Liburu-dendak: irakurleak saritzen

Jon Miranda Labaien 2021ko api. 23a, 07:57

Karrera eta Jubin Babel liburu-dendako arduradunak. J. MIRANDA

Gipuzkoako Liburu Denden elkarteak Liburuen Nazioarteko Egunaren harira irakurzaletasuna bultzatzeko kanpaina jarriko du martxan. Aurreko urteetan bezala, liburu-dendetan gaurko egunez egiten diren erosketetan %10eko beherapena izango dute bezeroek.

Elkartetik bertatik martxoaren 30etik apirilaren 12ra bitartean Haur eta Gazte Liburuaren Nazioarteko eguna ospatuz beste ekimen bat jarri dute martxan. Elena Odriozolarekin ilustrazioekin prestatutako orri-markatzekoa aurkeztuta gaztetxoek %5eko beherapena izan dute liburuetan. Horrez gain, «liburuzale txartela» deitu diotena jaso dute irakurzale gazteek eta erositako liburuen zigiluekin osatu ondoren, Liburuzale Diploma eskuratu dute. Diploma osatu duten haur eta gazte guztien artean hamar liburu sorta zozkatu dituzte. Villabonako Basajaun liburu-dendak hartu du parte ekimenean.

Beste hainbeste sorta zozkatuko ditu Gipuzkoako Liburu Denden elkarteak Instagramen martxan jarri duen lehiaketan. Liburuen gomendioak egitea proposatu dute eta publikatutako postari #LiburuzaleaNaiz traola eranstea eta elkartearen orriari @gipuzkoaliburudendak aipamena egitea eskatu dute. Parte hartzen duten guztien artean egingo dute zozka.

Tolosako Babel liburu-dendan urtero ospatzen dute gaurko eguna. Liburu bat gomendatzeko eskatu diete bezeroei eta nahi izanez gero zerbait idazteko gonbita ere luzatu dute: «Testu propioren bat, ipuinen bat... zure ausardia oparitxo batekin sarituko dugu». Liburu-dendan edo Instagrameko kontuan utzi ditzakete bezeroek ekarpenak. «Adinak ez du axola eta hizkuntzak ere ez, Babeleko dorrean bezala ongi etorriak dira hizkuntza guztiak ere».

Erlazionatuak

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!