Mubil enpresaren behin-behineko egoitza, Tolosan

Ataria 2020ko abe. 29a, 14:12

Donostiako Eskuzaitzeta industriagunera lekualdatu aurretik, Tolosako Usabal industriagunean kokatu dute Mubil Gipuzkoako Elektromugikortasun Zentroaren behin-behineko egoitza. Urte amaierarako zuten aurreikusita irekiera.

«Lurraldearentzat albiste oso garrantzitsua» dela adierazi zuen Markel Olano Gipuzkoako diputatu nagusiak, irailean Tolosara egindako bisitan; «mugikortasun berrietan Gipuzkoa nazioarteko erreferente bihurtzea da proiektuaren helburua» gehitu zuen.


Etorkizuna Eraikiz programaren testuinguruan jaio zen Mubil, 2019ko apirilean. «Lan lerroetako bat Gipuzkoaren espezializazio adimentsua indartzea da. Lurraldearen etorkizuneko erronkak identifikatzen ari gara, biharko Gipuzkoa eraikitzeko», gogoratu zuen Olanok. Ane Insausti Mubileko zuzendariak, berriz, Mubilek «lau norabideko apustua» egiten duela adierazi zuen: «Azpiegitura teknologiko indartsua garatzea, ekintzailetasuna sustatzea, ezagutza sortu eta kudeatzea eta esperimentazioaren bitartez Gipuzkoa osoa laborategi erraldoi bihurtzea».

2.300 metro karratu ditu eraikinak, guztira. Beheko solairuan sarrera eta 90 metro karratuko showroom bat kokatu dituzte. Lehen solairuko 500 metro karratuetan bulegoak eta formakuntza gela. Azkenik, bigarren solairuan, 1.400 metro karratuetan, energia biltegiratzearen arloko laborategi aurreratua jarri dute, CIDETEC enpresak kudeatuko duena. «Europa mailan punta-puntako ekipamendua izango du, eta lurraldeko enpresa guztiek izango dute aukera bertan prototipo eta produktuen probak egiteko», adierazi zuen Olanok.

Zentroak aukera berriak sortuko dituela esan zuen Olatz Peon Tolosako alkateak: «Enpresen lehiakortasun eta nazioartekotzerako lagungarri izango da».

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!