Hasi da Euskaraldia

Ataria 2020ko aza. 20a, 11:59

Gaur hasi da Euskaraldia. Abenduaren 4ra arte, 15 egunetan, ahobizi eta belarriprest roletan arituko dira milaka herritar. Euskal Herri osoko 147.000 lagunek eman dute orain arte izena ariketa sozialean parte hartzeko, baina oraindik badago parte hartzeko aukera; asteartea izango da izena emateko azken eguna.

Atzo Antsoainen (Nafarroa) egindako ekitaldiarekin eman zioten hasiera Euskaraldiaren aurtengo edizioari. Azken bi hilabeteetan herriz-herri eta entitatez-entitate jasotako babes zabala eskertu zuten ekitaldia eta esan zuten orain arte jasotako atxikimendua gaurtik aurrera ariketa praktiko bihurtuko dela, hizkuntza-ohiturak aldatu eta inertziak astintzeko ariketa praktiko. Izan ere, ariketaren oinarria ahobizi eta belarriprest rola hautatu duten partaideek beraien eguneroko bizitzan harremanetan inertziak apurtu eta hizkuntza-ohiturak euskararantz ekartzea da.

Euskararen erabilera sustatzeko bigarrenez egingo den ariketa berrikuntzekin dator, izan ere, arigune-en parte hartzea izango da aurtengoan. Era guztietako erakunde, enpresa eta elkarteetan sortzen diren euskara erabiltzeko gune babestuak dira arigune-ak, eta Tolosaldean 290 entitatek eman dute izena, eta 1.100 arigune baino gehiago sortu dituzte.

Tolosaldeko elkarte eta erakunde ugarik eman dute izena, bada Euskaraldian: ikastetxe, enpresa, saltoki, kultur eta kirol elkarte, taberna zein jatetxe, banketxe eta udalek, besteak beste. Sortu dituzten arigune horietan 4.200 pertsonak hartuko dutela parte kalkulatu da, ahobizi edo belarriprest roletan.

Arigune-ena aurtengo berrikuntza izan arren, lehen edizioan bezala, banakakoek ere parte hartuko dute Euskaraldian. Oraindik izena eman ez dutenek aukera dute oraindik, asteartea, hilak 24, izango baita azken eguna. Euskaraldiaren webgunean egin daiteke.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!