Tolosaldea, ete ligako irabazle eta Kontxako ohorezko txandan Jon Kepa Kortajarena, Espainiakoan irabazle
Tolosaldea traineruak ETE liga irabazi du hamabi banderatatik bederatzi irabazita, tartean, I. Tolosaldeko Ikurrina. Eusko Tren Ligara igotzeko lehian, ordea, ez da nahi bezala aritu eta ez dute lortu igoera. Kontxako Banderan, berriz, lehendabiziko aldiz ohorezko txandan sartu dira, azkenean laugarren amaituz.
Ohiane Iraola tolosarrak Orio traineruarekin bigarren Kontxako Bandera irabazi du eta baita Eusko Tren liga ere. Jon Lizarralde tolosarrak hirugarren Kontxako Bandera irabazi du jarraian Hondarribiarekin, eta laugarrena orotara, 2013koarekin.
Danok Danena taldeko pultsulariek maila ona eman dute beste behin. Espainiako Txapelketan Jon Kepa Kortajarenak lortu du emaitzarik aipagarriena, lehen postua eskuratuz 17 urtez azpiko 55 kiloko mailan. Gainera, Munduko Kopan ere parte hartu du, Internetet bidez gauzatutakoa, hamargarren eginez. Espainiako Txapelketan, seniorretan, Ekaitz Kortajarenak bigarren postua lortu du 61 kilotan eta Mikel Alvarez hirugarren izan da 73 kilotan.
Pisuak altxatzeko beste modalitate batean, pisu hilan, Xthor Powerbuilding taldeko Jon Malbadi tolosarrak Espainiako marka ezarri du 370 kilo altxatuz.
Ibarra sokatira taldeko gizonezkoak, hirugarren munduko txapelketan
Herri kiroletan sokatiratik hasi beharra dago. Ibarra Sokatira Taldeko gizonezkoek Euskal Herriko Txapelketa irabazi ostean, Irlandan egindako Munduko Txapelketan parte hartu zuten eta brontzezko domina lortu zuten 560 kilotan. Emakumezko taldeak, bere aldetik, omenaldia jaso du Lilatoia lasterketaren partetik, herri kirolean aritzen diren emakumezkoen ordezkari gisa.
Euskal pentatloiari dagokionez, aurten lehenengo aldiz egin da Binakako Euskal Pentatloi Txapelketa. Tolosan jokatu zen eta Ibarran bizi den Xabier Orbegozo Arria V.a-k eta Andoni Iruretagoiena Izeta VI.a-k irabazi zuten. Eskualdeko bi ordezkari izan ziren III. Euskal Pentatloi Txapelketaren finalean: Arria V.a-k hirugarren amaitu zuen eta Iñaki Errazkin tolosarrak bosgarren.
Aizkoran mugimendu handia izan da, lehen mailako aizkolari guztiek eta bigarren mailako zortzik Euskal Herriko Herri Kirolen Federazioaren lana kritikatzearekin batera, euren txapelketa antolatu baitute. Aizkolari Txapelketa Nagusian, lehen mailakoan, Jon Irazu zizurkildarrak eta Jexux Mari Mujika ibartarrak parte hartu dute. Irazu finalera pasa da eta laugarren postuan amaitu du.
Bestalde, segan Euskal Liga jokatu da aurten, eta emakumezkoetan lehen bi postuak, hurrenez hurren, Ainara Otamendi ibartarrak eta Alaitz Imaz hernialdetarrak lortu dituzte.
Mendi lasterketa gutxi, emaitza nabarmenak
Mendi lasterketa gutxiago egin dira aurten, baina Iñaki Olano altzotarrak hiru irabazi ditu: UZ Trail, Berastegiko III. Negu Trail eta Garingo Mendi Lasterketa. Horrez gain, bigarren egin zuen Ordiziako Mendi Maratoi Erdian. Olano eta Sarah Ugarte tolosarra euskal selekzioan sartu dira. Iban Agirrezabala berastegiarrak bigarren egin du Canfranc-Canfranc ultra trailean. Bestalde, Iker Karrera amezketarraren ibilbidea jasotzen duen Bidea ipar liburua, Unai Ugartemendiarekin idatzia, argitaratu da.
Julen Lopetegi, Europa League-ko irabazle
Futbolari dagokionez, Julen Lopetegi entrenatzaile asteasuarrak Europa League irabazi du Sevillarekin. Nerea Eizagirre tolosarrak 100 partida bete ditu Realarekin. Ander Gorostidi tolosarrak profesional mailan jokatzeko aukera izan du, La Ligako BIgarren Mailako Alcorcon taldeak fitxatu baitu. Henar Martinez tolosarra Tolosa CF-ko gizonezkoen talde bat, jubenil mailako hirugarren taldea, entrenatzen duen lehen emakumezkoa bihurtu da. Eta Tolosa CF-ko gizonezkoen lehen taldean, Hirugarren Mailakoan, entrenatzaile aldaketa izan da: Ander Avellaneda tolosarrak taldea utzi eta Mikel Arruabarrena tolosarrak hartu du bertako ardura.
Aitzol Oiartzabalek jokatzeari utzi dio
Areto futbolean, Aitzol Oiartzabal ibartarrak Lauburu Ibarran jokatzeari utzi dio bertan 15 denboraldi egon eta gero. Taldean entrenatzaile berria dute: Jose Julio Jota Arreguik hartu du Alfredo Hualderen lekua. Bestalde, Tolosalaren lehen taldea Hirugarren Mailara igo da.