Urtekaria 2020

Tolosako denda historikoek jarraipena izan dezaten

Ataria 2021eko urtarrilaren 3a

Merkataritza, ostalaritza nahiz ostatuen sektorean, EAEko negozioei jarraipena eman asmoz, Eusko Jaurlaritzak sortutako zerbitzua da Berriz Enpresa programa. Proiektu berri batean murgildu nahi dutenei negozioa erosten laguntzen die, eta era berean, merkatari batek duen negozioa saltzen ere laguntzen du zerbitzuak, hau da, eskualdatze prozesua arintzen laguntzen du.

Programa horren bidez eskualdatu da, esaterako, Ana y Elena Orus drogeria. 1908an sortu zen, eta familia bereko belaunaldi ezberdinek mende batez baino gehiagoz eraman dute aurrera negozioa. Irailaren 1az geroztik, Ana Rosa Tolosa eta Alicia Castillo tolosarrek dute dendaren ardura, eta orain Aliana du izena dendak. Negozioaren esentzia mantenduz» hasi direla lanean zehaztu zuen Amalur Angiozar, Berriz Enpresa programako arduradunak, lekualdatze aurkezpenean. «Eskualdaketa bat ez da lizentzia baten aldaketa soilik, enpresa horren filosofia eta balioak mantentzea ezinbestekoa da. Kasu honetan, zerbaitegatik da denda berezia. Bezeroekin izan duen erlazio hori mantentzea beharrezkoa izango da».

Ez da Orus, ordea, programa horren bidez eskualdaketa egin duen Tolosako saltoki bakarra. Gabirondo zapata denda, Maite estetika zentroa, Eder Home denda edota MM arropa denda ere badira adibide.

Azken bost urteetan hamahiru izan dira Tolosan, tokiz mugitu gabe, jabe aldaketa izan duten saltokiak: Maite estetika zentroa, Hariak, Ortiz tapizeria, Coviran supermerkatua, Eder Home, MM arropa denda, Marylin arropa denda, Sorron, Zunzu poltsak eta osagarriak, Gabirondo zapata denda, Shanti Kirolak, Tasia jantzi denda eta Orus drogeria. Azkeneko hiru saltokiak aurten eskualdatu dira.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!