Baikoko pilotarien grebak markatutako urtea
Baikoko hamabost pilotarik iraila amaieran grebari ekin zioten beraien lan baldintzak hobetzeko helburuarekin. Egoera jasangaitza zela esan zuten, eta enpresak langileak kaleratzeko mehatxuak egin zizkiela. Lan baldintza duinak, errespetua eta gardentasuna eskatu zituzten. Tartean ziren eskualdeko lau pilotari: Iñaki Artola, Jon Ander Peña, Jon Erasun eta Beñat Urretabizkaia. Hasieran hiru asteko lanuztera deitu zuten, baina lan gatazka konpontzen ez bazen prest zeuden luzatzeko, eta luzatu egin zuten. Beste hogei egunez luzatu zuten greba, azaroaren amaiera arte. Baina negoziazioek lehenago eman zuten fruitua. Baiko enpresako pilotariek akordioa lotu zuten urri amaieran EPELekin eta EPEL osatzen duten enpresekin, hau da, Baiko eta Asperekin. ELA sindikatua aritu zen 15 pilotariekin negoziazio lanak egiten eta pilotariak zoriondu zituen «egin duten borrokagatik».
Udako txapelketen ordainetan jokatu da Caixabank Mastersa, eta Iñaki Artola alegiarrak eta Beñat Rezustak irabazi dute, finalean Jokin Altuna amezketarrari eta Ander Imazi 9-22 irabazita. Horrelako lorpen bat iristen denean, Artolari burura etortzen zaiona aurretik egindako lan guztia da: «Oso serio hartu nuen txapelketa, ilusioa egiten zidalako, eta atzetik egiten den eta ikusten den lan horren sari moduko bat da».
Urrian egin zuen Iker Elizegi asteasuarrak debuta profesionaletan, Baiko enpresarekin. Herriko Usarrabi frontoian izan zen debuteko partida.
Eneko Maiz, Trinketeko Ipar Euskal Herriko finalean
Trinketeko Iparraldeko nagusien 1. mailako buruz buruko finala jokatu zuen Eneko Maiz billabonatarrak. 40-34 galdu zuen Mickael Massonderen aurka. Maizi sorbalda atera zitzaion partida jokatzen ari zela. Txapelketako finalaurrekoak martxoan jokatu behar zituzten, baina COVID-19 zela eta, atzeratu egin ziren.
Ezin izan zuten Binakako Promozio Txapelketa irabazi
Binakako Promozio Txapelketako txapelik jantzi gabe geratu ziren Jon Ander Peña tolosarra eta Jon Erasun zizurkildarra. Partida gogorra jokatu ostean, 22-20 galdu zuten Iruñeko Labrit pilotalekuan, Asier Agirre eta Josu Eskiroz bikotearen kontra. Partida gogorra izan zen, 719 pilotadaka joz.
Hiru gaztek gidatuko dute Zazpi Iturri pilota elkartea
Amezketako Zazpi Iturri pilota elkarteak etapa berri bati ekin dio, arduradun berriak baititu; Xalton Zabalak urtetan egindako lanari jarraipena eman nahi diote gidari izango diren Beñat Beloki bedaiotarrak, Ibai Amundarain amezketarrak eta Jokin Altuna pilotari profesional amezketarrak. Orain 45 urte sortu zen elkartea, Zabalaren eskutik.
Hitzarmena sinatu du Patxi Zeberio erremontistak
Nafarroako enpresa berri batekin hitzarmena sinatu zuen Patxi Zeberio elduaindarrak abendura arte, beste urtebetez luzatzeko aukerarekin. «Koronabirusaren garai honetan bazirudien bukaera iritsiko zela», esan zuen.