Urtekaria 2020

Biak txapeldun

Ataria 2021ko urt. 5a, 07:59

Urte garrantzitsua izan da Lizartzako Erik Jaka eta Amezketako Jokin Altunarentzat. Bi final izan dituzte aste gutxiren bueltan; buruz burukoa lehenengo eta lau eta erdikoa gero. Eta txapelak ondo banatu dituzte; Erik Jakak jantzi zuen lehena eta Jokin Altunak bigarrena.

Buruz buruko finala izan zen lehenengo. Arazo fisikoekin amaitu arren, gehiago asmatu ondoren irabazi zuen Erik Jakak finala, Jokin Altunari 22-20 irabazita, eta horrela heldu zen lehen txapela lizartzarrarentzat.

Oso erasokor hasi zen lizartzarra, erabat agintzen eta hortik aurrera ere bikain aritu zen. Neke handiarekin amaitu zuten partida biek, Jakak, gainera, arazo fisikoekin, herrenka bukatu baitzuen. Hala ere, berarentzat 22. tantoa: 22-20. Guztiz sinesten ez zuela iritsi zen lizartzarren omenaldira, partida eta hurrengo egunean, eta etxetik herriko plazara jaitsi, eta parez pare topatu zituen herritarren eta eskolako haurren zorion mezu nahiz oihuak. Argi zuen txapelak norabidea aldatu diola: «Egia da aurrerantzean erabat ezberdina izango dela pilota munduan nuen nire panorama. Orain arte, bigarren plano batean aritu naiz; mediatikoagoak izan diren pilotari gehiago izan dira».

Lau eta erdiko finala iritsi zen gero, eta txapela Amezketara lekualdatu. Izaera lehiakorrarekin kantxaratu, aurkaria aise menderatu, eta erakustaldi handia eskaini ondoren lortu zuen garaipena Altuna III.ak. Lau eta Erdiko Txapelketako txapeldun berriak, 22 eta 9 irabazi zion Erik Jakari. Lehen tantotik amaierara arte, erasokor eta eraginkorra izatea zen Jakaren asmoa. Baina ez zen horrela izan, ez baitzuen bere jokoa egitea lortu. Deseroso egon zen final guztian zehar lizartzarra. «Pozik nago, hemen egotea ez da gutxi eta. Meritu ikaragarria du Jokinek, eta nik ez dut batere asmatu partidako une askotan», adierazi zuen partida amaituta. Gustura azaldu zen ordea, pilotari amezketarra prentsaren aurrean, txapela jantzita eta garaikurrarekin. Bere bigarren txapela zen Lau eta Erdiko Txapelketan. Hasieran erritmo handiko tantoak izan direla esan zuen Altunak: «Berak egin dizkit tanto batzuk, Erikek sekulako konfiantza duelako gaur egun. Ikusi da hasieratik hil edo bizi jokatzera atera dela».

Herritarrek bi pilotariekin bat egin zuten eta Lizartzan, esaterako, bi final handietan jarri zuten pantaila handia herriko frontoian. Eta partidetara joan aurretik ere, agurra egiteko gerturatu ziren herritarrak pilotarien etxe inguruetara.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!