Arian-arian finkatzen dira ekimenak, edizioz edizio eta errepikatzearen poderioz, pausoak progresiboki indartuz eta neurriko ekarpenak eginez, aldiko. Lehen urratsak ematen ari den umetxoa da Euskaraldia, artean bigarren urtea ere bete ez duena. Munduratu berria izanik, asko du ikasteko. Asko du pro- batzeko, ontzeko eta zuzentzeko, baina era berean, baita ezin eskuzabalago emateko ere, baldin eta bere eginkizunari tinko eusten badio; baldin eta, hizkuntza-ohiturak modu kolektiboan aldatu nahi horretan, tokian tokiko testuinguruan txertatzen asmatuko badu, Euskal Herriko bazter eta arlo guztietara hedatzeko sortu zenez.
Helburuak eta oinarriek bere horretan darraite bigarren edizio honetan: hiztunen arteko harremana erdigunera ekarririk, belarriprest eta ahobizi rolen praktikak errotu nahi dira, eta horrez gain, herri batzordeak indartu, lankidetza areagotu. Hasieran ezarritako ezaugarrien doitzeak, izatekotan, herritarrek hautatu behar dituzten bi rol horiei egin zaizkie. Edo hobeki esan, rolen gaineko pertzepzioari.
Uste zabalduenaren arabera, euskaraz ongi egiteko gauza denari automatikoki jarri izan baitzaio ahobizi txapa. Alabaina, ekimenak jasotzen duen bezala, kontua ez da “norberak zenbat dakien, egunerokoan zer egingo duen baizik”. Bestela esanda, gakoa jarrera da, portaera da, Euskaraldiak beteko dituen hamabost egunetan hartuko den konpromisoa, ez gaitasuna.
Denak belarriprest
Parte-hartzaile guztiak dira belarriprest ezinbestean. Hasteko eta behin, ulertzea ezinbesteko baldintza delako Euskaraldiak jokatu nahi lukeen partidan, eta gutxieneko langa ere badelako, edozein hizkuntza komunitatetan. Belarriprest horietarik batzuei, berriz, konpromiso markatuagoa hartuko dutelako, ariketari hedadura nabariagoa emango diotelako, ohiko hizkuntza jokaerak astindu, erosotasuna urratu, nagiak atera eta bideak zabalduko dituztelako, ahobizi izena hartuko dute. Ahobiziari ausart jokatzeko adorea estimatzen zaio, euskararen erabileraren optimizazioa bururaino eramateko erronka bereganatzen baitu, ariketak irauten duen tarte mugatuan: ulertzen dutenei uneoro egingo die euskaraz, eta modu berean zuzenduko dizkie lehen hitzak ezezagunei. Horrez gain, solaskideak euskaraz egiten ez dionean eutsi egin beharko dio, eta hitz egiteko gaitasun mugatua dutenekin pazientziaz jokatu, hizkera moldatu eta komunikazioa erraztu, erdarara lerratzeko joeraren aurrean amore eman gabe. Euskararen erabilera aurrera daraman motorra da ahobizia.
Euskararen konpasean, elkarrekin dantzan
Ahobizien eta belarripresten arteko interakzioa dantza baten antzean defini liteke. Ahobiziaren jokaera urratzailea da, pausoa eta mugimendua markatzen ditu. Belarriprestarena, berriz, jarraitzailea da, besteak daraman bideari segitzen dio. Elkarren beharra dute (bestela ez baitago dantzarik), eta elkar elikatzen dute.
Onurak argiak dira. Ahobiziek, beste ahobiziz eta belarriprestez inguraturik daudela, erraz eusten diote beren misioari. Egoerak ez die aparteko ahaleginik eskatzen. Badakite inguruan dauden guztiek ulertzen dutela. Bada- kite, haien jokaera eta grina ongi ikusita daudela, balioetsi egiten direla, zilegitasun osoa dutela. Belarriprestak, aho- biziekin harremanetan, kutsatu egiten dira, motibazioak maila bat gora egingo die, euskaraz egiteko premia naturalki ernatzen zaie. Definizioak bilatzen hasita, hizkuntza simetriarako joera esaten zaio horri, eta mekanismo sozio- afektibo unibertsala da: erosoago sentitzen omen gara hiztunok, hizkuntza berean hitz egiten dugunean.
Belarriprestari, hortaz, hizkuntz simetriara jotzeko grina sortzen dio jardunak. Batzuek besteek baino gehiago egingo dute euskaraz, mintzatzeko gaitasunaren arabera betiere, baina gehienek handitu egingo dute euskararen erabilera. Belarriprest askok, batik bat gaitasun handikoek, elkarrizketak euskaraz abiatzeko ekimena hartuko dute, eta ahobizi bailiran jokatuko dute, inork eskatu gabe. Halaxe jartzen da abian euskararen erabileraren zikloa. Jokamolde horrek denboran irautea da gakoa. Horri eusteak finkatzen du hizkuntza-ohitura berria.
Buruz burukoak bai, taldeak ere bai
2018ko Euskaraldiak norbanakoen arteko aurrez aurreko ahozko elkarrizketetan eragiteko gonbita luzatu zuen. Aurtengo edizioa bestelako elkarrizketetara eta harremanetara zabalduko da, eta euskaraz aritzeko aukera
ematen duten gune, egoera eta espazioak identifikatzera eramango ditu hiztunak, toki horietan ere, ohiturak aldatzeko hazia erein dezaten. Ezin baita albora utzi egunero ordu luzeak ematen direla espazio handiagoetan, esate baterako lantokietan, edota bestelako multzotan. Ariketa espazio kolektibora eramateko asmoa arigunea deituriko kontzeptuaz lagunduta dator.
Ariguneak, hortaz, euskaraz lasai aritzeko gune, espazio eta taldeak izango dira, eta aurrez identifikatzea, kide guztien adostasuna lortzea eta elkarrekin euskaraz jarduteko modua bilatzea eskatzen da, lehenik eta behin. Aurten bereziki, entitateen babespean sortutakoei jarriko zaie fokua. Kasu horietan, entitateak berak funtzio garrantzitsua izango du: euskaraz aritzeko aukera ematen duten gune horiek babestea, zilegitasuna ematea, akuilatzea, ikusgarri egitea. Era guztietako entitateei erreparatuko zaie. Alegia, administrazio publiko, merkataritza zentro, gizarte mugimendu antolatu, saltoki, kirol talde, enpresa nahiz elkarte orori.
Pandemiaren ondorioz aurtengo edizioa bitxia izanagatik ere, datozen urteei begira, euskarazko ariguneak sortzen, identifikatzen eta zabaltzen joatea da erronka.
Kultura soziolinguistiko berria
Honenbestez, kultura soziolinguistiko berria dakar Euskaraldiak. Praktika jakin batzuk ez ezik, pentsamolde lerro bat ere badu, zenbait mezu motzen bidez laburbil litekeena. Hasteko eta behin, hizkuntza-ohiturak aldatzea oso zaila dela dioen ustea desaktibatu behar da. Horren ordez, hizkuntza-ohiturak aldatzeko baldintza sozialak hartu behar dira ahotan. Bestalde, euskaraz egin nahi duenak ele biko elkarrizketei eusteko prest egon beharko du. Halaber, ulermen unibertsalaren beharra ezarri beharko litzateke lehentasuntzat eta ezezagunei lehen hitzak euskaraz egi- teak ohikoa izan beharko luke. Gainera, euskaldunek euskal- dun hartzaileei euskaraz egitea praktika arrunt bihurtu beharko litzateke. Azkenik, helduek dute haur eta gazteen eredu izatearen ardura, baita hizkun- tzari dagokionez ere. Norberak egiten ez duena ezin besteei eskatu.
Aipagarri, azkenik, aldibereko komunikazio modu guztiak direla aintzat hartzen direnak, eta horren baitan dago eremu digitaleko jarduna ere, bereziki Whatsapp, Skype, antzeko aplikazioek eta sare sozialek ahalbidetzen dutena.