Urtekaria 2020

Festari neurria jarri behar

Ataria 2021ko urt. 3a, 07:59

Festa eta parrandarako aukera askorik ez du utzi aurtengo urteak; inauteriak izan dira, bere osotasunean, urteroko moduan ospatu ahal izan diren bakarrak; gainerako festak ere egin dira, neurri txikiagoan eta parrandarik gabe, ordea. Festari ere neurria jarri behar izan zaio.

Inauteriak izan dira taxuz ospatu diren festa bakarrak urte osoan zehar. Taxuz edo, segurtasun distantziari zein edukierari jaramonik egin gabe behintzat eta musukoa eraman beharrik gabe. Mozorroetan, ordea, bazen.

Otsailaren 20a zen txupinazoa lehertu zenean, eta gerora, hilabete eskasera, etorriko zenaren arrastorik gabe ospatu ziren inauteriak. Zaldunitan bertan, ordea, izan zen koronabirusaz mozorrotu zenik. Txinako Wuhan hiriko herritarrez bat baino gehiago mozorrotu zen, eta egun batzuk geroago, mozorrotu beharrik gabe jantzi behar izango zuten trajea haiek ere.

Egun alaiak izan ziren, giro paregabekoak. Kezka bakarra, besterik gabe, sei egunetan festaz gozatu ahal izatea zen, eta lan horretan eguraldiak ere hainbestean lagundu zuen.

Urtero bezala, Zaldunitatik Asteartitara bitarte, hortxe izan zen ATARIA IRRATIA, San Frantzisko pasealekuan, zuzeneko emisioak egiten. Eta inauteriak amaitu berritan, mozorro onenen lehiaketa egin zuen TOLOSALDEKO ATARIA-k Parte hartzaileek haien argazkiak bidali behar izan zituzten, eta ondoren, epaimahaiak aukeratu zuen mozorrorik onena: Maddi Goenagak jaso zuen, Dama berdea mozorroarengatik; Aldekoa landetxean bi pertsonarentzako gau bateko egonaldia irabazi zuen. Izan ziren, ordea, sari gehiago ere. Ataria.eus-eko erabiltzaileen saria Nerea Gangoitiak eraman zuen, Sufragistak mozorroarengatik eta parte hartzaile guztien artean bi lagunentzako bi afari zozkatu ziren. Azken sari horiek jaso zituztenak Aitziber Urrestarazu eta Izaskun Larrayoz izan ziren.

Gainerako festak, neurrira

Inauterien ondorenean ere egin dituzte festak han eta hemen, bai. Batzuek «ez festak» deitu diete, «normaltasunez» ospatu ezin izan direlako. Saiatu dira, ordea, herrietako festak beste formaturen batean antolatzen, formatu txikiagoan, baina izan dira argi ikusi ez eta ospatu gabe geratu diren herriak ere.

Neurri guztiak aintzat hartuta aritu dira denak; eserita ikusi ahal izateko ekitaldiak antolatu dira gehienbat, sartu-irtenak eta segurtasun distantziak kontrolatuz. Dantza, kantu, bertso emanaldiak izan dira nagusi herrietako plazetan. Eguneko festak irabazi dio udan gauekoari. Eta udan ez ezik, Gabonetan ere neurriak mantenduz egin da festa, nola hala. Dagoeneko jakina da datorren urteko inauteriak ez direla ospatuko, ea bestelako festez gozatzeko aukerarik baden.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!