Gure hizkuntza ohiturei buelta bat emateko asmoz ari da ospatzen Euskaraldia. Ostiralean, hilak 4, bukatuko da ariketa eta orain artekoak aho zapore ona utzi du. Galtzaundi Euskara Taldeko Igor Agirrek esan du oso kontentu daudela jendearen erantzuna ikusita, ekimenak jaso duelako behar adina indar eta eskualdean ere helburuak bete direlako.
Tolosaldeko 28 herrietatik 24tan ari dira Euskaraldia egiten eta milaka herritar jarri dira martxan ahobizi eta belarriprest txapak paparrean dituztela. Izan ere, horrek esan nahi du txapa soinean daramaten herritarrek konpromisoa hartu dutela euskara lehenesteko. «Espero dugu honek arrasto bat utziko duela», esan du Agirrek.
Askok eman zuten izena Euskaraldia hasi baino lehen, baina behin ariketa hasita jende gehiagok eman du izena eta horrek antolaketa oztopatzen badu ere, kontentu daude Euskaraldian. Izen-ematea bukatu da jada eta animatzen direnak nolabait hartu ahal izango dute parte, Galtzaundik ez duelako inor kanpoan utzi nahi, baina azken izen-emate horiek ez dira zenbatuko.
Kantitateari baino, kalitateari ematen diote garrantzia Galtzaundin, baina izen-ematearekin pozik daude. «Duela bi urteko ariketaren pare gaude; 7.500 ahobizi eta belarriprest ditugu, gehienak ahobiziak. Duela bi urteko antzeko proportzioan gaude, hau da, %85 dira ahobizi eta %15 belarriprest. Belarripresten kopurua igo behar dela entzuten dugu, baina nik garrantzi gehiago emango nioke ahobizien konpromisoari. Gure eskualdeari erreparatuta argi dago ahobizi gehiago izango direla, hemen errazagoa da ahobizi izatea, beste eskualde batzuetan baino». Bi urtez behin Euskaraldia egingo da eta bide honetan jarraitzea da beharrezkoa. «Lan horretan zifra hauek oso positiboak dira», esan du.