Etxealdian egon beharrak ez du ikasketa prozesua eten. Ikasleek eta irakasleek euren etxeak prestatu dituzte horretarako, eta pantaila bidezko komunikazioarekin ikasturteak aurrera jarraitzen du.
Haur Hezkuntzatik hasi, eta lanbide heziketara, koronabirusak, hankaz gora jarri du guztia. Txikienekin ez da erraza, eta mailaz maila gora eginda, gero eta lan handiagoa eskatzen du irakasleentzat.
Olatz Landa Tolosaldea Lanbide Heziketa Institutuko ikasketa burua da, eta ikasleei erronkak planteatzen dizkiete, eta erronka horiek aurrera eramateko fase ezberdinak dauzkate. Bi fase garrantzitsu dituzte: formazioarena eta exekuzioarena. «Suertez, ziklo gehienak, momentu honetan formazio fasean zeuden», gaineratu du. Pare bat ziklo zeuden exekuzioan, eta egokitu egin behar izan dute egoerara. «Formazio fasean errazagoa da lana online bidez egin ahal izatea; azalpenak, ariketak eta nolabait, trebatze fase bat da», argitu du Zentzu honetan, hiru asteak eramateko modukoak izan zitezkeela ikusten zuten, nahiz eta ezberdina izan goi edo erdi mailako ikasleak izatea.
Ziklo bakoitzaren arabera antolatu dira. Batzuk, ordutegi dinamikarekin egin dute lan. «Ez dira izan klase guztiak momenturo konektatuta, baina bai, azalpenak eman, eta jarraian pare bat egunetarako lana izaten dute, eta gero berriz».
«Azalpen orokorrak ematen baino gehiago saiatu gara bideo tutorial motzak egiten. Oso gauza konkretuarena dena, eta bideo horrekin eskatu zaizkie ariketa horiek egin ahal izateko». Moodle plataforma hartu dute oinarri moduan ikastetxean, eta foroak sortu dituzte zalantzak bertatik argitu ahal izateko. Argibide gehiago behar izanez gero ikasleren batek, bideo konferentziak egiten dituzte. Baina, irakasle batzuk, bideo konferentziak ere erabili dituztela kontatu du, azalpenak guztiek batera entzuteaz gain, zalantzak denen artean argitzeko. «Guretzat ere zerbait berria da, eta trebatze prozesu bat izan da». «Gustura» daude: «Ikasleek egoera honetan ere erantzun dute, eta egokitu dira».
Dena birtualki egiten honetan, ikasle guztien baliabideak hartu behar dira kontuan. Oinarri moduan, ordea, guztiek mugikorra dutela hartu dute: «Behintzat konektatu daitezke ikastetxeko moodlera, eta aukera asko eman zaizkie», kontatu du Landak. Goi mailakoek programa bereziagoak erabiltzen dituzte, eta etxean instalatu ezin izan dituztenei «bai eraman zaizkie ikastetxeko ordenagailu eramangarriak lanak egin ahal izateko». Hamahiru bat izan dira.
Telelan esperientziaren gainean, «sentsazioa daukat irakasleok momentu guztian ordenagailuaren aurrean gaudela. 24 orduz gaude ikasle horiei erantzun bat emateko prest. Guk ere oreka topatu beharko diogu kontu honi, zeren 24 orduz ezin da gainean egon», dio. Bi-hiru asteko kontua izango zena luzera doala dio Landak: «Ziurrenik ikasturtea modu honetara bukatu beharko dugu, eta bai guregatik eta baita ikasleengatik ere, gauzak beste modu batera planteatu beharko ditugu».
INTERNET KONEXIOA
Amasa-Villabonako Udalak, ikastetxeekin elkarlanean, haur eta gazte guztien hezkuntza eskubidea bermatzea du helburu, eta 17 ikasleek jasoko dute interneterako sarbidea ikastetxeetako ateak ireki bitartean.