Euskaraldiari ekiteko guztia prest

Ataria 2020ko azaroaren 18a

Etzi hasi eta abenduaren 4ra bitarte luzatuko da; izena eman ez duenak edo materiala jaso ez duenak oraindik ere aukera badu.

Etzi, ostiralean hasiko da Euskaraldia, eta abenduaren 4ra arte iraungo du. Euskararen erabilera sustatzeko bigarrenez egingo den ariketa berrikuntzekin dator, izan ere, arigune-en parte hartzea izango da aurtengoan. Era guztietako erakunde, enpresa eta elkarteetan sortzen diren euskara erabiltzeko gune babestuak dira arigune-ak, eta Tolosaldean 290 entitatek eman dute izena, eta 1.100 arigune baino gehiago sortu dituzte.

Tolosaldeko elkarte eta erakunde ugarik eman dute izena, bada Euskaraldian: ikastetxe, enpresa, saltoki, kultur eta kirol elkarte, taberna zein jatetxe, banketxe eta udalek, besteak beste. Sortu dituzten arigune horietan 4.200 pertsonak hartuko dutela parte kalkulatu da, ahobizi edo belarriprest roletan.

Arigune-ena aurtengo berrikuntza izan arren, lehen edizioan bezala, banakakoek ere parte hartuko dute Euskaraldian. Oraindik izena eman ez dutenek aukera dute oraindik, esaterako, Euskaraldiaren webgunera jota. Bestalde, Euskaraldiaren materiala banatzen ari dira herrietan, eta txapa oraindik eskuratu ez duenak izango du aukera, etzi ariketari behar bezala ekiteko.

MATERIALA ESKURATZEKO BIDEAK

  • Abaltzisketa. Bihar, arratsaldean, liburutegian.
  • Aduna. Udaletxeko arkupeetan, 19:00etan, gaur.
  • Amasa-Villabona. Gaur eta bihar, 17:30etik 19:00etara, Berdura plazan.
  • Anoeta. Plazan, 17:00etatik 19:00etara, bihar.
  • Baliarrain. Etxez etxe banatuko da.
  • Berastegi. Etxez etxe banatuko da.
  • Elduain. Goizez, udaletxean.
  • Gaztelu. Etxez etxe banatuko da.
  • Ibarra. Kultur etxean.
  • Leaburu-Txarama. Etxez etxe banatuko da.
  • Lizartza. Goizez, udaletxean, eta arratsaldez, liburutegian.
  • Orendain. Udaletxean, goizez.
  • Tolosa. Ostiral arratsaldean eta larunbat goizean Trianguloa plazan. Tarte horretan materiala jaso ezin izan duenak Galtzaundiren egoitzan jaso ahalko du.
  • Zizurkil. Goizez udal bulegoetan, eta arratsaldez liburutegian.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!