Sormena: gazteentzako idazmen tailerra Zizurkilen

Jon Miranda Labaien 2021ko api. 23a, 07:56
Plazida OtaƱo liburutegian astero biltzen dira bost gazte. J. MIRANDA

Sami, Oihana, Izar, Gorka eta Aratz astelehenero biltzen dira Plazida Otaño liburutegiko ikasgelan. DBHko bigarren eta hirugarren mailako ikasleak dira, eta Oihana Iguaranen eskutik, literatur sorkuntzara hurbiltzen dira astero ordu eta erdiz.

«Praktikatik teoriara» egiten dute bidea bertsolari eta idazle amasarrak azaldu duenez: «Ikastetxean errekurtso literarioak lantzen dituzte oso modu mekanikoan eta hemen alderantziz egiten dugu. Testuak sortzen ditugu eta ondoren, aletu. Zein baliabide erabili ditugun aztertzen dugu eta esan nahi dugun hori hobeto adierazteko zein bide har dezakegun arakatzen dugu elkarrekin».

Horretarako, ariketa ezberdinak probatzen dituzte. «Eguneroko bat idazten dugu eta gero besteen aurrean zati batzuk ahoz gora irakurri; narrazio kate bat ere osatu dugu elkarrekin, elkarrizketak nola idatzi ikasi dugu eta poesian erabiltzen diren zenbait baliabide aztertu ditugu», aipatu dute gazteek. Samik, bereziki, haikuak landu zituztenekoa du gogoan, «asko gustatu zitzaidan». Pasatzen zaiona, sentitzen duena edo idazten duen momentuan nola dagoen adierazten du testuetan Aratzek, «egunaren arabera». Bizipen horiek literaturara eramaten nola saiatzen diren azpimarratu du Iguaranek: «Irudietatik abiatzen dira askotan eta nabari da sormenerako erremintak badituztela eskuartean».


Tailerrean parte hartzen duten gazteek idazten dute, baina baita irakurri ere. «Irakurtzen ikasten da idazten», gogoratu die Iguaranek, «baita hemen elkarren testuak irakurrita ere». Ikasleekin «poz-pozik» dago irakaslea: «Ahots ezberdinak dituzte, bakoitzak badu bere kolorea, ariketa berdina bakoitzak bere modura nola adierazten duen ikustea gozamena da. Nire lana probokatzea baino ez da, lanerako aitzakia ematea. Ideiak badakartzate eta sortzeko gaitasuna ere bai. Askotan konturatu gabe maneiatzen dituzten tresnak identifikatzen jakitea da, gero nahieran erabili ditzaten».

Erlazionatuak

Babestu gaituzte, babestu ditzagun guk

Jon Miranda Labaien 2021 api 23 Tolosaldea

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!