Errealitatera egokitzeko eskatu diete alkateek aldundiari

Tolosaldeko Ataria 2021ko aza. 19a, 12:19

Berastegi, Berrobi, Elduain eta Ibarrako alkateek bilera izan dute Gipuzkoako Foru Aldundiko Bide Azpiegituretarako departamenduarekin, elurra 700 metrotik behera iragarrita dagoenean A-15 autobidea itxiko dutelako. Amaia Azkue Berastegiko alkateak esan du irtenbidea autobidean bertan aurkitu behar dutela, baina aldunditik ez dute atzera egin, eta koordinazioa egongo dela esan diete.

Berastegi, Elduain, Berrobi eta Ibarrako alkateek bilera izan dute gaur goizean Gipuzkoako Foru Aldundiko Bide Azpiegituretarako departamenduan. Komunikabideetan irakurri ahal izan zutelako jakin zuten diputazioak A-15 autobidea itxiko duela Euskalmetek elurra 700 metrotik behera iragartzen duenean. Eta horrek eragingo dituen ondorioek kezka sortzen diete. "Pisu handiko kamioiei ez diete utziko Berastegitik behera joaten, Sakanako errepidetik bideratuko dituzte, hori esan digute gaurko bileran, baina guk badakigu zer gertatzen den autobidea ixten dutenean, kamioirik egon gabe ere. Errepide horretatik doazen ibilgailuen kopurua igotzearekin dena kolapsatzen da", esan du Amaia Azkue Berastegiko alkateak. Autobidea itxi duten guztietan ibilgailu kopuru handia jaisten da GI-2130 errepidetik eta arazoak sortzen ditu Berastegi, Elduain, Berrobi eta Ibarran. "Jende askok ez du errepidea ezagutzen eta horri gehitzen badiogu elurra egongo dela... egoera ez da batere erraza izango. Iragarpena astean zehar izan daiteke gainera eta zerbitzu asko eskaintzeko arazoak izango dira; lantokietara edota ikastetxeetara doazen autobusak, bestelako zerbitzuak eskaintzen dituztenak...".

Alkateek eskatu dute ibilgailuak A-15etik ez jaistea, baina ez dela posible esan diete. "Bermatu digute zerbitzu eta baliabide guztiak bermatuko dituztela, Ertzaintza egongo dela guztia bideratzeko, suhiltzaileek ere badakitela... koordinazio on bat egongo dela esan digute. Horrekin batera esan digute elurra egiten badu errepidea garbi egongo dela eta aurretik adarrak moztuko dituztela, elurra egiten duenerako dena prest izateko".

Malgutasuna eta errealitatera egokitzea da alkateen iritziz beharrezkoa, horregatik uste dute elur iragarpenarekin bakarrik ixtea gehiegizkoa dela. "Askotan tokatu daiteke autobidea ixtea, azarotik maiatzera bitarte egon gintezke horrela", esan du Azkuek. 

 

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!