Aurtengo uztailean, berriz, herri administrazioaren eta gizarte eragile guztien artean hizkuntza politika partekatua sustatzeko eta hizkuntza normalizazioaren alorrean lanean jarraitzeko, hainbat eragilerekin elkarlanean, Euskararen Aholku Kontseilua sortu dute.
Besteak beste, azaroan Tolosako Udaleko osoko bilkuran aho batez onartu da Tolosako Euskara Sustatzeko Ekintza Plan berria, azken hilabete hauetan diseinatzen aritu direna; hala, 2019. urtera arte martxan egon zen plana berritzea lortu dute. Behin plan berria onartuta, indarrean sartzen denean, bertan bildutako erronkak eta helburuak betetzen diren ala ez ziurtatzea izango da datorren urteetan kontseiluak izango duen zeregin nagusiena.
Hizkuntza politikako beharrei erantzuteko tresna «egoki eta eguneratu» bat izatea nahi dute kontseilua, «lan egiteko modu berri batekin». Hain justu, ondorengo norbanako eta eragileek osatzen dute: udaleko euskara zinegotzia, euskara saila, udal talde politiko guztietako ordezkariak, Udalerri Euskaldunen Mankomunitatea, Galtzaundi euskara taldea, Herrikide, Laskorain, Samaniego, Inmakulada eta Orixe hezkuntza zentroak eta TOLOSALDEKO ATARIA.