A-15 autobidea itxiko dute bihar eguerditik aurrera

Tolosaldeko Ataria 2021ko aza. 26a, 13:17

Gipuzkoako Foru Aldundiak iragarri duenez A-15 autobidea itxiko dute bihar 12:00etatik igande arratsaldera arte, Euskal meteorologia agentziak elurra iragarri duelako 700 metrotik behera. Ondorioz, A-15 errepidea erabat itxiko dute, bi norabideetan, Gipuzkoako zatian, Andoaingo lotunetik Berastegiko lotunera bitarte.

Dena den, errepidea elurra hasten denean itxiko dutela esan du Aintzane Oiarbide Bide Azpiegituretako diputatuak: “Errepidea ez da moztuko elurra hasten den arte. Errepideko langileak eta trafikoa arautuko duten ertzainek erabakiko dute, lekuan bertan, A-15 autobidea noiz itxi. Eta zabaltzerako orduan ere berdin jokatuko dugu: elurra egiteari uzten dionean, lanean daudenek erabakiko dute noiz dagoen errepidea modu seguruan irekitzeko moduan”. Zirkulazioa Berastegi eta Tolosa arteko errepidetik bideratuko dutela gaineratu du.

Hala ere, alertak irauten duen bitartean, kamioiek debekatuta izango dute GI-2130 errepidetik joatea. N-I errepidea edo Sakanakoa erabili beharko dute Gipuzkoara sartzeko edo Nafarroara joateko. Ibilgailu arinek, aldiz, Tolosatik Berastegira doan bidea erabili ahalko dute. Aldunditik esan duenez, trafikoa bideratzen elkarlanean arituko dira Nafarroako foralak eta Ertzaintza. “Autobidea itxita dagoen bitartean ibilgailu kopurua nabarmen handituko dela GI-2130 errepidean jakitun gara, eta gure eskuan ditugun baliabide guztiak jarriko ditugu bidea ahal den egoera onenean mantentzeko” aurreratu du Oiarbide diputatuak.

Diputatuak azpimarratu du garrantzia handikoa dela gomendioei jarraitzea eta arriskuak saihestea, ahal den neurrian. "Eguraldi baldintza oso txarretan, komenigarria da autoa ez hartzea, eta hori ezin bada, egiaztatzea ibilgailua egoera onean dagoela, eta baliabide egokiekin", azpimarratu du Oiarbidek eta gehitu du “errepidea egoera txarrean dagoenean, gogoratu ezkerreko erreia libre uztea elurra kentzeko makinek eta larrialdietako ibilgailuek beren lanak egin dezaten”.

Oiarbide diputatuak adierazi du Belabietako tuneleko lanak neguko bidezaintza lana baldintzatzen duela. “A-15 errepidea mendiko autobia da eta, altuera dela eta, elurrak gehien zigortzen duen lurraldeko puntuetako bat da. Egungo egoeran, bypass bidez araututako trafikoarekin, elurra egiteko makinek ezingo lukete behar bezala lan egin,  eta, ondorioz, A-15eko erabiltzaileen segurtasuna zaintzea ezinezkoa denez, autobia ixtea erabaki hartu da. Zabalik mantenduko den zati bakarra Berastegi eta Leitza arteko zatia izango da”. Elurragatik alerta igaro bezain laster, eta segurtasunez egin ahal denean, Gipuzkoako Foru Aldundiak autobidea ireki eta zirkulazioa berrezarriko duela esan du.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!