurogeita hamaikako azaroaren 7an, Amasa-Villabonako udalbatzak urrats oso garrantzitsua eman zuen; alde batetik, udala bere erakunde publiko gisa euskalduntzeko, eta bestalde, herria euskalduntzeko hizkuntza politika eraginkorrak martxan jartzeko. Gainera, urte hartan, euskara bultzatzeko araudia aho batez onartu zuten, eta geroztik indarrean jarraitzen du. Hori dela eta, aurten euskara erabilera normalizatzeko udal-ordenantzaren 30. urteurrena ospatu dute.
Lan horri esker, udalak «hizkuntza politika eraginkorrago bat garatzea» ahalbidetu zuela adierazi zuen Xabat Laborde euskara zinegotziak urteurren ekitaldian. «Urrats hori aitortu, udal batzari eskertu, eta urte hartan euskararen normalizazioaren bidean ibilbide berri bat hasteko lortu zen adostasuna azpimarratu nahi izan dugu». Horrez gain, orduz geroztik ere egin den lana balioan jarri nahi izan dutela aipatu zuen, eta gaur egun arte lanean aritu direnei eskertza adierazi zien: «Hemen ez da ezer bukatzen, eta lanean jarraitzen dugu euskararen alde».
Besteak beste, aipamen berezia egin zioten orduko euskara zinegotzia izan zen Xabier Zabalari. «Gure artean dauden euskara jakitunak geroz eta gehiago dira», adierazi du Zabalak. Udalak emandako datuen arabera, azken 30 urteetan asko hazi da euskararen ezagutza, baita erabilera ere, eta gaur, Amasa-Villabonan bizi direnen ia %80 euskalduna da, euskara hitz egin eta ulertzeko gai baitira.
Eskualdeko bost udalerri berri Ueman
Hain zuzen, Hego Euskal Herriko beste 90 herriekin batera, Udalerri Euskaldunen Mankomunitatea osatzen du Amasa-Villabonak. Maiatzean ospatu du Uemak urteko lehen batzar nagusia, 30 urte bete dituen urte berean. Batzar horretan, Zizurkil eta Amasa-Villabona bera mankomunitateko kide izendatu dituzte. Aiztondo bailarako bi herriak, ordea, ez dira 2021ean Ueman sartu diren eskualdeko herri bakarrak. Maiatzean bertan, Uemako kide izateko erabakia hartu du Elduaingo Udaleko osoko bilkuran.
Azaroan, bestetik, urrats bera eman dute Ibarrako eta Bidania-Goiazko udalek. Azken hauek gehituta, Tolosaldeko 21 udalerri dira mankomunitateko kide. Abenduaren 18an egin du Uemak batzar nagusi berria, Idiazabalen, eta bertan aztertu dituzte herri berrien eskaerak. Gaur egun, 93 udalerri dira Udalerri Euskaldunen Mankomunitateko kide. Tolosaldeari dagokionez, 21 udalerri dira jada Uemako kide. Hala ere, azken urteetan euskararen erabilerak atzerakada izan duela aipatu dute udal guztiek, eta horregatik, hori indartzen jarraitzeko konpromisoa berretsi dute.
Galtza handietan sartu zuten hanka
Duela 30 urte, 1991ko maiatzaren 26an argitaratu zen Galtzaundi aldizkariaren 0 zenbakia. Sortu berria zen Galtzaundi Euskara Taldea, euskararen normalizazioaren aldeko urratsak eman eta Tolosaldean proiektua sendotu duena, eta abian jarri zuen lehen proiektu garrantzitsuenetakoa izan zen eskualdeko albisteak bilduko zituen hilabetekaria martxan jartzea. Tolosaldeko berriak lantzen hasi ziren, inguruko herrietako gertakizunei eta protagonistei orrialdeak eskaintzen; euskaratik eta euskaraz, eta gaur egun gertukoak ditugun tokiko komunikabideen aitzindaria izan zen.
Efemeride hura gogorarazteko, aldizkariaren historia jasotzen zuen erakusketa prestatu zuen euskara taldeak. Erakusketa ibiltaria izango bada ere, estreinakoz Tolosako Aranburu jauregian egon da ikusgai, urrian zehar. Aurrerago, eskualdeko herri gehiagotan erakustea da asmoa. Hedabidearen hastapenak, historia, bitxikeriak, lorpenak, eta beste zenbait xehetasun biltzen dira bertan.
Erakusketa, ordea, ez da hiru hamarkadetako ibilbidea aitortu eta ospatzeko ekimen bakarra izan. Zaldunita egunean, Galtzaundi, 30 urte emanaldi berezia egin dute Leidor aretoan, Inauterietako musikan euskarak duen garrantzia azpimarratuz. Et Incarnatus orkestrak eskaini du kontzertua, hainbat musikari eta kantari ezagunen kolaborazioekin.