UEMAko teknikaria da Ane Aranburu Segurola (Azpeitia, 1986) eta Tolosaldeko herrietan dihardu lanean. Bere esanetan, euskararen eta arnasguneen garrantzia ikusteko eta ulertzeko beharrezkoa da inertziatik kontzientziarako saltoa ematea: “Bestela, ia oharkabean, gero eta joera handiagoa dago erdaretara jotzeko”. Bide horretan, hizkuntza-ohituretan eragiteko ekimen aparta iruditzen zaio Euskaraldia.
Arnasguneetan nagusiki euskaraz hitz egiten bada, zergatik hartu behar dute parte Euskaraldian arnasguneetan bizi direnek?
Hizkuntza ohituretan eragiteko ariketa kolektiboa da Euskaraldia, eta horrek bat egiten du zeharo UEMAtik azken urteotan herritarrak ahalduntzeko eta kontzientziatzeko abian ditugun ekimenekin. Izan ere, inertziatik kontzientziarako saltoa emateko ezinbestekoa da herritarren ahalduntzea, euskararen eta arnasguneen garrantzia ikusi eta uler dezaten. Bestela, ia oharkabean, gero eta joera handiagoa dago erdaretara jotzeko. Bai gure herrietara bizitzera edo bisitan datozenekin eta gure hizkuntza ohiturak ezagutzen ez dituztenekin, eta bai gu geu herritik kanpora ateratzen garenean ere, lanera, ikastera edo erosketak egitera. Horrek guztiak eragin handia duenez gure hizkuntza ohituretan, ezinbestekoa da kontzientziazio lana, eta Euskaraldia ekimen aparta da horretarako.
Hizkuntza-ohituretan aldaketak egin beharko dituzte, beraz?
Bai, jakina. Hori da ariketa kolektibo honen helburuetako bat. Izan ere, badirudi erabat euskaraz bizi garela arnasguneetako herritarrak, baina euskararentzat eremu asko ditugu irabazteko oraindik. Mundura zabalik dauden herri garaikideak dira gureak, eta arau soziala euskaraz aritzea baldin bada ere, hauskorra da arnasguneen ekosistema, edozein aldaketak eragin dezakeelako euskarak atzerantz egitea. Aldiz, herritarrak kontzientziatuta eta hautu zehatzak eginda, hainbat eremu irabazteko era baliagarria da ariketa hau, bai herrian bertan, bai inguruko herrietara joaten garenean ere. Batean zein bestean, euskaldunak garela erakusteko aukera ederra da Euskaraldia.
Zein dira Euskaraldiari begira norbanakoen egiteko nagusiak arnasguneetan?
Ahobizi edo belarriprest txapa jartzea eta rol hori hartzea bi konturen erakusle da: batetik, euskaraz aritzeko gogoa eta aldarrikapena, eta bestetik, gainerakoei ere euskaraz aritzeko egiten zaien gonbidapena. Borondate pertsonala eta jarrera kolektiboa uztartzen ditu, eta horrek ahalegin kontzientea eskatzen duela hartu behar dute kontuan, rol bakoitzaren funtzioak eta konpromisoak bete ahal izateko. Euskararen arnasa lau haizetara zabaltzea izango da ahobizien egitekoa, eta ahalegin horretan bidelagun izatea, berriz, belarriprestena.
Hizkuntzaren inguruko hausnarketa orokorra egiteko ere balioko du...
Bai, noski. Azken batean, arnasguneetan naturaltasunez euskaraz aritzen garela uste badugu ere, hainbat esparrutan gure hizkuntza nagusia ez da euskara. Hornitzaileen fakturak zein hizkuntzatan jasotzen ditugun, telefonoa edota ordenagailua zein hizkuntzatan konfiguratuta dauzkagun, filmak zein hizkuntzatan ikusten ditugun, euskarazko hedabideak ala erdarazkoak gailentzen zaizkigun egunerokoan, kontsumitzaile gisa euskara errespetatzen duten ekoizleak lehenesten ote ditugun eta abar luzeaz hausnar dezakegu, eta oraindik ere emateko pauso asko geratzen zaizkigula ohartu. Horietan eragiten hasiz gero, denon artean aldaketa handiak eragin ditzakegu.
Eta herri gisa ere izango du eragina...
Jakina. Pentsa herritar edo kontsumitzaile modura zer eragingo genukeen alor guztietan euskaraz aritzen direnak lehenetsiko bagenitu. Euskaraldia bezalako ariketa kolektiboan parte hartuta, horrelako aldaketak eragiten ditugu, bai herri mailan, bai eta gure eraginpeko eremuetan ere.