Arnasguneak

Naturaltasunez egiten dena, kontzienteki egiteko gonbita

Tolosaldeko Ataria 2020ko aza. 9a, 11:59

Konfort-zonatik urruntzean euskarari eusteko ariketa proposatzen du Euskaraldiak; baita egunerokoan euskaraz bizi direnen inguruan euskararen presentzia ikusarazi eta hautu kontziente hori agerraraztekoa.

Euskaraldia euskararen lurralde osorako pentsatuta dago, eta inguruko bazter eta txoko guztiak hartuko ditu aurtengoan ere, baita euskararen erabilera altua duten udalerrietakoak ere. Hots, euskararen arnasguneetakoak.

Eguneroko jardunean euskaraz bizi diren auzo, herri edo eskualdeei deitzen zaie arnasgune, eta haiek ere izango dute zeregina Euskaraldian. Herri horietan euskaraz aritzea erabat naturala eta ohikoa izanagatik, antolatzaileei “ezinbestekoa” iruditzen zaie “hizkuntzaren erabilera hauspotzea, baita praktikan normaltasun osoz erabiltzen dugun lekuetan ere”.

Zer gertatzen da eremu horietan jatorri linguistiko ez- berdinetako bizilagunak elkartzean? Lanera, ikastera edo erosketak egitera herritik kanpora joandakoan zein da erabiltzen den hizkuntza? Zein hizkuntzatan duzu konfiguratuta sakelakoa? “Arnasguneak ez dira eremu blindatuak; aitzitik, eremu hauskorrak dira”, eta hor ere lan egin nahi du Euskaraldiak, “arnasguneetan sor litezkeen joera aldaketak detektatu eta ekidinez”.

Praktika indartu ezean, arnasguneetako hizkuntza ohiturak ere di-da batean alda daitezkeela diote. Horren aurrean, eremu euskaldunetan bizi direnek bi zeregin nagusi dituzte: batetik, hizkuntza-ohiturak finkatu eta iraunaraztea, eta bestetik, euskaraz bizi direla azpimarratzea. Euskaraldia bezalako ariketa kolektiboak, errealitate hori erakusteaz gain, “bakoitzaren borondatea sendotu eta talde identitate linguistikoa aldarrikatzeko aukera” ematen du.

Zer egin?

Bizilekuko konfort-zonatik urruntzean euskarari eusteko ariketa proposatzen du Euskaraldiak. “Gutako bakoitzaren hautu kontzientea indartu eta berresteko baliatu behar dugu”. Besteak beste, herrira bisitan, lanera edo bizitzera datozenei ongi etorria euskaraz eta euskaratik egiteko gonbidapena luzatu nahi zaie parte-hartzaileei. Gainera, herrian ahobiziak eta belarriprestak daudela erakusteak euskararekiko “interesa eta desira” piztu lezake.

Euskaldunon aniztasuna bistaratzea ere bada Euskaraldiarekin ematen den pauso bat: “Euskararen erabilera ez da soilik hiruzpalau militanteren aldarria, herritar ugariren eguneroko tresna komunikatibo nagusia baizik”. Herriko denda, erakunde eta elkarteetan sortuko diren ariguneek bistaratuko dute hori. Horretarako banatuko zaizkie baliabideak, “euskararen presentzia ikusarazi eta hautu kontzientea agerrarazteko”.

Euskara ezpainetan mugiarazteko ahalegina da egingo dena. Eta joera batzuez hausnartu eta ohiturak aldatzea izango da egitekoetako bat: “Arnasguneetan badago joera gertukoekin euskalkian aritu eta kanpotik etorritakoei erdaraz mintzatzekoa, batua artifizialtzat hartuz edo. Inpresio hori desegiteko aprobetxatu behar dugu Euskaraldia, euskara onena erabiltzen dena baita”.

Finean, Euskaraldia aukera bat da. “Erabili dezagun Euskal Herri mailako dinamika eraldatzaile hau gure etxe eta auzoetan darabilgun ohiko mintza-jardunari eutsi, erabilera tinkotu, eta euskararen aldeko hautua gure herrietako mugetatik harago hedatzeko”.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!