Urtekaria 2020

Iraitz Arrospide, Imanol Rojo eta Eukene Larrarte, protagonista

Ataria 2021ko urt. 5a, 07:59

Atletismoak, txirrindularitzak edota iraupen eskiak utzitako lerroburu nagusiak bildu ditu Ataria-k.

Iraitz Arrospide maratoilari billabonatarrari Tokioko Olinpiar Jokoetara joateko aukerak maldan gora jarri zaizkio. Urtebetez atzeratu dira jokoak, eta 2021ean egitea aurreikusten dute. Horrek, nolabait, aukerak zabaltzen zizkion Arrospideri, aurten izan balira, oso zaila baitzuen Espainiako selekzioak hautatzea, bere aurretik beste atleta batzuk baitzituen. Hori bai, gutxieneko marka lortua zuen. Marka hobetu eta aukera berritzeko asmoa zuen abenduan jokatutako Valentziako maratoian, baina ezin izan zuen proba amaitu. Urteko bere proba nagusia zen, baina ezin izan zituen bere helburuak lortu.

Bestalde, Arrospidek goi mailan jarraitzen duela erakutsi du aurten ere, maratoi erdiko Munduko Txapelketan parte hartu baitzuen Espainiako selekzioarekin. Modu horretan, hirugarren urtez jarraian nazioarteko proba batean parte hartu ahal izan du atleta billabonatarrak. Polonian jokatutako proban 84. amaitu zuen.

Maria Felisa Okomo, Espainiako txapeldun

Tolosa CF-ko atletek emaitza aipagarriak lortu dituzte, eta bereziki nabarmentzekoak dira aire libreko Espainiako txapelketetan lortutakoak. Maria Felisa Okomo 20 urte azpikoetan txapelduna izan da pisu jaurtiketan. Maila berean Ander Uranga bigarren izan da 200 metrotan. Mikel Ezkerrok 18 urte azpiko mailan lortu du zilarrezko domina 110 metro hesietan. 16 urte azpikoetan bi brontzezko domina lortu dituzte klubeko atletek: June Sudupek 600 metrotan eta Manex Civicok 3.000 metrotan. Bestalde, pista estalian Sergio Romanek Espainiako Txapelketa irabazi du 3.000 metrotan, M-40 mailan.

Imanol Rojok Europako kopako proba bat irabazi du lehen aldiz Eukene Larrarte, Europako onenekin lehian

Imanol Rojo iraupen eskiatzaile tolosarrak Italian lortu du lehen aldiz Europako Kopako proba bat irabaztea. Formazzan izan da, 15 kilometro klasiko eran. 2020-2021 denboraldiaren hasieran izan da. Otsaila bukaeran eta martxoa hasieran izango du denboraldiko proba nagusia, Munduko Txapelketa, eta bertan orain arte lortutako emaitzak hobetzea da bere asmoa. Aurreko denboraldian, 2019-2020an, orain arteko emaitzarik onena lortu zuen Munduko Kopako proba batean, Txekiako Nove Meston urtarrilean jokatutako proban 26. amaituz.

 

Eusken Larrarte, Europako onenekin lehian


Txirrindularitzan Eukene Larrarte tolosarrak pistako Europako Txapelketan parte hartu du elite mailan, eta omnium proban sailkapen orokorrean bederatzigarren amaitu du. 23 urtez azpiko Europako Txapelketan ere parte hartu du, omnium eta scratch probetan laugarren, madisonen zazpigarren eta puntuazioan zortzigarren eginez. Horrez gain, txirrindulari tolosarrak errepideko Europako Txapelketan parte hartu du 23 urtez azpiko mailan.

Unai Iribar ibartarrak afizionatu mailan urte oparoa izan du: Lehendakari torneoa irabazi du, Euskaldun torneoan bigarren egin du, Segurako San Juan Saria irabazi du, eta beste lau probatan podiumean sartu da. Horrez gain, Balentziagaren Oroimenezkoan, Espainiako Kopako proba garrantzitsuenean, seigarren egin du.

Juanjo Esnaola enduro mendi bizikletako txirrindulari anoetarra Espainiako txapelduna izan da M30 mailan, eta sailkapen orokorrean hamaikagarrena.

Trialsinean ez da aurten nazioarteko probarik antolatu eta, beraz, Irene Caminos tolosarrak bakarrik Espainiako Txapelketan eta Kopan parte hartu ahal izan du. Bi lehiaketetan bigarren postua eskuratu du.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!