ERREPORTAJEA

Babestu gaituzte, babestu ditzagun guk

Jon Miranda Labaien 2021ko api. 23a, 07:59

Gaur da Liburuaren Nazioarteko Eguna eta ospakizunetatik harago, Tolosaldean literatur sisteman parte hartzen duten idazle, argitaletxe, liburu-denda, liburutegi eta irakurleen iritziak bildu ditu Atariak. Irakurzaletasuna bultzatzeko ahaleginean ari diren eragileak dira.

Azken hilabeteotan ohiko erritmotik atera eta zaurgarri sentitu garenean, askok jo dugu kulturara, eta besteak beste, liburuetan hartu dugu babes. Aldi berean, pandemiak agerian utzi du kultur sistema hori zeinen babesgabe dagoen eta zein egoera prekarioan bizi den.

Kultura erdigunera ekartzetik urrun gaudela uste du Olatz Osa Zubia Elkar argitaletxeko zuzendariak: «Pandemiak karikaturizatu baino ez du egin lehendik datorren joera eta agerian utzi du gizartean zenbateko pisua duen kulturak. Momentuko kontsumo igoerez harago, zein toki betetzen du kulturak gure bizitzetan, zenbateraino hartzen dugu aintzat, zenbateraino babestu?».

Pili Aranburu: «Oso gertuko harremana dugu erabiltzaileekin eta ezagutzen ditugu haien zaletasunak»


Ez da langintza erraza, adibidez, gaur egungo eskaintza zabal horretan liburuei ikusgarritasuna ematea. «Kontuan hartu behar dugu zenbat informazio, argitalpen eta bestelako sarrera iristen zaigun gutako bakoitzari egunero. Itsaso zabal horretan ez da batere erraza gure eskaintza ikusgarri egitea», aipatu du Osak. Are gutxiago eskaintza euskara hutsezkoa bada.


Liburuak, gaur eta urte osoan. IBAI LUQUE EIZAGIRRE

Amaia Goikoetxea Orbegozo alegiarra 111 Akademiako eragilea da eta bere hitzetan jende asko dago euskaraz liburu bakar bat ere irakurtzen ez duena. «Arazoa ez da hizkuntzaren ezagutza, beste bat da. Adin batetik aurrerako irakurle askok izugarri altua den pareta ikusten dute, euskaraz irakurtzea arrotza egiten zaiela esaten digute». Literaturara hurbiltzeko aholkularitza baten falta nabari du Goikoetxeak: «Asko gerturatzen zaizkigu nondik hasi ez dakitela esaten. Zentzu horretan, beste irakurleen iritziak eta iruzkinak eskura izatea lagungarri izan dakieke, zein liburu mota aukeratu erabakitzeko eta zaletzen joateko».

Arantxa Zabala: «Ez dakit zenbateraino asmatzen dugun gazteekin»


Aholku eske gerturatzen dira askotan irakurleak liburutegietara. Pili Aranburu Gereñuk 38 urte daramatza liburuzain Villabonako Sebastian Insausti udal liburutegian: «Oso gertuko harremana dugu erabiltzaileekin eta ezagutzen ditugu haien zaletasunak. Gomendio eske etortzen zaizkigu eta gugan konfiantza jartzen dute. Beti ez dugu asmatzen baina gutxienez aintzat hartzen dute guk esandakoa eta hori eskertzekoa da».

Irakurle taldeen ugaritzea

Tolosaldeko herri askotan irakurle taldeak jarri dira martxan azken hilabeteotan. Arantxa Zabala Artola Aiztondoko Plazida Otaño liburutegiko liburuzainak irakurketak konpartitzeko behar handiagoa sumatzen du jendearengan orain. «Genero ikuspegiarekin ere badu zerikusia. Gaur egun solasaldi literario asko feminismoaren gaiarekin lotzen dira», esan du Zabalak. Asteasuko emakume taldeak martxoan jarri zuen irakurle taldea martxan eta 111 Akademiara jo zuen laguntza eske. Bertan dinamizatzaile lanetan Goikoetxea aritzen da eta Alegian sortu diren beste bi irakurle talde ere dinamizatzen ditu. Denetan gizonezko baino emakume gehiagok hartzen du parte. «111 Akademian ere gehixeago dira akademiakide gisa izena emanda dauden emakumeak baina gero iruzkinak bidaltzerakoan kopuruak berdindu egiten dira», nabarmendu du Goikoetxeak.

Plazida Otaño liburutegian bi irakurle talde dauzkate gaur egun, bata gaztelaniazkoa eta bestea euskarazkoa. Zabalak «positibotzat» jo du solasaldi literario hauen ugaritzea eta bereziki pozten da jendea liburutegira euskarazko solasaldi literarioak eskatuz gerturatzen delako. «Askok beren burua euskaraz irakurtzera behartzearren ematen dute izena», esan du Aiztondoko liburuzainak. Elkar argitaletxeko zuzendariak ere begi onez ikusten ditu irakurle taldeak eta talde hauek egiten duten lana goraipatu du: «Ereite bat bezala ikusten dut. Talde horietan ere ikasten da irakurtzen. Orain liburu batekin hasi eta hurrengoan bestearekin jarraitu, irakurlea zaletzeko bidea dira eta elementu inportantea beraz, literatur sistema honetan».

Olatz Osa: «Gizarteratzeko eta liburuak ikusarazteko aukera guztiak baliatu behar ditugu» 


Irakurzaletasun horretan, ordea, nerabezaroan eten bat egoten dela baieztatu dute bai Villabonako eta bai Aiztondoko liburuzainek. Zabala: «Ez dakit zenbateraino asmatzen dugun gazteekin. Haurrekin hor nonbait, erakartzen ditugu liburutegira, baina 14 urtetik gorakoek eskapo egiten digute. Oso gutxi hurbiltzen dira. Konturatzen naiz liburuak oso luze egiten zaizkiela, irakurketa motzagoetara ohituta daudela eta horregatik baztertzen dituztela liburuak. Ez dut esango irakurtzen ez dutenik, beren modura eta intereseko gauzak irakurtzen dituztelako, baina batez ere beste modu batera egiten dute. Modu fragmentatuagoan eta azkarragoan».

Baieztapen horrekin bat dator Osa: «Ez nuke esango lehengo gazteek baino gutxiago irakurtzen dutenik gaur egungoek, baino bai esango nuke dagoen eskaintza zabala ikusita, espero genezakeena baino gutxiago zaletzen direla. Etxean, eskolan edota aisialdian gazte eta nerabeak irakurzaletzeko zer lanketa egiten da? Uste dut ardura partekatua dela. Guk argitaletxeok duguna ez dut albo batera utzi nahi. Gure erantzukizuna da ahalik eta lanik erakargarrienak eta txukunenak argitaratzea gazteentzat, haien interesa eta arreta piztuko duten liburuak publikatzea. Gure aldetik ahalegina egingo dugu, baina uste dut erronka guztiona dela».


Oihana Iguaranek zuzendutako idazmen tailerra Plazida Otañon. J. MIRANDA

Badaude bestelako adibideak ere. Oihana Iguaran Barandiaranek astean behin idazmen tailerra zuzentzen du Plazida Otaño liburutegian eta idazketa lantzeko interesa duten 14-15 urteko bost gazte inguratzen zaizkio. Denak ere irakurzaleak: Samik eta Oihanak aitortu dute, adibidez, nahi baino gutxiago irakurtzen dutela «denbora faltagatik».

Ikastetxeetan egindako deialdi bati erantzunez gerturatu dira gazteak idazmen tailerrera. «Iaz Hernandorena ipuin lehiaketan parte hartzera bultzatu gintuen irakasleak iaz eta konturatu nintzen eroso aritu nintzela; ez nekien alde hori banuenik», esan du tailerrean parte hartzen duen Gorkak. Oihana, berriz, aurten hasi da saioetara gerturatzen: «Etxean nire kabuz ez nuen tarterik hartzen idazteko eta hemen landu dezakedan gauza bat da».

Amaia Goikoetxea: «Adin batetik aurrerako irakurle askok izugarri pareta altua ikusten dute» 


Iguaranek nerabeentzat literatur lehiaketetan parte hartzera gonbidatzen ditu gazteak, nahiz eta aitortzen duen horrelako gutxi daudela aukeran. Iruñan antolatzen den Asun Casasola VI. Ipuin lehiaketako gazteen kategorian lehen saria eskuratu zuen tailerrean parte hartzen duen Oihana Fernandez de Larrinoa Ibarbiak.


Oihana Iguaran, berak idatzitako 'Hormak' lana eskuan duela. J. MIRANDA

Iguaranek literatur sariketa bati esker idatzi du bere lehen eleberria, Hormak izenekoa. «Baldintza idaztea zen eta horrek lasaitzen ninduen, ez nengoelako behartua argitaratzera. Sariaren berri izan zutenean, Elkarreko editore Xabier Mendigurenek hots egin zidan eskaintza egiteko. Poz handia hartu nuen eta ilusioa egin zidan, gehienbat mundu honetan arituak diren pertsonekin lan egiteko aukera ematen zidatelako. Liburuen mundu hau tripetatik ezagutzeko gogoa nuen. Interesgarria izan da. Sortzen ari zarenean askotan perspektiba galdu egiten duzu eta kanpotik aholkuak emango dizun norbait izatea beti da lagungarri. Zoritxarrez konfinamenduagatik, ez dugu aukera handirik izan aurrez aurre elkarlanean aritzeko eta gehiago ikasteko gogoz geratu naiz».

Idazle eta editorearen arteko lana «eskuz esku» egiten dela nabarmendu du Elkar argitaletxeko zuzendariak. «Harreman zuzena da, idazleak gurera dakarren proiektua hobetzen laguntzen saiatzen gara, forma ahalik eta egokiena ematen, obrak irisgarritasun eta zabalkunde gehiena izan dezan. Liburuari azken itxura eman eta sustapen lana da gure egitekoa». Osak nabarmendu du proposamena argitaletxera iristen den momentutik bertatik izaten dutela gogoan obra horren zabalkundea: «Gogoeta hori prozesu osoan dago presente. Uneoro hartzen dugu kontuan zein hartzaileentzat den aproposa liburua eta hartzaile horrengana nola iritsi pentsatzen dugu. Gaur egun prentsaurreko bat antolatzearekin ez da nahikoa. Guk geroz eta jendaurreko ekitaldi gehiago antolatzen ditugu. Gizarteratzeko eta liburuak ikusarazteko aukera guztiak baliatu behar ditugu».

Zuzeneko ekitaldi horietan izaten dute argitaletxeko arduradunek harremana irakurleekin. «Harreman hori guretzako ikasgai handi bat izaten da. Jendeak zein motatako libururi begiratzen dion, zeini heltzen dion, zein galdera egiten duen... guzti horri begiratzen diogu eta guretzako oso garrantzitsua da. Argitaletxeontzat Durangoko Azoka da horretarako plaza egokiena. Iaz bertan behera geratu zen eta irakurleekin dugun zuzeneko harreman horren falta sumatu genuen», esan du Osak.

Argitaletxeek beste bide batzuk topatu behar izan dituzte irakurleen interesen berri jakiteko, besteak beste, liburu-dendetan galdetuta. Tolosako San Frantzisko ibiltokian dagoen Babel liburu-dendaren ardura darama azkeneko hamalau urteotan Fabiola Jubinek: «Guk harreman zuzena dugu irakurleekin eta aholku eske asko gerturatzen zaizkigunak dira. Ikusmiran gerturatzen dira batzuk, nobedadeak zeintzuk diren jakin nahi nahian beste batzuk. Autoreengan jartzen dutenak ere badaude».

Nobela beltza da arrakasta gehien duen generoa Ixone Karrera Babeleko saltzailearen iritzian: «Nobela grafikoen salmenta igo egin da eta euskaraz gehixeago kostatzen da liburuak saltzea. Iaz, esate baterako, Amets Arzallusen Miñan izan zen gehien saldu zena». Villabonako Kale Nagusian dagoen Basajaun liburu-dendako Aitziber Cenzanok ere baieztatu du bertsolari hendaiarraren lanak izan duen arrakasta: «Iaz, martxotik maiatzera itxialdiak iraun zuen aldian gehien eskatu zen liburua izan zen Miñan».

Basajaun liburu-dendan eskuratzen dituzte ale berrietako asko bai Villabonako Sebastian Insaustin eta baita Aiztondoko Plazida Otañon ere. Zabalak azaldu du: «Herriko denda txikietan erosteko filosofia gurera ekartzen dugu, gertutasuna da gure baloreetako bat eta elkar zaintzen saiatzen gara». Herritarrek egindako eskaerak konplitzen ere saiatzen dira eta haiek eskatutako liburuak erosten dituzte, berriak badira behintzat. Argitalpen zaharragoetarako liburutegien arteko mailegu zerbitzura bideratzen dituzte irakurleak. Villabonako liburuzainen esanetan «oso ondo» funtzionatzen duen zerbitzua da.

Bestelako kontsumo ohiturak indarrean dauden honetan, irakurketak eskatzen du beste patxada bat. Arnasgunea dira liburuarentzat liburutegi eta liburu-dendak eta idazle/irakurle bikoteak funtzionatu dezan ezinbestekoak ekosistema hori zaintzen duten argitaletxe eta irakurle taldeak. Zaintza erdigunean jartzeak salbatuko du kultura.

 

ARGITALETXEA: ELKARREN EGOITZA NAGUSIA ADUNAN

Aurreikuspenen arabera, udazkenerako zerbitzu guztiak Adunan izango dira eta handik ariko da lanean Elkar fundazioa. Biltegia eta logistika zerbitzuak izango dira lehenak Adunatik lanean hasten, eta gerora iritsiko dira bertara Elkarreko zerbitzu orokorrak, argitaletxea eta fundazioa.

Behar bati erantzunera dator Adunako egoitza, Joanmari Larrarte Telletxea Elkarreko komunikazio eta kultura zuzendariak aipatu duenez: «Banaketa enpresak garapen handia izan du azken urteotan eta gaur egun, Euskal Herrian ez ezik, Espainiakoa estatuko lurralde guztietara banaketa egiteko gai da. Hala bada ere, gaur egun banaketa zerbitzu guztiak eta biltegia ez ditugu leku bakarrean, baizik eta hainbat eremutan sakabanatuta. Zerbitzua askoz ere hobea eta azkarragoa izan dadin, garrantzitsua da dena egoitza bakarrean antolatzea, eta horretara dator Adunakoa. Zerbitzuaren kalitatean irabaziko dugu. Horrez gain, etorkizuna ziurtatu nahi dugu, bai euskal kulturako enpresa indartsu izaten jarraitzeko euskal kulturak behar baititu bertan errotutako azpiegiturak, bai bertako lanpostuentzat ere, krisi egoera iraunkor honetan lanpostuei eustea ere helburu garrantzitsua baita Elkarrentzat».

Adunakoa «aukera» izan da Elkarrentzat Larralderen hitzetan, lehendik dagoen pabiloi bat egokituaz behar zuen espazioa lortu duelako eta aurretik zuen proiektuak eskatzen zuena baino inbertsio txikiagoarekin egin ahal izango delako. «Euskal Herrira zein Espainiara egunero eta ahalik eta azkarren zabaltzeko Adunako kokapena ona da, komunikazio oso egokiak dituelako» aipatu du komunikazio eta kultura zuzendariak.

Elkar euskalgintzako erakundea izanik, «euskal kultura helburu duena», Tolosaldea bezalako inguru euskaldun bat kokagunerako «oso aproposa» dela uste dute, «inguruko eragileekin batera euskal kultura sustatzeko lanean indar handiagoz jarraitzeko».

 

IRAKURLEAK: 111 AKADEMIAN

Canok 'Fakirraren Ahotsa'-gatik lortutako 2018ko 111 Akademia Saria Amasako Hikan jaso zuen. J. MIRANDA

Duela 25 urte, Larramendi Bazkunaren babespean, 30 irakurlez osatutako taldetxo bat bildu zen Beterri-Aiztondon euskaraz irakurtzeko zaletasuna bultzatzeko asmoz. Aurreko urtean irakurritako liburuen artean gustukoena zein zuten erabaki eta egilearentzat aitortza gisa Beterriko Liburua ohorezko aipamena sortu zuten. Bi urte beranduago, 1998an, Beterriko Liburua aldizkaria sortu zuten.

Beterriko mugak gainditu eta Euskal Herri osoko irakurleengana iristeko saltoa eman zuen taldeak 2007an. Ordutik 111 Akademia izena hartzen du euskarazko irakurleek osatutako taldeak eta 111 Akademia Saria da urtero ematen dutena. Eta eten batzuk izan dituen arren, iazko martxotik hiru hilez behin kaleratzen dute izen bereko aldizkaria.

Gaur egun 201 irakurle dago akademian izena emanda eta urtean zehar irakurritako euskarazko liburuen iruzkinak egiteko konpromisoa hartua dute. Iruzkin horiek https://111akademia.eus webgunean eta aldizkarian publikatzen dira, hainbat idazleri egindako elkarrizketa eta literaturaren inguruko hainbat hitzorduren berri ematearekin batera.

Iaz kaleratutako liburuen artean gustukoena zein izan duten erabakitzen ari dira egunotan akademiakideak. Pello Lizarralderen Argiantza eta Joxean Agirreren Nobela errealista bat dira aurtengo finalistak eta atzo arteko epea zuten akademiakideek botoa emateko. Datozen egunotan jakinaraziko dute bi liburuetako zeinek eskuratuko duen 2020ko 111 Akademia Saria.

Irakurle taldeentzat moderatzaile zerbitzua ere eskaintzen du akademiak. Gaur egun, Alegiako institutuan talde bat dinamizatzen du Amaia Goikoetxea Orbegozok eta beste bat Alegiako liburutegian. Asteasun, bertako emakume taldeak eskatuta, beste talde bat martxan jarri dute duela gutxi eta 111 Akademiak dinamizatzen du saioa.

Erlazionatuak

Liburutegia: Plazida Otañok bost urte

Jon Miranda Labaien 2021 api 23 Zizurkil

Liburu-dendak: irakurleak saritzen

Jon Miranda Labaien 2021 api 23 Amasa-Villabona   Tolosa

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!