Urtekaria 2020

Guraizeak zorrotz sartu ditu aldundiak udaletan

Ataria 2021eko urtarrilaren 3a

Aldundiak apirilean hartu zuen erabakia Udalak Finantzatzeko Foru Funtsa %20an jaisteko; udalerri txikienei eragin die horrek gehien, diru sarreren %60 inguru funtsa horretatik lortzen baitute.

Gipuzkoako Foru Aldundiak Udalak Finantzatzeko Foru Funtsa %20-25 inguru gutxituko zuela erabaki zuen apirilean, krisiaren ondorioz zerga bilketan ematen ari zen jaitsieragatik. Urriko azken datuen arabera, ordea, %12,55 jaitsiko da. Bereziki udalerri txikienei eragin die erabakiak, izan ere, diru sarreren %60 inguru funts horretatik lortzen dute.

Haserre jaso zuten berria eskualdeko udal gehienek, batez ere, guzti hau kudeatzeko aldundiak izandako jarreragatik. «Aldundiak ezin izango digu Foru Funtsen bitartez nahiko genukeen kantitatea eman, baina beste formula batzuk bilatu beharko lituzke», esan zuen Iñaki Irazabalbeitia Alkizako alkateak. «Diru sarreren galera Foru Funtsetik harago joango da, eta hori hondamendia izan daiteke industrialderik ez dugun landa guneko herrientzat», gaineratu zuen.

Hobekuntza marjina izan dezaketen udalei eta izan ez dezaketenei ahalegin berdina eskatzea ez zaie egokia iruditu eskualdeko alkateei. «Herri bakoitzak bere egoera ekonomikoa du, eta hori ere kontuan izan beharko litzateke», esan zuen Bakarne Otegi Ikaztegietako alkateak. «Bakarka aztertu beharko lirateke udal bakoitzak dirua biltzeko dituen ahalmenak eta egiten dituen ahaleginak, diru sarrera desberdinak ditugulako», gehitu zuen Irazabalbeitiak. Hori horrela udalek gauzatzeko aurreikusita zituzten proiektuak berraztertu behar izan dituzte.

Interneta Bedaiora iristeko pausoak

Banda zabal bidezko Internet zerbitzua ez duten Bedaioko baserrietara zerbitzua hedatzeko diru laguntza lerro bat onartu zuen uztailean Tolosako Udalak. Laguntza horien bidez, Bedaioko bizilagunek gutxieneko kalitatezko baldintzak betetzen dituen Internet zerbitzua edukitzea bermatu nahi izan du udalak, eta hala, etxe bakoitzean instalatu behar diren azpiegituren kostuaren zati bat bere gain hartu du. 16.000 euroko laguntza lerroa sortu dute horretarako.

Udaletik adierazi zutenez, Bedaioko Internet sarearen gabeziak are nabarmenagoak izan dira COVID-19ak eragin duen osasun larrialdi eta itxialdi egoeran. Etxebizitza bakoitzeko jaso duten diru laguntzaren gehieneko kopurua 400 eurokoa izan da, eta udalak soilik irrati bidezko Internet zerbitzua erabili ahal izateko oinarrizko azpiegituraren instalazioaren kostua finantzatu du. Ez du bere gain hartu ez azpiegitura honen mantenurik, ezta Interneteko hornitzaileei ordaindu beharreko kuotarik.

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!