Liburutegia: Plazida Otañok bost urte

Jon Miranda Labaien 2021ko api. 23a, 07:58
Maria Altunak egin duen irudi hau jarriko dute liburutegiko erakusleihoan. ATARIA

Plazida Otaño Odriozola omentzeko baliatuko du Aiztondoko liburutegiak bere bosgarren urteurrena. Gaurtik aurrera, liburutegiko erakusleihoan bertsolariaren irudi bat ikusi ahal izango da, Maria Altuna Lizarraga herriko ilustratzaileak osatu duena. 

Plazida Otañoren argazki bakarra iritsi da gaurdaino eta bertan oinarrituta egin du lan Altunak: «Sortze prozesuan hainbat norabide hartu ditu irudiak eta pixkanaka erabakiak hartzen joan naiz. Elementu ezberdinek duten garrantzia kontuan hartu eta sinplifikatzera jo dut, baina bere kapa eta irribarre goxoa mantendu ditut».

Irudi hori izango du oinarri Plazida Otañoren inguruan Altunak berak osatuko duen ipuin ilustratuak. Liburuaren testuak Oihana Iguaran Barandiaranek osatu ditu eta ipuina ixteko sortu duen bertsoa liburutegiko erakusleihoan jarriko dute Otañoren irudiarekin batera. Horrela dio bertsoak: «Larogeita lau urtean ez naiz / hainbeste txalo entzuna / beti bestena baitzan ozena / ta nerea erantzuna / bide hutsari kantazen diot / plazarako behar zuna: / nere ahotsa izan nahi nuke / ez bestien oihartzuna».

Ahotsa eta bizia eman diote liburutegiko arduradunek Plazida Otaño zenari. Sare sozialetan gaurtik aurrera zabalduko den bideo batean, teknologia berriak baliatuta, 1954an hil zen bertsolaria Altuna eta Iguaranekin batera ageri da hizketan. Okasio honetarako Iraitz Lizarraga Gomez aktoreak utzi dio ahotsa Otañori.

Aiztondoko liburutegiak bihar amaituko ditu bosgarren urteurreneko ekitaldiak, hain zuzen, Lizarragak Ekain Ibargurenekin batera, Kiko malabarista ipuina kontatuko du 11:30etik aurrera Atxulondo kultur etxean. Hilabete osoan, Nekeetan, irria ezpainetan programazioa gauzatu dute liburutegian.

Erlazionatuak

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!