Belarriprest

"Beti nago prest euskara entzuteko, eta beti egongo naiz prest euskaraz erantzuteko"

Tolosaldeko Ataria 2020ko aza. 13a, 11:59

Duela 48 urte heldu zen Tolosara Mila Canseco Nieto (Donostia, 1951). Ofizioz dendaria izan zen, eta betiere, zerbitzua euskaraz eskaintzeko ahaleginetan aritu zen. Oraindik ere herri mugimenduetan buru-belarri ibiltzen da lanean. Ausartegitzat eta mugitutzat jotzen du bere burua, baina edozeren gainetik, “euskalduna naiz”, dio.

Nolakoak izan ziren euskararekin izan zenituen lehen harremanak?
Gurasoak inguru erdaldunekoak izan arren, eskolako lagunak baserritarrak ziren. Hortaz, nahiko azkar ikasi nuen euskaraz. Hortik aurrera, gutxikako prozesu bat izan da. Tolosan euskaltegian ere aritu nintzen; irakasleak esaten zidan behin eta berriz hitz egiten hobetuko nuela. Lanean, berriz, beti saiatu izan naiz euskara lehen hizkuntza izan zedin. Bezeroek gaztelaniaz egin ohi zidaten lehen hitza, aurpegiz ere erdaldun itxura dudalako, baina konfiantza apur batekin, euskaraz zuzentzen hasi nintzaien. Orain, lagun artean ere, gaztelaniaz egiten dugu askotan, euskaraz egin dezakegula ohartu gabe.

Zer nolako garrantzia du euskarak zure egunerokoan?
Beti saiatzen naiz lehen hitza euskaraz egiten, eta zenbaitetan aritzen naiz; baina askotan, segurtasun ezagatik eta beldurraren eraginez, ez naiz eroso sentitzen. Kasu batzuetan, beraz, arazo txiki bat izaten da niretzat. Hala ere, oro har, euskara oso garrantzitsua da niretzat. Herri ekimen ugaritan ibiltzen naiz, eta bileretan euskaraz aritzen saiatzen naiz. Esan beharrekoa gaztelaniaz pentsatzen dut, eta euskaraz bota aurretik, ondo pentsatu behar izaten dut zer eta nola esan. Hori bai, mantsoago egiten dut euskaraz, eta beraz, dezente luzatzen naiz denboran. Hori dela eta, batzuetan, denbora ez galtzearren, gaztelaniara jotzen dut. Gehienbat bi arazo aurkitzen ditut euskaraz aritzerakoan: arestian aipatutako denbora galera, eta aditzen erabilera.

Eta zer egin zenezake beldur hori gainditzeko? 
Ez da erronka erraza, baina egunetik egunera konfiantza handiagoa dut nire buruarengan; gainera, ingurukoek eta ezagunek, euskaraz ondo aritzen naizela esaten didate, babestu egiten naute. Euskal hiztunek, adibidez, haiek ere hanka-sartzeak egiten dituztela aipatzen didate, eta horrela, euskaraz gehiago egitera animatzen naute.

Zer dela eta hartu zenuen parte Euskaraldiaren lehen edizioan?
Euskaraldian parte hartzeko beharra sentitu nuen; ezinbestekoa da horrelako ariketa sozialak antolatzea. Beti nago prest euskara entzuteko, eta beti egongo naiz prest euskaraz erantzuteko.

Orduko hartan, belarriprest askoren hutsunea nabaritu zuten herritarrek. Iritzi berekoa al zara?
Kontzientzia falta dagoela esango nuke. Ugariak dira jendearen beldurrak eta lotsak, ez Euskaraldian bakarrik, gizarteko edozein alorretan baizik. Parte ez hartzearen erosotasuna ere kontuan izan behar da. Jendea egon badago, baina ez da izena ematera ausartzen. Gainera, belarriprest rolak zer esan nahi duen ondo ulertu gabe, ahobizi baino maila baxuago batean kokatzen dute, zerbait negatiboa balitz bezala. Ondorioz, herritar guztien beharra ezinbestekoa dela nabarmendu behar dugu, bai rol batean zein bestean.

Aurten ere izena emateko asmorik ba al duzu?

Bai, prest nago. Gurea den hizkuntza bere osotasunean berreskuratzeko helburua jarri diot nire buruari.

Euskaraldia amaitu ondoren, nolako egoerarekin egingo ote dugu topo?
Auskalo. Duela bi urte bazirudien eragin nabarmena izan zuela. Hala ere, 10-12-14 egun gutxi iruditzen zaizkit hizkuntza baten erabileraren garrantzia neurtu ahal izateko. Uste dut garrantzitsua dela urtean zehar ere txapa gainean eramatea, ikusgarritasuna eman behar diegu rol horiei, ez daitezela ezkutuan gera.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!